Paco san miguel

"Buztina ukitu nuenean konturatu nintzen bizitza bide artistikotik egin behar nuela"

Jon Hidalgo Gereñu. Argazkiak: Ekaitz Anda

Paco San Miguel gusturago dago etxeko tailerrean lanean, artearen foku mediatikoetan baino. Egileor ibaiak zilborreste lana egiten du, zuhaitzez osatutako lerro bat jaisten du menditik artistaren etxeraino. Era berean, eskultorea kanal bat sentitzen da, barruan daukagun informazioa lengoaia artistikoaren bidez transmititzeko.

Egileor herriaren kanpoaldean, izen bereko errekatik gora, bada leku magiko xamar bat, artea, natura eta mistika puntu bat ere uztartzen dituena. Lezaoko Isinohana deitzen da etxea, eta bertan bizi da Paco San Miguel (Gasteiz, 1954) eskultorea, bizitzan zehar osatzen joan den obraren zati esanguratsu batez inguratuta. 40 urte daramatza han, tailerra ere bertan dauka, eta han sortu du bere lengoaia artistiko propioa, abstrakzio geometrikoa oinarri. Ofizioaz, bere ibilbideaz eta patxadaren beharraz aritu gara hizketan, Isinohanako inguruetatik paseatu bitartean.

Nola sartu zinen eskulturaren munduan?

Behin eskola amaituta, nire buruari galdetu nion, ni zertarako nago hemen? Banuen zerbait barruan, forma eman behar niona, baina ez nekien zer zen. Valladolidera joan nintzen, erizaintza ikasi nuen, zinema asko ikusi, eta behin, zeramikari batekin buztina ukitu nuenean, konturatu nintzen hori zela. Hor jakin nuen nire bizitza bide artistikotik egin behar nuela. Hortik aurrerakoa izan da lokartua zegoen hizkuntza bat berreskuratzea. Uste dut ume guztiak jaiotzen garela artista, ikustea besterik ez dago haurrek duten sormenerako gaitasuna. Lokartzen joaten da hori, ez garelako gai jaiotzatik ditugun balore horiek estimulatzeko.

Ibilbide luzea egin duzu hasiera horretatik.

Bai, bilaketa prozesu bat izan da. Zerbait zabaldu zen nire barruan buztinaren bidez artearekin konektatu nuenean, eta gero izaera kritikoa sortzea, norabide bat hartzea izan da. Arte Ederretatik ihes egin eta Ofizioak ikasi nituen Arte eta Lanbide Eskolan, gero hori txiki gelditu zitzaidan eta Italiara joan nintzen, Carraran, mundu mailako eskultura zentro batera. Itzuli eta Jaurlaritzak emandako beka batekin urtebetez joan nintzen Italiara berriz, trabertino harrobi batetara Sienako probintzian. Eskultore zahar batekin bizi izan nintzen han, eta hala joan nintzen trebatzen.

"Bizi ditugun garai azkar hauetan gelditu beharra dago, begiratu, gauzei bere denbora eman; prozesuaren balioa berreskuratu"

Nolakoak izan ziren hastapenak Araban?

84an itzuli eta Arte eta Lanbide Eskolako eskultoreei proposatu nien lehen eskultura tailerrak egitea kalean. Lortu genuen egitea, erakusketa batzuk egin genituen Aihotz plazan, eta gerora utzi ziguten lehen obra publikoa egiten, ordainduta. %2aren kontuarekin eskultoreek aukerak genituen eskultura publikoa egiteko, eta horretaz bizitzeko. Urte oso emankorrak izan ziren 80ko hamarkadan, distira eta mugimendu artistiko handikoak.

Ezberdina da orain?

Beno, egoera ezberdin da. Nik nire bidea jarraitu dut, eta ez dakit orain egiten dudanak interes askorik duen, badaudelako bitarteko berriak, ezberdinak, oso interesgarriak hauek ere. Baina beno, niretzako interesa izaten jarraitzen du eta nik jarraitzen dut, gogoa dudalako egunero tailerrera joan eta ideiak garatzeko.

Obra bakoitzaren berezitasunez aparte, zer transmititu nahi izan duzu?

Ba nahiko misteriotsua da, apur bat magikoa. Ni kanal moduko bat sentitzen naiz. Uste dut informazioa dudala barruan, denok dugula jada barruan, eta hori ateratzen saiatzen naiz. Asko interesatzen zait hori, zer dagoen jakintza unibertsal horretan eta nola atera. Horretarako lengoaia moduko bat sortu dut, eta hor mugitzen naiz, abstrakzio geometrikoaren barruan, ez dut ezer zehatzegia ere egin nahi. Gero norberak interpretatzeko gelditzen da obra. Ez da ulertu behar, sentitze kontua da. Abstrakzioa da, eta beti aurkitzen dira gauza berriak; eguzkiak nondik ematen dion modu ezberdinetan erakusten dizu eskultura.

Nolakoa da sorkuntza prozesua? Zerbait sumatzen duzunetik artelan bilakatzera.

Uste dut artea isiltasunetik sortzen dela. Tailerra oso leku inspiratzailea da, ni bertan esertzen naiz eta sormenari bide ematen diot, ideiak garatzen noa buztinean. Maketak egiten ditut eta hemen bertan egosten ditut labean 1.200 gradura. Behin maketa amaituta, eskalan egiten dut pieza handia. Nik egiten dut prozesu guztia. Eskultore askok proiektua egiten dute eta gero fabrika batera edo joan behar dute egin diezaieten, nire kasuan ez, nik zizelkatzen ditut obra handiak ere.

Garrantzitsua iruditzen zaizu prozesu osoa egitea?

Bai, oso interesgarria da. Harria ezagutzen duzu, eta sormen asko bota behar diozu batzuetan. Pieza batzuek asko pisatzen dute, bost tona agian, eta ezin dituzu erraz mugitu. Diseinatu egin behar da nola mugituko duzun pieza, nola landu, pisua kentzen joan… interes asko du niretzat, baina gustatu behar zaizu lantzea, ofizioa ezagutzea.

"Agian jendeak beste zentzu bat emango dio lanari, nik aurreikusia ez nuena, baina zentzu hori ere bazegoen hor, obraren barruan"

Bideragarria da eskultore ofizioa? Aipatu duzu 2008aren ostean aldaketa handia eman zela.

Bai, krisiarekin asko aldatu zen. Eskuahaldunak elkarteko kidea naiz ni, eta Euskadi osoan egiten ditugu erakusketak. Baina laguntza gutxi daude, aitortza gutxi; ez dakit, diru publikoa beste kontu batzuetara joaten da. Guk urte pila bat daramagu talde bezala, eta hala ere oso zaila da. Oso ahaztuak gaude artistak, hala uste dut. Niri asko lagundu zidaten jaso nituen diru laguntzek, eta uste dut oso garrantzitsua dela. Sortzaileei, eta etorkizuneko sortzaileei aukerak eman behar zaizkie, zaindu egin behar dira. Frantzian asko zaintzen dituzte artistak, hemen ez, oso zaila da kotizatzea; kontatuko banizu ze pentsio jasotzen dudan nik… Hala ere ez naiz kexatzen, ni ausarta izan naiz, aurrera egin dut eta lortu dut nire ametsa egia bihurtzea.

Zer moduz bizirauten dute halako adierazpen artistikoek garai azkar hauetan? Badago kontenplaziorako denborarik?

Uste dut lan egiteko modu hau, begiratzea, sortzea, eboluzionatzea oso interesgarria dela. Beharrezkoa da eskuekin lanean jarraitzea, sormen lanak egiten jarraitzea; gelditzea. Gelditu beharra dago, begiratu, gauzei denbora eman. Gaur egun gizarte oso azkar batean bizi gara, bereziki azkarra, eta uste dut berreskuratu behar dela prozesuaren balioa, zenbat kostatzen den gauzak egitea. Jende gazteari ondo etorriko litzaioke eskuekin lan egitea, buztina hartzea.

Esan duzu sortze prozesua isiltasunetik abiatzen dela.

Bai, hala sentitzen dut. Meditazio moduko bat da. Ni askotan gelditzen naiz, inguruari erreparatzen diot eta aberasten joaten naiz, deskubritzen. Gelditu egin behar dugu interesa sortzeko, inspirazioa lortzeko.

Zer alde dago artelan batean zuk sartutakoa eta jendeak ateratzen duenaren artean? Kezkatzen zaitu horrek?

Ez nau kezkatzen. Artelanak ni emozionatu behar nau, niri gustatu behar zait. Pieza hau, mugimendu hau niri interesatzen zait, ba hori da garrantzitsuena, eta hori da nik gizarteari egiten diodan ekarpena. Gero zer gertatuko den obra horrekin, jada ez da nire kontua. Agian jendeak beste zentzu bat emango dio lanari, nik aurreikusia ez nuena, baina zentzu hori ere bazegoen hor, obraren barruan. Batzuei ez die ezer esango, eta beste batzuei bai; niri hori gustatzen zait, gero hitz egin ahal izatea, horrek ere laguntzen dit niri. Azken finean nik ere ez dakit oso ondo zer ari naizen egiten.

Ez zaizu amaitzen sortzeko bulkada?

Ez. Sormenean aritzen garenok daukagun alde ona da etapa bakoitzak bere interesa duela, beraz energiarik ez duzun arte, azken egun horretara arte sortzen jarraitzen duzu. Hutsune handi bat izan nuen etxea amaitu nuenean, sekulako astindua eman nuelako eraikitzen. Baina Mexikora bidaia egin nuen eta han energiaz bete nintzen, kultura prehispanikoen geometria guztiekin, eta jarraitzeko indarra eman zidan.

Etxea eta ingurua artelanez betea dago, nola deskribatzen duzu zuk espazio hau?

Etxea Isinohana deitzen da, izen japoniarra. Harrizko lorea esan nahi du, edo harrian zuloa ere bai, japoniar batek esan zidanez. Lezaoko Isinohana da hau. Asko gustatzen zait kultura japoniarra, haien arkitektura, nola egiten dituzten gauza hain soilak, sinpleak, eta ederrak. Etxea bera ere bada artelan bat, urtetako proiektu pertsonala izan da. Beste dimentsio bateko eskultura bat da, barruan bizitzekoa.

Jendea gonbidatzen duzue tokia ikustera?

Bai. Joan den urtean 400 bat pertsona etorri dira, Panta Rhei taldekoekin egindako saio artistikoetan. Bisita gidatuak ere egiten ditugu, Agurainen dauden obrak ikustera ere joaten gara, Arte eta Lanbide Eskolatik etortzen da jendea, eskultura ikasleak, Bizanetatik ere etortzen dira, ikastolako haurrekin ere egin genuen proiektu bat… halako asko izan dira. Dantza ikastaroak ere egiten ditugu, anfiteatro eder bat dugu horretarako. Gustuko dut interesa duen jendeari erakustea. Etxea zabalik dago, nahi duzuenean etorri, oraindik ez naiz nekatu erakusteaz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago