Euskal Herriko beste hainbat tokitan bezala, Lautadan euskara praktikatzeko eta hobetzeko Berbalagun programa dute martxan, eta Agurainen eta Araian solasaldi musikatuak gehitu dituzte programazioan. Aurten hasi dira modu jarraian egiten solasaldi hauek. Formatuaren helburua da taldearen letra eta iritzien inguruan hitz egitea, eta lotura egitea joko dituzten kanten artean.
Abenduaren 11n, Zelanda taldearekin eginen dute solasaldi musikatua, Araiako Andra Mari Aretoan. Zelanda 2021ean sortutako pop-rock taldea da, Hesian taldearen errautsetatik jaioa. Fran Uriasek, Ane Bastidak, Iñaki Bastidak, Iker Toralek eta Lander Antonek osatzen dute.