Garaion Sorgingunea: sormena, natura eta ondarea ehuntzen dituen aterpe bizia

Ruben Sanchez

Hemezortzi urte bete ditu Barrundiako Garaion egitasmoak. RUBEN SANCHEZ

Lau emakumeren gidaritzapean eta 'txifling way' filosofiaz eraikitako egitasmoak artista egonaldiak, zume-saskigintzaren transmisioa, agroekologia zein udalekuak uztartzen ditu Barrundian. Auzolanaren bidez komunitate sarea eraikitzen jarraitzen dute, finantza ziurgabetasunari aurre eginez eta euskaratik abiatuta.

Garaion Sorgingunera sartzean, denborak beste kadentzia bat hartzen du. Zume biziz sortutako formek bertan barneratu eta jolaserako gogoa pizten dute. Etxe ingurua naturaren zikloekin bat eraldatzen da, eta euskara entzuten da urtean zehar izaten duten hamaika ekimenetan: udalekuak, artista egonaldiak, ikastaroak...

Lau emakume ari dira proiektua bultzatzen: Miren Beitia Arriola, Alazne Goñi Muriel, Amaia Gabilondo Jauregi eta Julia Lopez Fernandez. Lehen hirurekin elkartu gara, zumezko pergolaren azpian, kafetxo bat lagun eta txifling way bukatu dugu elkarrizketa. "Txifling way?" nik. "Bai, txistuka bizi-edo".

Hemezortzi urte joan dira 2008an Garaion sortu zenetik. Espazioa Erkop kooperatibarena da, eta Arrasate Euskaldundu Dezagun (AED) eta Txatxilipurdi elkarteek erabiltzen zuten lehendik. Gabilondoren ustez, euskalgintzan gauza asko esaten ziren: "normalizazioa", "salbatu", "erabilera"... Nekatuta zegoen gurpil zoroari jiraka ibiltzeaz, eta beharra sentitu zuen esatetik egitera, izatera, igarotzekoa. Orduan, arkitekto baten eta pedagogo baten laguntzaz Gabilondo hasi zen egitasmoaren definizioa garatzen. Espazioa egokitu, eta enplegu-tailer bat sortu zuten "sormenaren eta naturaren dinamizatzaile", beren-beregi egitasmoarekin bat egiteko asmaturik. Hamalau lagunek hartu zuten parte, Beitiak, besteak beste, eta denen artean forma eman zioten.

"Apple-k sagar hozkatu bat du marka-irudi" dio Gabilondok, eta azaldu du Garaion hiru sagar hazitatik ernamuindu den zuhaitza dela. Sormena, artistei sortzeko aukerak emanez; natura, inguruarekin bat eginez; eta ondarea, non biltzen dituzten euskara, ogibide zaharrak, nekazaritza (agroekologia)...

Oraina

Beitiak azaldu du udan hainbat udaleku izaten dituztela: Otxandio, Zarautz, Arrasate, Azpeitia, Iruñea, Barrundia edota Gasteizkoak. Garaionek espazioa jartzen du: sukaldea, janaria, zaintza. Gaur egun, egitasmoa finantzatzeko iturrietako bat da. "Udalekuetako sektorea oso prekarizatua dago, bere duintasuna kendua. Hogeita lau ordu ematen dute begiraleek, maiz, boluntario", salatu du Gabilondok. Horregatik utzi zioten eurek antolatzeari, eta espazioa eskaintzera mugatu.

Jorratzen ari diren beste ekimen bat Goñik azaldu digu: saskigintza ikastaroak. Garaionek harreman estua du zumearekin. Euren saskigintza maisuak Joan Farre eta Carlos Fortales izan ziren. Alabaina, Beitiak erantsi duenez: "Euskal Herrian ere izan dira saski egileak, herri batzuetan oso garrantzi ekonomiko handia izan zuen, esaterako, Agurainen bertan lantegi handi bat zegoen. Plastikoa agertu zenean, 1950 inguruan, sektore ekonomiko hura desagertu zen. Ezagutza, ordea, hainbat familiatan geratu eta transmititu zen". Azken ikastaroa, adibidez, Okarizeko Rosa Diaz de Garaiok eman du. Diaz de Garaiok umetan jaso zuen saskigintza etxeko zaharragoengandik, eta heldutan nekazaritza agroekologikoan eta saskigile ibili zen. Gaur egun, gorputzez ezinean badabil ere, duela lau urte Garaioneko emakumeekin hasitako harremanari esker bere lanbidea transmititu ahal izan du. Ez bakarrik ikastaroen bidez; berak zituen lan tresna guztiak Garaionekoei utzi dizkie, eta bideo-elkarrizketa bidez bere kultur ondarearen lekukotza ere jaso dute. Lekukotza eta transmisioa euskaraz, bidenabar, Diaz de Garaio euskaldundu baitzen.

"Nazioartean aitortza jaso badugu ere, hemengo instituzioei asko kostatzen zaie horretaz ohartzea"

Amaia Gabilondo

Bestalde, baratzean are aritzen dira. Nekazaritza agro-ekologikoa etxerako bakarrik egiten dute gaur egun. Pixka bat etsita aitortu dute hamar bat urtez ikastaroak ematen eta hori bultzatzen ibili zirela, "baina jendeak ez dio duen balioa ematen, ekoizpen osoaren %3-3,5 besterik ez da, gehienek ez dute nahi pixka bat gehiago ordaindu produktu agroekologiko batengatik". Horrez gain, ikastaroa 40 bat laguni eman bazieten ere, haietarik bi bakarrik daude instalatuta. "Gazte batzuek interesa zuten, baina oso zaila da lurrik edo makinaria pixka bat ez baduzu".

Hasieratik ibili ziren engaiatuta ekonomatoarekin. Duela hamabost urte hasi ziren, abuztu batean Garaionen iluntze batean merienda-afari bilduta, Arantza Arrienekin batera. Lehen hilabeterako fidantzan eskatu zizkieten produktuak ekoizleei, gehienek ondo hartu, eta eman egin zituzten produktuak. Lehen hilabetea joan zen, eta ordaindu ahal izan zieten, eta berriz ere eman zizkieten produktuak hurrengo hilabeterako. Gaur arte. "Gainera, kristoren harremana egin genuen herriko andre zahar batzuekin", dio Gabilondok. Gure amonak deitzen diete. Amona horiek zabaldu zizkieten Barrundiako ate asko, eta baten batek Garaionekoen gainean gaizki jardunez gero "Utzi bakean Otazako neskak!" esaten diete. "Badakizu, lau emakume gara, euskaldunak...", erantsi du Gabilondok. "Hasieran esaten ziguten erdaraz ere gauzak egiteko, eta horrekin ere harreman polita izan dugu, elkar zaindu dugu, bilobak ekarri dituzte udalekuetara, meriendak egin...".

Urtean 30 ikuskizun baino gehiago eskaintzen dituzte. GARAION

Garaionen martxak ez du diru laguntzen egutegiarekin bat egiten, eta zaila egiten zaie proiektuak bultzatzeari uztea diru laguntza noiz jasoko zain. Urtero berrogei bat egitasmo eta 120 bat artista hartzen dituzte: proiektua zerotik hasi eta behar duten denboran, egonaldi artistikoen bidez.

Bestalde, eurek ikastaroak-eta eskaini dituztenean, buruhauste handiak ekarri dizkie. Hirurak bat datoz: "Errazagoa zaigu doan eskaintzea, prezio bat jartzea baino. Gainera ondarearen transmisioa doakoa izan behar da, edonoren eskura egon behar da. Horrek behartzen gaitu eskaintzen dugunarentzat etengabe finantzaketa-bideak topatzera, eta, aldi berean, gutako bakoitzaren eta proiektuaren beraren ziurgabetasun ekonomiko batean bizitzera kondenatzen. Eta guk beste nonbait formakuntza ikastaro bat jasotzearren ordaintzen ditugu 300 euro".

Araba, sorguneen gune

Gabilondoren esanean, Araba da sorguneentzako erreferentzia; Azala, Baratza, Faktoria, Doipa, Inopia, IAK eta Garaion elkarrekin bultzatzen ari dira Laba prozesua, elkarlana eta babesa bultzatu aldera: "Izan ere, sektorearen aitortza dugun arren, eta nazioartean ere aitortza jaso badugu ere, hemengo instituzioei asko kostatzen zaie horretaz ohartzea". Garaionen 30 ikuskizun baino gehiago eskaintzen dira urtean. "Ane Gebarak, esaterako, Leioako Umore Azokan euskarazko kale ikuskizun onenaren saria irabazi baino lehen, hemen lan egin zuen eta hiru emanaldi eskaini".

"Gutxitan ordain dezakegu katxet osoa. Gehienetan, work in progress, probak... izaten dira, saiatzen gara artisten beharretara moldatzen eta programatzen".

"Garaionek dauka bere plaza, bere antzoki berezia, non ikusleek lan bat nola sentitu duten kontatzen duten"

Alazne Goñi

Beitia eta Goñi oso sartuta daude zumegintzan: "Zume biziarekin eta lehorrarekin gero eta gauza gehiago egiten ditugu, eta gainera kulturartekotasuna lantzeko laguntza bat jaso genuen. Dagoeneko bi ikastaro egin ditugu Lautadako emakumeekin, eta bukaeran horma-irudi bat osatu nahi dugu saski-ipurdiekin", kontatu du Goñik. Tokiko emakumeak eta beste lurralde batzuetatik etorritakoak batzen dituzte: "Leku guztietan ehundu dute material naturala, eta saskiak, otarrak eta abar egin; ehuntzen hasten garenean ez dugu begiratzen nola janzten garen bakoitza" dio Beitiak. "Agurainen bi eskultura handi ezarri zituzten, baita Azpeitian ere. Oso onak dira!", esan du gazteagoei begira Gabilondok. Zumegintzarekin batera gizartea bera ehuntzea da helburua.

Etorkizuna

"Nik Garaion den moduan maite dut, eta horrela izaten jarraitzea nahiko nuke", esan du Goñik. Beitiak ere bide beretik erantzun du: "Garaionek bere plaza dauka, bere antzoki berezia, non ikusleek lan bat nola sentitu duten kontatzen duten. Hasieran neuri ere kostatzen zitzaidan esatea 'hau ez dut ulertu, edo zati hau ez dut ondo ikusten'; gero eta gehiago parte hartzen du jendeak. Bide beretik ikusten dute bioeraikuntzako eskola izatea, topalekua, gaztetxoak harremanak bestela gauzatzeko udalekuak eskaintzea, artistentzat etxe bat izatea...

Parte hartzea eta auzolana beti izan da haien bidea, azpimarratu dutenez, milaka esku eta milaka buru igaro baita handik, eta harremanak beste era batera egiten saiatu. "Taberna jarri genezake eta diruz hobeto ibili, baina orduan tabernariak izango ginateke; hobe da denak nahastuta. Denborarekin, orduan hasten da bata besteari galdetzen 'nongoa zara?' eta... Txifling way", dio Gabilondok barrez, "Bila ezazu bidea, mari Pili!".

Eta, bat-batean, amaitu da. Always look on the bright side of life txistukatzen bukatu da elkarrizketa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago