Langile bat hil da astearte arratsaldean Legutioko Goiaingo industrialdean izandako lan istripu batean. Bertako enpresa batean zerrautsa kargatzen ari zela gertatu da istripua. Une honetan, Ertzaintza eta Osalan zer gertatu den eta ezbeharra zerk eragin duen ikertzen ari dira.
Lan istripua 20:00etan jazo da eta berehala joan dira bertara Gasteizko eta Langraiz Okako suhiltzaileak, Ertzaintza eta anbulantziak, horien artean ZIU mugikor bat. Baina ezin izan dute ezer egin. Gizona berehala hil da istripua izan duen leku berean.
Lanuztea Olatek enpresan
LAB sindikatuak ohar bidez argitu duenez 41 urteko gizona garraiolaria da eta Legutioko Olatek enpresan (Egoin taldekoa) zamatze lanetan ari zen.
Olatek enpresako langileek 24 orduko lanuztea egin dute eta kontzentrazioa lantokiaren atarian. LABek salatu du berriro ere prebentzioak huts egin duela.
LABen arabera zamatze lanen inguruko neurri prebentiboak ez dira hartzen lantoki gehienetan, "nahiz eta legeak 1997tik derrigorrezkotzat jo". Zamatze lanen prozedurek -sindikatuak azaldu duenez-, azpikontratatutako garraiolariaren urrats guztiak arautzeaz gain, enpresako langileenak ere jasotzen dituzte. "Esan gabe doa koordinazio horretan azpikontratatutako garraiolariaren segurtasun bermeak kontratatzailearen ardura direla".
Halere, sindikatuaren arabera, enpresek "inpunitate osoz jokatzen dute lan osasuneko araudia urratuz, jakin badakitelako ez Osalanek, ez Ikuskaritzak, ez Lan Agintaritzak ez dituztela benetako neurri zigortzaileak hartuko".
Beste garraiolari bat hilik Gasteizen
Bestalde, Goiainen hildako lagunaz gainera, LAB sindikatuak jakinarazi du BARCO MOTOR S.A. enpresako 58 urteko garraiolaria ere istripu ez traumatiko baten ondorioz hil dela. Istripua hilaren 19an gertatu zen, langilea bere kamioian zegoela, baina atzo hil zen behargina.
LABen arabera, aurten jada 14 langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian.