Araiako Andoni Umandi ikastola martxan jarri zutelako 50. urteurrena ospatuko dute igandean, hilaren 18an, Araiako udalbatza aretoan egingo duten ekitaldi batean. Bertan aurkeztuko dituzte bai ikastola horren historia jasotzen duen liburua zein urteurrenerako berariaz sortutako kantu bat. Aurkezpena ez ezik, argazkien proiekzioa egingo dute, ikastolaren ibilbidea eta oroitzapenak gogoratzeko.
Miel Anjel Elustondo kazetariak idatzi du 50 urte Andoni Umandi Ikastola Araia liburua. "Ikastolaren sorreraren, bilakaeraren eta gaur egungo egoeraren historia" jaso du liburuak, "memoria kolektiboa berreskuratu" eta belaunaldi berriei "euskarazko hezkuntzaren ibilbidea ezagutarazi" asmoz, Asparreneko Udalari Elustondok egin zion idazketa proposamenaren arabera.
Hezkuntza komunitatea
Lana ontzeko, ikastolaren sortzaile, irakasle ohi, guraso eta ikasleekin elkarrizketak egin ditu. Diseinua eta maketazioa Concetta Probanzaren esku egon da.
Araiako Andoni Umandi ikastolak 1976ko urtarrilaren 19an ireki zituen ateak. Antolatzaileek helarazitako ohar batean, Iñaki Jauregialtzo ikastolako irakasle ohiak gogora ekarri du nolakoak izan ziren une horiek. "Neguaren bihotzean eraikuntza prekario batean, baliabide urriekin; metodologia berritzailea, baliabide gutxirekin, taldean lan egiteko gogotsu, herri oso baten inplikazioa, gure hizkuntza eta kultura biziberritzea xede lehenengo urratsak ematen hasi zen".
Asparreneko eta Donemiliagako udalerrietatik zein bertako herrietatik — Albeiz, Ilarduia, Andoin, Urabain, Zalduondo edota Galarreta— jaso zituen haurrak ikastolak. "Bi, hiru, lau eta bost urterekin hasi ziren lehenengo ikasleak andereño ausart eta lanerako prestuekin. Ez ziren ikasturte errazak lehenengoak, ilusioa eta gogoa ez ziren falta. Guraso eta irakasleen arteko harremana goxoa eta hurbila zen", gogora ekarri du Jauregialtzok.
Koldo Uriarte ikastolako ikasle ohiak propio sortu du kantaren musika, eta Mikel Telleria musikariak, berriz, letra.