Gesaltza Añana, Antoñana, Estibaliz, Markiz, Agurain eta Labraza. Gure lurraldeko beste askok bezala, herri horiek istorio harrigarriak gordetzen dituzte beren kaleetan, baina, gehienetan, testuinguru egokirik gabe, ezinezkoa da hormetan zizelkatutako zantzuei behar bezala erreparatu eta horietatik ikastea. Hori gertatu zitzaion, duela bost bat urte, Gymkana Digital Turística enpresako arduradun Ramon Martin portugaletetarrari. "Semeak zortzi urte zituenean, asko kostatzen zitzaidan harekin turismo kulturala egitea. Estibaliz ikustera joatea proposatzen nionean, berak erantzuten zidan nahiago zuela lagunekin ibili". Bada, urte horretan bertan, Lleidako Pirinioetan dagoen Arango Haranean, Martinek helmuga turistiko bati proposatu zion ihes gela moduko ibilbide bat sortzea, baina kalera eramanda, kultura testuinguru batean. "Ginkana bat, funtsean, ibilbide gidatua, digital eta presentziala da, herri edo leku bat jolasaren bitartez deskubritzeko".
Bost urte ondoren, enpresak 250 bat ginkana ditu Espainia osoan, eta etengabean handitzen ari dira kopurua. "Arabaren kasuan, aldundiak hasiera batean proiektuaren lidergoa hartu zuen, eta dagoeneko eskura dauden ibilbide horiek martxan jarri genituen. Orain nahiko genuke pixkanaka udalak batu daitezela ekimenera, beren aurrekontu propioarekin", azaldu du Martinek. Berez funtzionamendua oso sinplea da: behin bisitaria helmugan dela, mugikorrean gymkanaturistica.com/Araba idatzi eta lurraldeko ginkana guztiak agertzen dira, aparteko aplikaziorik instalatu behar izan gabe. Ondoren, jolasa hasten da, eta herrian pistak bilatu beharko dira ginkanan planteatzen diren enigmak argitzeko.

Antzara jokoarekin alderatu du ginkana. "Telefono mugikorrak dadoen funtzioa betetzen du, eta tokia, berriz, jolasteko taularena. Ezein motibo arkitektoniko laukien modukoa litzateke, alderaketa horrekin jarraitzeko: armarri bat, kale baten izena, elizaren leihoak edo etxe batean agertzen den urte bat, adibidez. Azken finean, inguruan ditugun elementuak bilatzen ditugu, horiek direlako ginkanan mahai gainean jartzen ditugun enigmak".
Narratiba bat
Martinek azaldu duenez, ginkana bakoitza narratiba baten arabera antolatzen dute: titulu bat, azal bat, trama bat eta azken amaiera bat. "Narratiba hau, baina, herri horretan benetakoa den zerbaiten ingurukoa da: pertsonaia bat, kondaira bat, gertaera historiko bat". Bada, ideia horrekin, lantaldeko kideak herrira joaten dira, eta udaleko jendearekin batera, kaleetan zehar ibiltzen dira, azalpenak jasoz, turistak balira bezala. "Anekdotak eta istorioak jasotzen ditugu, eta saiatzen gara adinekoekin hitz egiten ere". Informazio horrekin guztiarekin, taldeek story telling bat sortzen dute. Behin udalaren oniritzia jasota, guztia digitalizatzen dute, azala sortzen dute eta proiektua prest uzten dute argitaratzeko.
"Jolasaren bitartez, kultura eta ondarea transmititu nahi dizkiegu gazteei" RAMON MARTIN
Proiektua ezagutarazteko, turismo bulegoan edo udalaren sarreran jartzeko kartel batzuk uzten dizkiete udaleko kideei. "Une horretatik aurrera, udalak eskura du eguneko 24 orduetan eta 365 egunetan egin daitekeen dinamizazio turistiko eta kulturalerako tresna bat". Proposamenak ematen duen askatasuna nabarmendu du Martinek. Distantzian eta denboran mugatuta daude, 60 eta 90 minutuan egiteko modukoak izaten direlako, eta 10-14 enigma inguru ebazteko. Ibili beharreko tartea ez da oso handia, eta kilometro edo kilometro eta erdiko gehienezko distantzia bat izan ohi dute. "Edozein pertsonak egin dezakeen zerbait da, eta, demagun, herriko jatetxean jan aurretik edo jan ostean erraz egin daitekeen plana da".
Sustapenaren beharra
Baina sustapenik gabe, Martinek zail ikusten du tresna bizirik mantentzea, eta hori egin dezaten deia egin die udalei. "Niri gertatu zait ginkana bat dagoen herriren batera joatea semearekin, eta kartel bakar bat ez aurkitzea herrian. Horregatik ere saiatzen ari gara merkataritza tokiek parte har dezaten. Udalei hiru kartel bidali ohi dizkiegu, baina orain merkatariei ere ematen dizkiegu". Gainera, merkataritza tokiek batzuetan sariak eskaintzen dituzte ginkana egin dutenen artean zozketatzeko, eta hori tokiko merkataritza eta ostalaritza bultzatzeko tresna dela babestu du enpresaren arduradunak. "Funtsean, hau guztia lagungarria da herri txikiei laguntzeko, herri horiek mapan kokatzeko, eta jolasaren bitartez euren kulturari eta historiari balioa emateko".
Martinek jolasaren garrantzia azpimarratu du. "Oroitzen naiz nire semearen klaseko atean zera zioen kartel bat paratuta zeukatela: Jolasten dugun bitartean ikasten dugu. Bada, hau da guk sustatu nahi dugun filosofia. OHO Oinarrizko Hezkuntza Orokorrean ikasitakoa naiz ni, eta bertan, behin eta berriz kontzeptuak matxakatzen ikasten genituen. Orain, berriz, umeek eskolara joan nahi dute, jolasten duten bitartean ikasten dutelako. Bada, guk, bide beretik, jolasaren bitartez, baloreak, kultura eta ondarea transmititu nahi dizkiegu belaunaldi berriei".
Gazteak buruan izan arren, Martinek nabarmendu du proposamena adin guztientzakoa dela, eta familian bertan gertatutako zerbait jarri du horren erakusle. "Duela gutxi nire gurasoek Labrazako ginkana egin zuten. Eta, esan zidatenez, ordura arte ezagutzen ez zuten herri batean oso ondo pasatu zuten; herriari buruzko gauzak ikasten, gainera".