Urte batetik bestera ezustekoak azaltzen dira San Adriango tuneleko (Zegama, Gipuzkoa) indusketa arkeologikoetan, baina aurtengo udako lanetan jasotakoak bereziki zirraragarriak izan dira: Araba eta Gipuzkoa lotzen dituen bidean dagoen mugarri ezagunean neandertal kulturaren aztarna argiak azaldu dira. Dozena bat pieza dira momentuz induskatu den metro eta erdi inguruko aldea duen karratuaren barruan agertu direnak, baina datozen urteotan, behin indusketa eremua zabaltzen dela, logikak agintzen du askoz gehiago etorriko direla.
Orain arte bertan azaldu izan diren arrasto zaharrenak askoz modernoagoak ziren: Madeleine aldikoak, duela 14.000 bat urte ingurukoak. Oraingo aurkikuntzak, ordea, duela 40.000 urtera garamatza.
Bi okupazio horien artean horren tarte handia egoteak agerian uzten du toki estrategikoa baina latza izan dela beti, Jesus Tapia Aranzadiko Historiaurreko zuzendariak azaldu denez. "Gorago egiten badugu, Madeleine aldetik hurrengo okupaziora beste 10.000 urteko tartea igaro zen, Brontze Aroraino". Adituaren ustez, "horrek esaten digu baldintza onak aurkeztu bezain pronto, segituan okupazioa egiten zela, baina aukera egokiak egon behar ziren horretarako".
"JAKIN BADAKIGU INOR EZ DELA MENDIRA IGOTZEN ZERBAIT BILATU NAHI EZ BADU". JESUS TAPIA, ARANZADI
Gaur egun ere ingurua ez dela erraza dio Tapiak. "Udan induskatzen dugunean ere, leku hotza eta haize handikoa da". Gauzak gaur egun hala badira, azken glaziazioan egoera ez zen izango batere samurra.
Iazko indusketan, baina, zoruan egindako zundaketa batean behera egiten zutela, aurten zerbait berezia topatzeko aukerak bazirelako lehen susmoak agertzen hasi ziren. Lur antzuan, zenbait animaliaren arrasto txikiak agertu ziren, klima hobera egiten eta biomasa berreskuratzen ari zen adierazle. Landutako bi harri txiki ere azaldu ziren. Iazko lehen zantzu horiek aurten bete-betean gauzatu dira, dozena bat animalia hezur eta tresna litiko gisa. Hezur horietan, gainera, gizakiek egindako kontsumo markak ageri dira.
Mousteriar kultura
Aurkitu berri diren piezak dira, baina, lehen begirada batean ikertzaileek oso argi izan dute harrizko tresna horiek neandertalek egindakoak direla. Izan ere, historiaurrelariek ezagutzen dituzte garai desberdinetan egiten ziren lanketa motak, eta hauek bat datoz neandertalek Mousteriar aldian egiten zituztenekin. "Gure espezieak bezala, neandertalek materialak arrazionalizatu egiten zituzten. Nomadak ziren, eta etengabean mugitzen ziren lurralde zabal batean; beraz, ezin zuten zama askorik eraman". Gauzak hala, premiazkoa zen beraientzat behar desberdinen arabera harrizko tresnak ateratzea, eta, horretarako, harri koskor edo nukleo bat eramaten zuten beraiekin. Harri hori teknika jakin baten arabera kolpatuz, harri txikiagoak ateratzen zituzten, tresna zorrotzak egiteko. "Harria modu kontrolatu batean lantzen zuten ahalik eta gutxien gastatzeko, eta horrek planteamendu teknologiko eta logiko bat eskatzen du. Funtsean, kolpe bakoitzarekin ateratzen diren harri printzak ahalik eta hoberen aprobetxatzeko teknika bat zerabilten".
Dena dela, teknika ez da dena, eta harri printza erabilgarriak lortzeko material berezia behar zuten. Gaur egun zientzialariak gai dira material horien banaketa jarraitzeko. Gure kasuan, Aranzadiko adituek badakite San Adrianen aurkitutako harrizko tresnak egiteko silexa Trebiñutik eta Urbasatik hartutakoak direla. "Suharria ez zen urrearen parekoa, baina balio estrategikoko lehengaia zen, bai neandertalentzako zein gizaki modernoentzako", azaldu du Tapiak. "Oraindik ez ditugu analisi petrografikoak egin, eta horiek eskatu beharko dira; baina begi hutsez ikus daitezkeen ezaugarriak ikusita, berehala atzematen da leku horietatik datozela".
Momentuz ikertzaileek ez dakite neandertalek bertatik igaro baino ez ziren egin, ala denboran nolabaiteko jarraikortasuna izan zuen okupazioa izan ote zen. "Jakin badakigu inor ez dela mendira igotzen zerbait bilatu nahi ez badu. Hau ez da, noski, gaur egun bezala, igande goiz batean egindako txango bat!". Tapiaren esanetan arrastoek agerian uzten dute gizaki horiek lehenagotik ezagutzen zutela tokia, eta inguruak aukera batzuk zabaltzen zizkiela. "Mendi gaineko fauna harrapatzea, basafruituak, egurra, mineralak... edo basoa bera". Igarobideak historian zehar mantendu izan duen garrantzi estrategikoa historiaurrean ere eduki izana da beste aukeretako bat. "Datazio zehatzik gabe sare bat irudikatzea zaila da. Koskobilon [Olazti, Nafarroa], Urbasan edota Arrillorren [Zigoitia], esaterako, neandertalen aztarnategiak daude, baina ez dakigu bat ote datozen denboran, neandertalen kultura milaka urtez zabaldu zelako. Dena dela, gure ondorioa da espezie bezala gai izan zirela lurralde estrategia bat garatzeko; lurralde oso zabal batean ezagutzen zituzten baliabide eta abantaila guztiak aprobetxatzeko. Eta horrek, beste behin, plangintza bat eskatzen du".
Datorren urteari begira
Igotzeko arrazoia edozein zela ere, argi dago garai horretako baldintza klimatikoak askoz gogorragoak zirela. "Glaziazioan, kontinente gainean botatako elur guzti hori izotz bilakatu zen, eta ez zen itsasora itzuli". Horren muturreko egoerak aldaketak ekarri zituen, besteak beste, borraska eta antizikloietan. "Lurren barreneko baldintzak areagotu egiten ziren, askoz kontinentalagoak bihurtu zirelarik. Gainera, itsasoaren maila ehun bat metro baxuago zegoenez, aztarnategiaren garaiko altuera erlatiboa ere garaiagoa zen. Baldintza latzak areagotu zituen horrek, eta itsaso aldeko kostaldeak ekar ditzakeen epeltze efektu eta onura klimatikoak gutxiagotu egin ziren".
Hortaz, glaziazioaren une epelagoan egonda ere, zinez toki hotza izan behar zen. Momentuz, baina ez dute sutondo baten arrastorik aurkitu, edo haizea geldiarazteko horma edo paramendurik. Datorren urtean horrelakorik agertzeko aukerez galdetuta, zuhurtziaz mintzo da Tapia, arkeologia askotan txiriparen esklaboa dela jakitun. Modu berean, denboraren joan etorriek asko mugitu dute eremua, eta arazo bera daukate bertako lurretatik antzinako DNA modu masiboan sekuentziatzeko aukerei dagokienez. "Aztertu beharko dugu, baina ingurua ez da oso egokia, oso harri porotsua delako, eta ezin dugulako jakin toki batean dagoen DNA, adibidez, goiko geruza batetik etorri ote den, euriak eramanda".
Datorren urtean aztertu beharko dute aukera hori, baina, orain, laborategi garaia da —askoz jota, urtean zehar lur geruza mugitzeko aukera aztertzen ari dira—. Datorren udan ekingo diete berriro lanei, Gipuzkoako Aldundiaren eta Araba eta Gipuzkoako Partzuergoaren laguntzarekin. "Ahaztu gabe gurekin indusketan lan egitera etortzen diren boluntarioei eskerrak; talde kementsu eta ona dugu!".