55 urteko gizon bat hil da Durruman lan istripu batean

Jon Hidalgo 2026ko martxoaren 28a

Donemilliagako etxalde batean izan da ezbeharra. Argazkia: ALEA

Hiru langile hil dira aste honetan Araban, lan istripuen ondorioz.

55 urteko langile bat hil zen ostiral iluntzean Arabako Durruma herrian, etxalde batean izandako lan istripuan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ezbeharra 18:30 inguruan gertatu zen, eta bertatik jasotako abisuaren ondoren baieztatu zuten langilea zendu zela. Osalan Durrumako istripuaren nondik norakoak ikertzen ari da, gertatutako ezbeharraren arrazoiak argitzeko.

Lan istripu ugariko astea izan da hau. Izan ere, lau behargin hil dira Euskal Herrian egun gutxian, lanean ari zirela izandako istripuen ondorioz, horietako hiru Araban. Durrumako atzoko heriotzaz gain, asteon beste bi garraiolari hil dira Araban: 41 urteko bat Legution, Olatek enpresan zerrauts karga bat gainera erorita; eta 58 urteko beste bat Gasteizen. Horiez gain, 52 urteko langile bat hil zen atzo bertan Valtierran (Nafarroa), abeltzaintzako hondakinak tratatzen dituen enpresa batean, pala kargatzaile batek kolpatuta.

LAB sindikatuaren arabera, aurten hamasei langile hil dira dagoeneko lan istripuetan; ELAren zenbaketaren arabera, berriz, hamabi. Azken sindikatu horrek ohartarazi du lan baldintza prekarioek arriskuak areagotzen dituztela, bai istripuei dagokienez, bai laneko gaixotasunei dagokienez. "Faktore nagusien artean daude lan erritmo biziegiak, prebentzio prestakuntza eskasa eta baliabide urritasuna. Horri gehitzen zaio kontrol instituzional eskasa eta araudia ez betetzea", adierazi dute. ELAk gogorarazi du istripuak saihestu daitezkeela prebentzio neurri egokiak hartuz, eta enpresei zein instituzioei erantzukizunak bere gain hartzeko eskatu die.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago