Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologia talde batek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura sailaren, Araba eta Gipuzkoako partzoneriaren eta Zegamako Udalaren babesari esker, 20 urte daramatza San Adrian-Lizarrateko tunela induskatzen. Indusketa horrek emaitza positiboak eman ditu hasiera-hasieratik, eta urte hauetan Erdi Aroko, Brontze Aroko eta Madeleine garaiko (duela 14.000 urte) material arkeologikoak aurkitu dira.
Uztaileko hamabost egunetan, hamar bat boluntariok eta arkeologok osatutako taldea bi zundaketa oso sakon induskatzen aritu da, bakoitza ia hiru metroko altuerakoa, historiaurreko aztarnak aurkitzeko asmoz. Lehen zundaketan 14.000 urte dituzten piezak aurkitu dira (Madeleine aldia), eta horrek esan nahi du San Adrianen homo sapiensa bizi izan zela.
Bigarren zundaketan, berriz, arkeologoak maila oso zaharretara iritsi dira, eta neandertalen piezak aurkitu dituzte. Egunotan arkeologia taldea kultura mousteriarreko piezak (duela 40.000 urte) berreskuratzen ari da, eta horrek berretsi egiten du barrunbean neandertalak egon zirela.
Pasabide estrategikoa
Aranzadi Zientzia Elkarteko Historiaurreko departamentuko zuzendari Jexux Tapiaren hitzetan, aurkitutako materialek erakusten dute neandertalek koba hau maiz erabiltzen zutela azken glaziazioaren faserik epelenean. "Kanpaina honetako aurkikuntzei esker, esan dezakegu neandertalen taldeak duela 41.000 urte inguru ez zirela noizean behin igarotzen haitzulotik, maiz baizik".
Aurkitutako aztarnen artean, tresna ebakitzaileak zizelkatzeko erabilitako arroka mota desberdinak identifikatu dira, eta silexaren kasuan, Urbasa, Trebiñu eta Flyschetik ekarritako barietateak erabili ziren. "Horrek esan nahi du neandertalek San Adrian hartu zutela lurralde zabalean egiten zituzten joan-etorri nomadetarako pasabide estrategiko gisa, lantzeko harrien kontsumoa ahalik eta gehien dosifikatuz eta mendiko pasabide egokienak aprobetxatuz".
Hartzak haitzuloan
Harrizko aztarnez gain, animalia hezurren zatiak ere berreskuratu dira, besteak beste, neandertalek hildako eta kontsumitutako piezak, baina baita haitzuloan bizi izan ziren beste haragijale batzuen arrastoak ere, hartzenak, adibidez.
"Hori dela eta, bereizi behar ditugu neandertalek harrapatutako harrapakinei dagozkien hezurrak eta haragijaleek eraman zituztenak, eta, horretarako, hezur bakoitzean ikusitako hausturak eta markak hartu behar dira kontuan. Okupazio horiek izan ziren geruzetan gero eta hondakin gehiago agertzen dira, eta hurrengo kanpainetarako espero da ebidentzia multzo zabalagoa berreskuratzea San Adrianen neandertalek egin zituzten jarduerak interpretatzeko".