Arras ezagunak dira Euskal Herriko herri askotan egiten diren Berbalagun edo Mintzalagun egitasmoak, eta horiek ere isla dute Lautadan. Dena dela, herriz herri, eta, are, urtez urte ekimenak itxura desberdin asko har ditzake, ikasitako euskara praktikatzea eta mantentzea jolasgarri eta gozagarri izan dadin. Lautadaren kasuan, egoera bestelakoa da, ohiko formatuei berrikuntza nabarmen bat gehitu dietelako aurten. Antza, arrakasta handiz.
Hala azaldu du Unai Olalde Lautadako Berbalagun ekimeneko dinamizatzaileak, solasaldi musikatuen inguruan galdetu zaionean. Dioenez, Euskal Herri mailan 2009. urtearen inguruan sortu zen Berbalagun, herri desberdinetan modu soltean egiten ziren hainbat ekimen bateratu asmoz. "Gure kasuan 2010-2011. urteen bueltan hasi ginen honetan", gogora ekarri du, begiradaren fokua atzean jarrita. "Tira, hamabost urte inguru eman ditugu jada!".
Formatu horretan bederen ez dute aparteko aldaketa nabarmenik beste herri eta eskualdeekiko. "Oinarria beti ere Berbalagun taldeak izaten dira, astean behin euskaraz praktikatzeko biltzen diren taldeak; beste ekimen bat da Mendilagunak: bi hilean behin egiten ditugun irteerak. Naturaz disfrutatzeko eta euskara praktikatzeko. Irakurle kluba ere egiten dugu. Oraingoan Araian egiten ari gara. Beste urte batzuetan Gurasolagun egin dugu ere, gurasoentzako tailer modura. Baina, gaur egun, batez ere taldeak, irakurle klubak, mendi lagunak eta solasaldiak egiten ditugu", argitu du.
Horri, ordea, aurten solasaldi musikatuak gehitu dizkiete. "Guretzat oinarri diren bi zutabe elkartu nahi izan ditugu: euskara eta kultura". Olaldek dioenez, azken programazioetan gehienbat solasaldia euskal musikariekin izan ohi da, baina denetarik egin dute, eta idazleak ere izan dituzte aurrekoetan. "Miñan liburua aurkezteko, adibidez, Amets Arzallus ekarri dugu". Baina osotasun bat emate aldera, pentsatu zuten bultzada bat eman behar zietela solasaldi musikatuei.
Orain, jarraian
Ideia duela lauzpabost urte otu zitzaien. Garai hartan antzeko gauzak solte egiten zituzten. Eñaut Elorrieta, Olatz Salvador eta Xabi Solanorekin hiruna topaketa egin zituzten, baina jarraikortasun edo data zehatzik gabe. "Baina ekimenak erantzun oso ona izan zuen", azpimarratu du Olaldek. "Hori zela eta, Duplako Beñat [Oribek] eta beste hainbatek esan ziguten polita izango zela horri jarraipena ematea; grabatzea eta podcast formatuan ere atera ahal izatea", gogora ekarri du.
Esan eta egin. Izan ere, aurten hasi dira modu jarraian egiten, eta oraindik jarraitzeko asmoa dute. "Udalekin urteka funtzionatzen dugunez, urte honetako bukaeran egingo ditugunak antolatzen buru-belarri ari gara orain".
Jardueraren antolaketak, funtsean, ez du aparteko misteriorik. "Euskal musikari bat ekarri ohi dugu, eta saiatzen gara elkarrizketa eta kontzertu akustikoa bateratzen. Egia esanda, ez dakit akustiko ere deitu dakiokeen. Esan dezagun formatu txikiko kontzertu bat izaten dela". Gonbidatutako musikariek sei edo zortzi abesti inguru jotzen dituzte, eta, kantatik kantara, beren letrak dira nolabait lotura egiten dutenak elkarrizketan zehar. "Elkarrizketa baino, solasaldia dela esango nuke". Hala, formatuaren helburua da beren letra eta iritzien inguruan hitz egitea, eta lotura egitea joko dituzten kanten artean.
Erantzun ona
Publikoaren aldetik jasotako erantzunari dagokionez, jendeak begi onez hartu duela dio. "Pentsa guretzat luxua dela horrelako artistak Agurainera edo Araiara ekartzea. Normalean ez da aukera egoten herrian bertan ikusteko, eta Gasteizera edo Iruñera joan beharra dago horretarako". Gerturatu diren musikariekin egotea —Dupla, Olaia Inziarte, Janus Lester, Izaki Gardenak...— "gozamen ederra" izan da antolatzaileentzat, "gertukotasun handia" erakutsi dutelako eta beren partez jaso duten balorazioa "oso positiboa" izan delako.
"Eskerrak hala den, gure helburuetako bat ere badelako haiek gustura egotea". Antolatzailearen esanetan, ekimena bultzatzen duten bi udalak —Aguraingoa eta Asparrenekoa— gustura daude ekimenarekin, eta uneotan haiekin hizketan ari dira, proiektuaren jarraikortasuna finkatu asmoz. "Badirudi prest daudela hurrengo urtean ere ekimena laguntzen jarraitzeko", aurreratu du arduradunak. "Guretzat euskal kultura ekartzea oso erakargarria da, eta kultura ezin daiteke neurtu soilik maila kuantitatiboan, kualitatiboan baizik. Kulturan dena zenbakietan neurtuz gero, ez genukeelako ezer egingo".
Kokalekuari dagokionez, txandaka egiten dituzte saioak: bi Agurainen —Harresi aretoan eta Gaztetxean— eta bat Araian —Andra Mari Aretoan—. Horrela ere sarea zabaltzen ahalegintzen dira, eta, ostegunetan izanda, asteburuetako ohiko ekimenetatik bereizten saiatzen dira, baita ere. Olalderekin batera ekimenean laguntzen dute Beñat Oribe eta Iker Pastorrek. "Beñatek egiten ditu grabazioa eta muntaketa, eta horretaz asko dakienez, oso kalitate oneko bideoak egiten ditu".
Behin eginda eta publikoarekin batera gozatuta, Youtube, Ivoox eta bestelako kanal digitaletan zabaltzen dituzte bideoak, baina onartu dute horietan zabalpena egitea oso zaila dela. Halere, aurten egin duten "lanaren emaitzak ikusita" proiektua finkatu nahi dutela argi dute. "Asmoa, funtsean, eduki hauek zabaltzea delako".