Programazio gehienak amaitu eta lehorte kulturala hasten denean, antzerki oasi bat agertzen da Asparrena aldean. Hiru hamarkada baino gehiagorekin, lurraldeko jaialdien artean erreferentziazko lekua lortu du Araiakoak, antolatzen dituen lanen mailagatik eta mugiarazten duen lagun kopuruagatik. Aurten, abuztuaren 14tik 17ra ekarriko ditu umore pieza onenak, Jaione Azkona (Araia, 1992) gidariaren eskutik.
Hirugarren jaialdia izango duzu zuzendari modura. Nolakoa izaten ari da?
Oso pozik nago. Zoramena ere bada pixkat, baina pozik. Oraindik ikasten ari naiz, beti ateratzen delako kontu berriren bat, eskakizun berriren bat... Urtean zehar ni izaten naiz lanean, nire kontaktu batzuekin, ofizioko beste lankide batzuk ditut han eta hemen gauzak ikusi eta proposatzen dizkidatenak, eta Txortas –Javier Alkorta– ere ondoan daukat behar dudanerako. Jaialdian zehar oso ekipo polita daukagu; Gerard Aranda arduratzen da diseinu grafikoaz; Gentzane Martinez de Zestafek darama komunikazioa; webgunea eta beste zenbait lanetan Alba Besteiro aktorea dabil; eta David Alkorta koordinazio teknikoarekin. Jaialdian bertan teknikariak eta udaleko langileak ere baditugu. Beraz, azkenean, hamabost bat lagun gaude lanean lau egun horietan. Arabako beste herrietan, gainera, udal bakoitzak kontakturen bat izaten du. Jende asko behar da aurrera atera ahal izateko.
Dena prest da hirugarren jaialdirako?
Bai, aurtengoa itxita dago. Uztailaren 24an egingo dugu aurkezpena, eta hilabete hasieran egingo dugu aurrerapena, obraren bat eta emanaldi kopuruarekin. Azkeneko ukituak falta zaizkigu orain, horren polita ez den zeregina, paperen bat eta kontraturen bat...
Zein da, beraz, alde politena?
Politena Araian zerk funtzionatu dezakeen ikustea da, obrak bilatzea, eta zer ekarri nahi dugun erabakitzea. Azkeneko egunetan, adibidez, Sevillan izan naiz ideiak hartzen, Circada jaialdian, hurrengo urteko lanak izan daitezkeenak deskubritzen. Panorama Circada izeneko saila daukate, konpainia txikiagoen estreinaldiekin, eta urtean zehar bisitatzen dudan lekuetako bat izaten da. Leioako Umore Azoka da beste erakusleiho garrantzitsuetako bat, eta aukera izan daitezke Tarregako Fira edo Valladolideko TAC jaialdia ere, baina batez ere obra jakin batzuk ikustera mugitzen naiz inguko hirietara.
Zaila al da ohiko antzerki zirkuitotik ateratzea?
Eskaintza handia dago, proposamen oso onak eta ezberdinak. Eta saiatzen naiz urtero, plazer txiki moduan behintzat, erabat ezberdina den pieza bat eta arriskatzen duen lan bat eramaten. Baina nolabaiteko oreka bat bilatzen saiatzen naiz, publiko desberdinentzako lanak eskaintzen.
Nolakoa da Araiako publikoa?
Publiko exijentea da. Urte asko daramatza antzerkia ikusten, proposamen oso desberdinak ikusten, konpainia asko pasa dira bertatik, eta, beraz, exijentea da. Eta adin guztietako publikoa dugu, ume asko, baina baita edadetu pila bat ere, lehenengo egunean abonua hartzeko zain daudenak eta aulkiak betetzeko prest izaten direnak. Askotariko publikoa dugu, eta saiatzen naiz hori ere programazioan islatzen, mota desberdinetako proposamenak antolatzen. Iaz, adibidez, Zozobra izeneko lana izan genuen, adineko bi emakumeren arteko istorioa kontatzen duena, eta ederra izan zen aitona-amonek nola disfrutatu zuten ikustea.
Umorea ardatza izatea ez da erraza izango, gustu guztietarako pieza bilatzea...
Umorea oso zabala da, eta batentzat ona dena beste batek ez du ulertuko, edo ez da bere interesekoa izango... Baina horrek ere badauka bere alde ona, horren zabala izanik denetarik konta daitekeelako umorearekin. Inplikazio soziala duen umorea bide nagusia izanik, gero beste umore arinago bat ere izaten dugu, eta hor askotariko proposamenak sartzen dira.
Batetik, Arrazpi, eta, bestetik, kaleak dituzue jaialdiko agertoki nagusiak. Oso ezberdinak dira antolaketa aldetik?
Arrazpin sekulako lana dago, teknikariek lan handia egin behar dute, azken batean lau edo bost egunez kiroldegi bat antzoki bilakatzen delako. Produkzio handiagoak izaten dira bertan. Baina kale eta txoko txikiak ere baditu Araiak, eta horietara antzerkia eramatea ere polita da; arriskutsua ere bada, euriagatik, eta gero eta gehiago eguzkiagatik, bero handia izaten dugulako goizeko emanaldi askotan, baina horregatik da, hain zuzen, kaleko antzerkia...
Abuztua hilabete erraza al da?
Ez. Abuztuan jende eta instituzio gehienak oporretan daude, eta dena aurretik prestatu behar izaten dugu, dena ondo itxita utzi behar dugu. Baina horrek ere badu bere alde ona, dena ixten denean gatoz gu, eta lagun askok oporrak horren arabera antolatzen dituzte, jaialdiaren arabera egiten dituzte planak.
"Edadetu ugari ditugu lehen egunean abonua erosi eta aulkia hartzeko zain"
Nolako jaialdia izatea gustatuko litzaizuke? Zuzendari moduan, zer marka utzi nahiko zenuke?
Gustatuko litzaidake jaialdi kañeroa izatea, eta disfrutatzekoa. Umorea konpromisoari lotuta joatea, eta mugiarazten gaituzten gauzak ikusteko aukera izatea, astinaldia emango digutenak. Umore arinagoa ere badago jaialdian, eta egon behar du, baina apur bat zirikatzailea izatea ere ondo dago.
Bada buruan duzun piezarik, orain arte ekarri ezin izan duzunik?
Zuzendari moduan sartu nintzen urtean ekarri nahi izan nuen ikuskizun bat izango dugu aurten. Eta hurrengo urterako ere badut beste bat itxita, iaz posible izan ez zena, eta aurten datarik gabe geratu zena. Konpaina batzuek lan asko dute, eta zaila da enkajatzea. Kontuan hartu kaleko antzerkiak lauzpabost hilabete izaten dituela, dena pilatuta, eta batzuetan zaila izaten dela puzzlea osatzea.
Etengabe hazten ari den jaialdia da, Arabako beste herri batzuetara ere heldu da. Hazten jarraitzea da erronka?
Hori guztia daukagun aurrekontuarekin lortzea da erronka. Gustatuko litzaiguke haztea, baina zaila da, mugatuta gaude. Gustatuko litzaiguke Araban zehar gehiago zabaltzea, eta, beharbada, abuztuaz gainera, urtean zehar emanaldi txikiak eramatea normalean aukera ez duten herri txikietara. Ederra litzateke, baina zaila da. Halere, aurten beste herri batzuk batu dira; Oion, esate baterako. Zirkuitoan, finkoak direnekin batera, batzuk atera eta beste batzuk sartzen dira.
Gero eta emakume gehiago zarete jaialdietako zuzendaritza lanetan...
Bagaude, eta uste dut gehiago egongo garela. Gizartearen isla da, eta pixkanaka lortzen ari gara postu hauetan ere egotea. Besteak beste, Marta Monfort dugu Gasteizen, Ane Pikaza eta Maria Goirizelaia Erriberriko jaialdian, Sonia Camara Arrigorriagako clown jaialdian... Bagaude, eta egongo gara. Hori jaialdiek duten ikuspegian ere nabari dela uste dut. Emakume izateagatik bizi izandako gauza asko lan horretan jartzen ditugu, beharbada gizonezko batek hainbesteko garrantziarik eman ez dion alor batean; ni behintzat saiatzen naiz.
"Hazi nahiko genuke, eta Arabako beste herri batzuetara heldu, baina mugatuta gaude"
Jaialdiaren zain daudenentzat, aurreratu daitekeen nobedaderik?
Tailer bat izango dugu aurten, nobedadeen artean. Ziben inguruko ikuskizun bat izango dugu, eta horri lotuta aitona-amonen jokoen inguruko tailer bat antolatu dugu haurrentzat. Pantailak momentu batez alde batera utzi eta eskuekin jolasteko momentua izango da. Bestalde, nazioarteko konpainiak ere izango ditugu aurten. Belgikatik etorriko da horietako bat, gaueko emanaldi berezi eta bitxi batekin.
Bien bitartean, zuk zure aktore lanekin jarraitzen duzu?
Bai, konpainia berria daukat orain, Atondo izenekoa, Araban sortutakoa, eta hor ere buru-belarri ari gara. Jaialdia pasa eta hilabete batera estreinatuko dugu gure obra berria, Aguraingo Harresi aretoan. Teatro soziala egiten dut, eta horrek mugitzen nau, batez ere. Bestalde, iluminazio diseinuak, zineman gauzatxoren bat edo beste... horiek denak uztartzen saiatzen ari naiz.
Araiako jaialdian ere noizbait agian zure lanen bat ikusiko dugu...
Jaialdia zuzentzearekin nahikoa daukat, momentuz. Aurretik parte hartu izan dut. Madrilera joan nintzen Arte Dramatikoa ikastera, eta gogo handia nuen Araiako jaialdira zeozer eramateko; Txortasi proposatu nion hasi berri diren taldeei lekutxo bat egitea, eta nik nire konpainiarekin parte hartu nuen, emanaldi bat izan genuen, ikasketak amaitu berritan. Geroztik, ez naiz aktore modura bueltatu, eta, orain zuzendari moduan nagoela, ez dut nire burua bi lanetan ikusten. Txortasek aurkeztu zuen bere garaian bat, baina nik zaila ikusten dut, ezingo nuke lorik egin..