1564ko abuztuan abiatzen da istorioa. Bero handiko eguna da, oraindik goizeko bederatzi eta erdiak izan arren. Pentsa zer etorriko den ondoren. Gainera, izurriteak jota dago herria, eta, zuk, medikua izanda, gaixo dauden pertsonak bisitatu behar dituzu. Egoera ez da batere ona: berrogeialdia dago herrian, eta jende asko hil da gaixotasunaren ondorioz. Hori dela eta, hainbat bizilagunek erabaki dute herritik alde egitea, eta herrian geratzen diren pertsonak ozta-ozta bizirauten ari dira. Baina gauzak are gehiago konplikatu daitezke beti, eta, oraingoan, izurriteaz gain, herrian sute lazgarria hasi da. Biztanleak herritik ateratzeko ahalegina egin beharko duzu abenturaren amaierara onik iristeko.