Bidaiariei eta garraiolariei hamarkada luzez ostatu eman zion Venta del Patiok erabateko eraldaketa izan du azken urteetan Barrundiako Udalaren eskutik. Iazko ekainean inauguratu zuten espazio zaharberritua. Gaurko Patioko Benta jatetxe-pizzeria, tokiko ekoizleen elkargunea eta inguruko bizilagunen eta bisitarien topagunea izatera igarotzen ari da pixkanaka. Epe laburrean, gainera, jatetxearen ondoan dagoen nekazaritza biltegiaren obrak amaitzen dituztenean, kultur jarduerak programatu ahal izango dituzte Mendixurreko benta zaharrean: kontzertzuak, antzezlanak, erakusketak…. "Bidegurutze batean gaude, eta hori aprobetxatu behar dugu", esan du Jon Laskibar Patioko Bentako ostalariak.
Joan den mendeko berrogeiko hamarkadaren amaiera arte gobernatu zuen Mendixurreko Uriarte familiak Venta del Patio, Madril eta Irun lotzen zuen nazional zaharraren albo batean, baina 1984an, sute baten ondoren, eraitsi egin zuten eta nekazaritza biltegi bat eraiki zuten haren ordez. Igor Medina Barrundiako alkateak azaldu duenez, udalerrian edozein ekitaldi antolatzeko espazio falta handia zegoela eta, udala alternatiba bila ari zen garaian suertatu zen benta zaharra erosteko aukera. 2018an izan zen hori.
Orubea eta eraikinak erosteko Arabako Foru Aldundiaren diru laguntza jaso zuen Barrundiako Udalak. Hasieratik ohartu ziren baserria erortzeko arriskuan zegoela, eta eraberritu beharrean eraitsi eta zerotik hasi behar zutela. "Hori egiten zen bitartean, lantaldean hasi ginen pentsatzen zer egin espazioarekin. Suertatu ziren ideia desberdinak: autokarabana parkina, kafetegi bat…". Proiektua ontzeko momentuan ere zinegotziek kontuan izan zuten Gasteiztik hamar bat kilometrora dagoela Patioko Benta, Barrundiako bailararen sarrera dela, Garaio inguruan dagoela, Mendixurko parke ornitologikoaren alboan, "eta oso toki aproposa dela jende andana pasatzen delako errepide horretatik".
Tokiko ekoizleen indarra
Espazioaren "arima" bilatzeko orduan bi ardatz gailendu ziren azkenean. Alde batetik, ostalaritza proiektua, eta, bestetik, Barrundiako eta Lautadako ekoizleen sarea indartzeko eta laguntzeko asmoa. "Ikusi genuen sinergia bat sortu zitekeela ostalaritza eta bertako produktoreen artean. Barrundiako ekonomatoa martxan jarri zuten aspaldi, eta bertako produktoreak eta ekoizleak urteetan zehar sare indartsua osatzen joan dira, bazkide pila bat dituzte, eta oso ondo funtzionatzen du. Orduan, lehentasuna izan da bertako ekoizleak izan dezatela hemen salmenta puntu bat, denda moduko bat", azaldu du alkateak.
Tokiko merkataritzaren digitalizazioarekin lotutako diru laguntza inportante bat jaso zuen Barrundiako Udalak, eta horri esker eraikin guztian wifia sartzeko aukera izan dute, eta Barrundiako eta Lautadako ekoizleen market place bat ere sortu dute. "Webgune bat sortu dugu, eta hor Lautadako eta Barrundiako ekoizle asko daude. Online egin dezakezu erosketa, QR bat emango dizute, eta QR horrekin erosketa hemengo armairuetan jaso dezakezu".
Ekoizleek beren produktuen eta jardueraren inguruko erakusketak eta dastaketak egitea ahalbidetzeko show room-a ere egokitu dute sarreran, tabernaren espazioan. "Gure asmoa da hemengo ekoizleei eskaparate bat ematea, batez ere kanpotik datorren jendearentzat, jendeak baloratu dezala bertako ekoizleek egiten duten lana", azaldu du Medinak.
Atsegina da Patioko Benta, argitsua, informala, beirate handiak ditu, eta egurra eta hormigoiaren nahasketarekin egindako egitura handia bistan dauka. Sarreran espazio zabala dago, taberna, denda txiki bat eta ekoizleen armairuak. Izkina batean baita turismo bulego txiki bat ere, Barrundiako ingurune naturalaren informazioa paratu eta bisitariei harrera egiteko.
Pizzak, Barrundiako ukituarekin
Barraren atzean dago La Benta jatetxeko protagonista nagusia, labea; sarreratik ikus daiteke. Erraldoia da, biribila eta kobre kolorekoa, distiratsua. Italiatik ekarri zuten. "Egurrarekin eta gasarekin ibiltzen da. Zerbait oso erabilgarria nahi genuen, eta hor pizzak egin daitezke, edo beste momentu batean, nahi izanez gero, bestelako gauzak, arkume erreak edo dena delakoak".
Labearen agintaria Jon Laskibar sukaldaria da. Bizitza osoa darama Laskibarrek su artean lanean, eta hasieratik egon da benta zaharraren proiektuan nahastuta. "Enteratu nintzenean proiektua nolakoa izango zen, berehala animatu nintzen; ez bakarrik ostalaritza proiektu bat, alde kulturala eta soziala izango zituela baizik. Hasieratik hemen inguruko produktuen karta egitea izan da asmoa, maila kulturalean Barrundiako biztanleei zerbait eskaintzea, eta kanpotik etortzen direnei ere Arabako zatitxo hau ezagutaraztea".
La Benta jatetxe-pizzeria da, baina inguruko produktuek eta osagai bereziek ematen dioten ukituarekin: fior di latte gazta, etxeko humusa, guancialea piper berdearekin, salame pikantea, odolki errea, Errioxako alegria saltsa… Laskibarrek dioen bezala, "pizza denoi gustatzen zaigu. Ogia gustatzen baldin bazaizu, pizza gustatuko zaizu". Azken hilabete hauetan, gainera, gazte jendea eta familiak erakartzeaz gainera, inguruko adineko nekazariak hurbiltzea lortzen ari da Laskibar. "Jende nagusiak hasieran errezeloa zuen gauza moderno hauekin, baina probatu dute eta orain jada eguneroko bezeroak dira". Pizzekin batera bestelako platerak ere egiten dituzte La Bentan sasoiaren arabera: entsaladak, ramen zopa…
Hasierak beti dira konplikatuak, eta hala izan da ere Laskibarren negozioan. Ekainetik jatetxea eta taberna antolatu behar izan ditu, ordutegiak doitu eta bezeroak jaso. "Bisita pila bat jasotzen ari gara, eta hori oso konplikatua da ondo kudeatzea. Ordu batzuetan beteta gaude eta beste batzuetan hutsik. Hori guztia prestatzeko hilabeteak behar izan ditugu, baina orain jada beldurra kendu dugu". Lehen astean ehunetik gora pizza egin zituzten, berrehundik gora bigarren astean eta hirurehundik gora hirugarren astean. "Hortik aurrera utzi nion kontatzeari" barre egin du Laskibarrek.
Biltegian eta plazan, kultura
Aurtengo asmoa bentaren ondoan dagoen biltegi handiaren obrak amaitzea da, intsonorizazioa batez ere, eta espazio hori udalerriko ekimen kulturalak eta sozialak sustatzeko erabiltzen hastea. "Lehen urtean biltegia berritu egin dugu, enbolbente guztia jarri diogu, barrutik egokitu dugu jendea egoteko, berogailuak eta komunak jarri ditugu, eta intsonorizazioa falta da. Gainera bi ate ditugu plazara ematen dutenak. Momentu batean egiten badira antzerkiak, kontzertu txikiak, erakusketak edo azokak jendeak aukera izatea plazara pasatzeko eta alde batetik bestera ibiltzeko", azaldu du alkateak.
950.000 euro inguru gastatu ditu Barrundiako Udalak proiektua martxan jartzeko, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Europako Next Generation funtsen bultzada ekonomikoari esker.