Aguraingo kondairen itzulia

Jon Hidalgo 2025eko urriaren 4a

N-1 errepidea, 1930eko hamarkadan. Argazkia: KEPA RUIZ DE EGINO

Aguraingo kondaira eta istorioekin ibilbidea osatua du Kepa Ruiz de Eginok, eta maiz egin izan ditu bisita gidatuak herrian zehar, kontu kontari. Azkenak asteburuan, Dupla taldearen bira amaierako ekitaldietan.

Historia luzea du Agurainek, mila urtekoa gutxienez, eta gauza asko daude kontatzeko. Herriko plazetan, elizetan, jauregi eta kaleetan milaka istorio daude gordeta, eta bizilagun asko lanean dabiltza ahaztu ez daitezen. Kepa Ruiz de Eginori entzuten nabari da transmisio kate horretan giltzarri garrantzitsua dela. Gauza teknikoetan gehiegi sartu gabe, "ea eliza gotikoa edo barrokoa den", istorioak kontatzea gustatzen zaio gehiago Ruiz de Eginori.

"Herrian egindako azken exekuzioa 1890an izan zela, adibidez, eta nola Gregorio Sandoval borrero famatua etorri zen hona, Berlangaren inspirazioa El Verdugo pelikularako. Sandovalen sinadura aurkitu nuen herriko dokumentuetan. Gitarra itxurako poltsa erraldoi batekin etortzen zen, garrote vila barruan, eta harro esaten zuen borrero guztietan garbiena zela, bost segundotan hiltzen zintuela. Bukatzen zuenean, gitarra hartu eta esaten zuen 'banoa musikarekin beste norabait'. Halako anekdotak eskertzen ditu gehien jendeak".

Harresitik kuadrillen poteora

Herriaren harresietan hasi ohi dute bisita, anekdota asko omen daude bertan. Musulmanek eraikia izan omen zen, hala dio kondairak, XIII. mendean. Nafarroa eta Gaztela bata bestearen atzetik lurrak lortzen eta galtzen zebiltzan garaietan, Gaztelako erregearen agindupean eraikia, langileak musulmanak izan zirela dio teoria batek. Horren froga izan daiteke, Ruiz de Eginoren esanetan, elizatik gertuko harri batzuetan izar bat agertzen dela.

Santa Maria elizako kondaira bat ere kontatzen du, XV. mendeko guda bati buruzkoa. Harresiaren zati handi bat suntsitu zuen erasoaldiak, eta kondairak dio lur azpiko pasadizo bat zegoela, harresiaren azpitik igarotzen zena, elizaraino. Borroka haietan pasadizo horretan ezkutatu omen zen aguraindar bat, eta etsai ugari sartu zirenean bidea itxi zien. "Betidanik esan izan da" arma pila bat dagoela elizaren azpian.

Ibili ziren arma horien bila Ruiz de Egino eta beste kide batzuk, baina arazo bat topatu zuten: XVI. mendeko sutea. Herria ia osorik kiskalita gelditu zen, egurrezkoa baitzen gehiena. Zutik gelditu ziren bakarrak eliza, hilerria eta beste eraikin bat izan ziren, "alargunen etxea" deiturikoa. Dokumentatua dago nolakoa zen harresia, "22 metroko harresia aipatzen dute batzuek, eta zulo handi bat zeukan inguruan, bi metro eta erdiko zabalerakoa, zubi altxagarri eta guzti".

Antzinako familia aberatsen jauregiak ere ezagutzen dituzte bisitan, eta armarriak aztertzen ere eman ohi dute denbora. Herriko tabernaren gainean dagoen armarri batean, adibidez, armadura baten kaskoa dago, beste hainbat gauzaren artean. Ez da batere ohikoa armarrietan kaskoa aurrera begira egotea, baina hala dago honetan. Gainera bisera altxatua du, eta gerlari gazte bat ikusten da kasko barruan. Beste gizon baten burua du azpialdean, lumaz apaindua, Ameriketako indioez egiten ziren irudien gisara. Han aberastutako indianoren baten jauregia izan zela dio.

Begoñatarren jauregian ere baditu pasadizo batzuk, haien kuadrillarekin lotuak. Gaur egun ere gaztetxoak jolasean aritzen dira zonalde hartan, eta Ruiz de Eginok kontatzen du nola haiek jauregiko armarri bat erabiltzen zuten komunikazio metodo gisa. Armarriaren ertzean eskua sartzeko moduko zulo bat dago, eta kuadrillako kideek txanpon bat uzten zuten bertan, gainerakoei jakinarazteko taldea non zegoen. "Eskubian uzten bazenuen, Santa Marian geunden; ezkerrean uztekotan, San Juanen. Hori zen gure telefono mugikorra garai hartan".

Agurainen garrantzia historian zehar

Kale nagusian jaio zen Ruiz de Egino. Bertan bizi zen jende gehiena, dio, "harresien barruan". Bera oroitzen ez bada ere, diotenez 1960ko hamarkadara arte etxeratze agindua egoten zen gauero, eta herri sarrerako ateak ixten ziren. Mendeetan zehar atezainak ibili ziren harresia zaintzen, lantzak eskuetan, eta horiekin zulatzen zituzten herrira sartzekoak ziren gurdiak, ikusteko ea zakuetan baimenik gabe sartzen ari ziren ardo edo animaliarik.

"Bideko Hiria" izanda, merkatari ugari igarotzen zen bertatik. 11 kilometro daude San Adriango kobara, Gipuzkoarako bidearen erdian. Iter 34a ere igarotzen zen Aguraindik, Bordeletik Astorgara zihoan galtzada erromatarra. Oraindik mantentzen ditu galsar edo galsarras izeneko lekuak, bide haren inguruetan.

Beste hainbat sekretu eta bitxikeria daude herrian gordeta, bisitan joan nahi duenaren eskura.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago