Olaranben elkartu gara Naroa Sasieta, Eva Gonzalez de Matauko eta Jokin Lafuenterekin. Izan ere, Lautadako muskerrak diren arren, gasteiztar moduan kamaleoitzen dira entrenatzeko orduan. Eurek kontatu dute nola bizi den muskerren komunitate bat Lautadan: neska-mutilak 16 urtera arte elkarrekin jolasean, klub osoa euskaraz, eta beren ekosistema zaintzeko hamaika lan eginez. Konplizeak ere badituzte: Ribabellosako Dragons, Gasteizko Sumendi, Street Hockey Gasteiz, MIK, Hobby-Hockey Linea Vitoria edo Soraluzeko Marras, besteak beste.
Agurainen, bi aldiz jaiotako kirola
Interesgarria da kirolak nola zabaltzen diren ikertzea. Jolas moduan hasi da zerbait noizbait nonbait,‒zerbait hori –jolasa– gustatu, eta errepikatzeko gogoa ematen du. Gero gustuko jolasa konpartitu nahi da, eta horrela zabalduko da beste norabait... Jolasa kutsakorra da dibertigarria delako. Batzuk kutsakorregiak ere bihurtzen dira, eta diruak landare inbaditzaile bihurtzen ditu, Kirol erregea esaten zaion hori bezala. Eta, jakina, errege bat dagoen lekuan, gainerakoak mendekoak dira. Hau kirol gutxitu baten istorioa da, eta gaurko atala Arabako Lautadari dagokio: Muskerrak taldeari.
2014ko ekainean, Ribabellosako Jorge Lopez de Alda (Agurainen Gorka) heldu zen Agurainera lerro hockeyaren gaineko campus bat egitera. Umeentzako materiala ekarri zuen: stick-ak, puck-a, kaskoak, babesgarriak... Hor errun zituzten muskerren lehen arrautzak. Urte batzuk lehenago, 2000n-eta, lerro hockey talde bat egon zen Agurainen, Yuskiza izenekoa. Herrian, beraz, kirola ez zen ezezaguna. Gaur egun Yuskizakoak, orain Muskerren kamisetarekin, oraindik ibiltzen dira OUT ligan jokatzen, eta euren seme-alabetako batzuk musker txikiak dira. Esaten dute urte haietan ehun bat ume ibiltzen zirela uda osoan patinetan, traktoreen atzetik, lasterketan...
Jokin Lafuente Balza de Vallejok 23 urte ditu, eta lehen campus horretan parte hartu zuen. Gaur egun, jokatzen jarraitzen du, baina Muskerrak klubeko batzordean dago, eta txikien entrenatzaile ere bada, besteak beste. Lerro hockeyaren bidez, eguneroko eginbehar eta abarretatik argitzen du burua. Lagun batzuekin hasi zen, eta gero berriak ere egin ditu, ez bakarrik Lautadan; liga eta lagunarteko partiden bidez, beste herri batzuetan eurak bezalako lagun gehiago topatu dituztela dio. Gozatzen du jokoarekin, liga batzuk irabazi dituzte, Euskadiko selekzioan ere ibili izan da, baina "zerekin geratzen zara?" galdeturik, lorpen horien gainetik egindako ibilbide osoa jarri du.
"Guztiak elkarrekin entrenatu eta jolasten dira 16 urtera arte"
Eva Gonzalez de Matauko
Izan ere, Muskerrak taldeak, gaur egun, ehun bat kide ditu, irristaketan eta lerro hockeyan, eta taldeak hiru herritan: Agurainen, Ozetan eta Dulantzin. Handiek Olaranben entrenatzen dute pista egokia han dagoelako, baina txikiek Erdoñanan, Ozetan eta Agurainen entrenatzen dute. Lerro hockeya kirol gutxitua da, baina Lautadan ez da txikia.
Naroa Sasieta Murua eta Eva Gonzalez de Matauko Lopez ere klubeko batzordean daude, jokalarien amak dira. Biak daude oso gustura beren alabek aukeratu dutelako kirol hori: "Klubak euskaraz funtzionatzen du, ume-gaztetxo guztiak elkarrekin entrenatu eta jolasten dira 16 urtera arte, eta oso komunitate gertuko eta ekimentsua gara", diote. Aurten nesken taldea ateratzea lortu dute juniorretan: Soraluzeko Marras taldekoekin baturik osatu ahal izan dute.
Trabak eta nekeak
Kirol gutxitua izateaz gain, ez da merkea; jantziak, patinak, kaskoak eta abar garestiak dira. Bidaiatu ere bidaiatu behar izaten dute... Gonzalez de Mataukok, gainera, hirukiak ditu, pentsa: "Hiruko taula oso ondo ikasi dut nik!", dio barrezka. Zorionez, komunitatean maiz konpartitzen dituzte gastuak, batzuek besteei materiala eta jantziak pasa, eta dirua ateratzeko ekimenak ere antolatzen dituzte: pintxoak, festak, klubaren eguna... Egun horixe, klubarena, dute hirurek gustukoen. Komunitate osoa elkartu, eta nahasten dira jolasteko eta eguna ondo pasatzeko.
Horrez gain, federazioak ezarritako arau guztiak bete behar dira: epaileak eta anotatzaileak partidetan, entrenatzaileek karneta atera behar dute, burokrazia... Batek esango du "beste kiroletan bezala!", eta arrazoi du, baina kirol gutxituetan betebehar berdinak askoz pertsona gutxiagoren esku geratzen dira. Supermerkatuak eta denda txikiak bezala.

Sasietak beste eskaintza osoaren "konpetentzia" ere nabarmendu du: gaur egun eskolaz kanpoko ekintzen eskaintza izugarria da. Gainera, lerro hockeyaren estereotipoari ere aurre egin behar izan diote. Alaba lerro hockeyan hasi zenean baten batek esan zion "baina, zuen alabak lasaia eta goxoa ematen du". "Jantziek kontrakoa irudikatu badezakete ere, ez da kirol biolentoa", diote.
Olaranbe eta Agurain
Olaranbeko kiroldegian elkartu gara, Gasteiz ondoan, baina Muskerrak Lautadako taldea da.
Lehenik, Olaranbeko borroka kontatu behar da. Gaur egun, Estatu mailan lerro hockeyrako bi kantxa dituen kiroldegi bakarra da. Lorpena 2024an izan zen, SOS Lerro Hockey Gasteiz plataformak hainbat mobilizazio, salaketa publiko eta abar egin zituen Gasteizko udalak hiriko taldeei irtenbide bat eman ziezaien. Izan ere, Gasteizen Sumendi, Street Hockey Gasteiz, Hobby-Hockey Linea Vitoria eta MIK taldeak daude. MIK Lautadako Muskerrak dira, baina gasteiztar bezala kamaleoituta Olaranbe erabili ahal izateko (lasai denok, dena legalki egina dago). Ribabellosan, berriz, Dragons taldea dago.
Muskerrek beren borroka propioa eduki dute Lautadan. Duela hogeita bost urte, Yuskiza taldea indartsu zebilenean eta ehun bat ume irristaketan, Aguraingo Udalak pista bat egin zuen, baina pista porlanezkoa zen eta ez zuten lerro hockeyrako erabili.
"Jantziek kontrakoa irudikatu badezakete ere, ez da kirol biolentoa"
Nagore Sasieta
Berriki, Aguraingo kiroldegia berritu dute. Baina kiroldegian kantxa bakarra dago eta herrian arazoak daude kirol guztiek erabil ahal izan dezaten: futbito, saskibaloia, lerro-hockeya... Gainera, arazo extra bat dago: lurra. Udalak zirt ala zart egin behar izan zuen, kiroldegiko kantxa bakarraren lurra zerezkoa jarri: zurezko parketa ala lerro-hockeyrako plastiko berezia. Saskibaloikoek nahiago zuten parkea. Muskerrak klubekoek zioten plastikoaren gainean beste bi kirolak egin daitezkeela –Ribabellosan horrela aritzen dira–.
Azkenean, parketa jarri zuten, baina gutxienez udalak erosi du plastikozko lurra, ateak eta hesiak, eta, alde horretatik, entzunak sentitu direla diote. Entrenamenduetarako ezingo dute erabili, baina, beharbada, egunen batean egoitza moduan erabili ahalko dute.
Kontua ez da erraza: normalean, lerro hockeyan egun batean talde asko batzen dira eta partida asko egiten dituzte, beraz, egun oso bat hartu beharko lukete libre. Gero, gainera, lurreko plastikoa puzzle bat bezala muntatu behar da, gehi ateak jarri, hesiak... Alegia, klubeko boluntarioek jarri eta kendu behar dute dena, hiru-lau ordu jarri-kendu bakoitzeko.
Baina gustuko lekuan aldaparik ez da izaten. Hirurek diote merezi duela muskerren komunitateak, baita Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko beste komunitateekin batzeak ere: Angeluko Hartzak, Bergarako Burdinola, Arrasateko Ixotu Ik, Soraluzeko Marras, Zornotzako Hot Shots, Bilboko Metropolitano eta Buitres. Fauna ederra.
Post scriptum: Lorpenen gainean gehiegi harrotzen ez badira ere, iraileko azken asteburuan, muskerren mutilen senior taldeak liga eta kopa irabazi ditu.
