Gaur egungo bizimoduaren abiapuntuak

Juanma Gallego 2025eko azaroaren 2a

Hainbat kanpainatan indusketak egin dituzte aztarnategian, eta urtez urte informazioa azaleratzen ari da. Argazkia: MIKEL BEORLEGI

Asparreneko Lezeako Iturri izeneko aztarnategian Neolito garaiko bi okupazio fase egiaztatu dituzte ikertzaileek. Euskal Herriko Neolito zaharrenetakoa edo zaharrena dela dio Mikel Beorlegi arkeologoak, Karbono 14 bidezko datazioetan oinarrituta. Besteak beste, etxola eta hesien aztarnak aurkitu dituzte.

Aztarnategia babesten duten geotestilak gainean jarri, lurra bota eta belarrak berrezarri dituzte duela bi aste inguru, datozen asteotan Lezeko merenderoak ohiko itxura berreskura dezan. Irailaren 22tik urriaren 14ra bitartean egon dira lanean, baina lur azpi horretan oraindik informazio asko geratzen da jasotzeko. Neolitoari lotutako bizimodua hona aurrenekoz etorri zeneko aztarnak daude bertan. "Ez genuen espero garrantzia honetako aztarnategi bat aurkitzea", aitortu du Lezeako Iturria (Ilarduia, Asparrena) induskatzen ibili den Mikel Beorlegi arkeologoak.

Historiaurreko tarte zabala hartzen du aztarnategiak, Kristo aurreko VI. milurtekoan hasi eta K.a. IV. milurtekoraino. Denbora mutur horien bueltan Neolitoari lotutako bi fase identifikatu dituzte momentuz. Hainbat urte daramatzate inguru hori ikertzen, eta pixkanaka ezusteko berriak azaleratzen joan dira. Ohi bezala, lausoa den irudi orokorrak pixkanaka gero eta bereizmen gehiago hartzen du, duela milurteko asko gertatutakoa azalaraziz.

"Orain, une honetan bederen, helburua ez da dena induskatzea, oraindik arrastoen analisiek erantzunak eman behar dituztelako, eta emaitza horiek argitaratzen ari garelako", esan du Beorlegik.

Inguruan diren aztarna arkeologikoak aspalditik ezagutzen dira, baina orain hasi dira jabetzen Lezeko Iturriaren aztarnategiaren benetako garrantziaz. Ikertzaileek Enrique Eguren arkeologoak Jentilen haitzuloari, Allarango aztarnategiari eta Leze inguruari buruz argitaratutako informazioa zeukaten eskura, baina kokapen zehatza ezagutzeke. Bestetik, BIBAT museoan utzitako silexezko industria litiko sorta baten berreskurapenaren datua ere bazuten, pista modura.

Sei urteko lana

Aurretik, 1991n, Arkeologiarako Arabar Institutuaren babespean egin zituzten zenbait lagin-hobi. Ohi bezala, askotan aurkikuntza arkeologikoa txiriparen eta trebatutako begiaren arteko alkimiatik abiatzen da. Hasieran,1988an, AIA lan taldearen asmoa zen Araia-Burunda ibaiaren arroa ikertzea, eta horretan aritu ziren, baina miaketa lan bakoitza bukatzen zutenean Lezeako iturriaren ingurura joaten ziren ogitartekoa jatera. Eta orduan konturatu ziren inguru horretan landutako utzikinak agertzen zirela. "Gainera, bazirudien inguruko lurra asko mugitu zela. Aintzat hartu behar da Lezeako San Pedro herri hustua ondoan egon zela", azaldu du.

Datazioek k. a. 5900 eta 5400 artean kokatu dituzte aztertutako lagin zaharrenak

Gauzak hala, eta arkeologian egin ohi den moduan, 2019an zundaketa lagin-hobia egitea erabaki zuten, lurpean zegoenaren gaineko ideia bat lortu aldera. Eta une horretan ere utzikin arkeologikoak topatu zituzten.

Interesa are gehiago piztuta, 2021ean azterketaren eremua gehiago zabaldu zuten, eta kanpaina horretan aurkitu zituzten altxagarri edo ziri gisa jarritako harlauzatxo batzuk. Horiek zirkulu erdi bat osatzen zuten, etxola baten hondoaren zati bat definituz. Hori ez ezik, inguruan zeramikak eta bestelako tresnak azaldu ziren. Kronologia ezagutzeko, Karbono 14 bidezko bi datazio eskatu zituzten. Uppsalako Unibertsitateko (Suedia) laborategi batean egindako datazio horiek K. A. 5900 eta 5400 artean kokatu dituzte aztertutako lagin zaharrenak. Hots, Neolito goiztiarrean. Arkeologoak dioenez, aztarna horiek inguruko Neolito zaharrenetakoa da. "Pentsa Kristo aurreko VI. milurtekoaren hasierakoak izanik, trikuharriak baino askoz lehenagokoak direla", azaldu du. "Mendebaldeko Pirinioetan orain arte ikusi ez den kasua da", babestu du Beorlegik. "Beraz, ingurune horretan kokatutako eraikin eta hirigintza forma zaharrenetako bat izango litzateke, zaharrena ez esatearren".

Neolitoarekin batera, gizateriaren eredu ekonomikoa behin betiko aldatu zen. Irudian, herrixkaren irudikapen bat. Argazkia: MIKEL BEORLEGI

2023an beste zortzi lagin-hobi txikiago egin zituzten, aztarnategiaren zabalpenaren ideia bat egiteko. "Horien bidez, eremua inguratzen zuen hesi baten aztarnak aurkitu genituen. Gainera, orduan konturatu ginen eremu horretan dauden terrazak ez direla naturalak, artifizialak baizik", gogora ekarri du adituak. Izan ere, uste dute inguru horretako lehen biztanleek Lezeko terrazak egokitu zituztela, bertan egonkortasuna eta bestelako hobekuntzak lortzeko.

Pista geofisikoak

Arduradunaren arrazoi pertsonalak tarteko, iaz ez zuten zundaketarik egin, baina arkeologoentzat gero eta baliagarriagoa den tresna batez baliatu ziren lurra altxatu gabe aztarnategiaren gaineko informazioa eskuratzeko. "Miaketa geofisikoa egin genuen, eta horri esker egiaztatu ahal izan genuen, besteak beste, hesia guk pentsatzen genuen tokitik zihoala". Horrez gain, geofisikak erakutsi zien beste hainbat gune interesgarri zeudela oraindik arakatzeko.

Aurten egindako azken kanpainan eskuratu dute bizileku horien gaineko irudirik osatuena, eta baieztatu ahal izan dute toki hori K.a. VI. eta IV. milurtekoen artean hainbat aldiz berrerabili izan zela.

Gaurdaino iritsi diren bizimodu eta antolaketa asko ulertzeko Neolitoaren garrantzia nabarmendu du arkeologoak. "Garai horietan, gizarteak kulturalki aldatu ziren, eta beren ekonomiak eredu produktiboetara bideratzen joan ziren", azpimarratu du. Aurrerago, produktu eratorrien elaborazioa egingo zuten gizakiek. Besteak beste, historiak izan ohi duen keinu bitxi horietako batean, Neolitoarekin batera gaztaren elaborazioa hasi zuten, eta aztarnategitik metro gutxira dagoen La Leze gaztandegi ospetsua jarraikortasun horren gertuko adibide da.

Momentuz aztarnategian giza arrastorik ez izanda, DNA edo isotopo bidezko analisiak ezinezkoak dira. Hortaz, ikertzaileek ezin dute jakin Leze inguru hori okupatu zutenak Neolitoan iritsi ziren populazioetakoak izango ote ziren ala bertako populazioak ziren, etorri berrien kultura eta bizimodu berriak beren gain hartu zituztenak. Baina, testuinguru orokorra nahiko adostuta dago jada mundu osoko adituen artean. "Gero eta argiago dago Ekialde Hurbilean populazio soberakin bat egon zela, eta lur berrien bila hainbat olatu abiatu zirela. Mediterraneo aldetik iritsiko ziren; hona, seguruenera Ebro aldetik, baina beste aukera bat da Pirinioez beste aldeko eragina izatea ere". Dena dela, bertoko populazioak ez ziren desagertu bat-batean, eta zaila da horien arteko harremanak zehaztea.

Irailaren 22tik urriaren 14ra bitartean egon dira lanean. Argazkia: MIKEL BEORLEGI

Beorlegik azaldu du etorri berri ziren populazio horiek ur korronte jarraitua zuten lekuak hobesten zituztela bizitzeko, bai eta muinoetatik kontrolatzeko errazak ziren uholde lurrak ere. "Bada, Leze inguru egokia da horretarako. Hurbil zituzten ere beste baliabide interesgarri batzuk: baliabide naturalez aparte, buztina eskuragarria eta suharria. Urbasan aurkitzen zituzten silex hauek, baina berton identifikatu ditugu ere Trebiñukoak eta kostaldekoak", aipatu du.

Argitzeko zalantzak

Pixkanaka informazio andana metatu duten arren, oraindik hainbat kontu dituzte zehazteko. Kasurako, tresneria aurkitu dute, eta aztarnategian badago urbanizazio minimo bat, "edo antolakuntzarik gabeko etxolen pilaketa bat bederen", baina horien kokapena oraindik ez dute zehaztu. Jarduera ekonomikoari dagokionez, nekazaritzan ari ziren zantzuak dituzte, baina oraindik ez dituzte analisiak bukatu. Halakoetan, polenen azterketak informazio on eta fidagarria eman ohi du, horren bidez jakin daitekeelako inguruko espezieen artean etxekotutakoren bat ote zegoen, bai eta garaiko ekosistema nolakoa zen irudikatu ere. "Dena dela, nahiko ziurtzat eman dezakegu azken fasean nekazariak eta abeltzainak izango zirela, Europa osoan gertatu zen bezala". Hortaz, gai horren bueltan palinologia azterketaren zain daude uneotan, bai eta lurren analisiaren zain ere.

Horiek eskuratu ahala, emaitzak argitaratzen jarraituko dute, baina proiektuan parte hartzen dutenek jakin badakite dibulgazioa ere ezinbestekoa dela. Hori dela eta, informazio gune bat jarri dute Lezen, irudiekin, hainbat hizkuntzatan idatzitako testuekin, garai horretako bizitzaren irudikapenekin batera. Modu berean, Beorlegik proiektua sostengatu duten pertsona eta erakundeen lana aitortu nahi izan du. "Ezinbestekoa da nabarmentzea talde bikainak parte hartu duela lan hauetan, lan giro ezin hobe batean. Gainera, Asparrenakoak kultur elkarteak dinamizatutako Araia Ibaiaren Arroaren proiektuak Aguraingo Kuadrillaren eta Asparreneko Udalaren babesa eta laguntza ekonomikoa dauka; era berean, hurbilagoko Altzania elkartearen eta Ilarduiako kontzejuaren eta, batez ere, inguruko herritarren laguntza handia ere".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago