burua zaindu lautada

Zaintza sarea osatu dute gazteenentzat

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025ko eka. 7a, 08:00

Ana Larreina, Maribi Armendariz eta Ainara Baglietto Agurainen; atzealdean institutua, ikastola eta osasun etxea. Argazkia: E.UGARTE

Burua Zaindu Lautada taldea sortu berri dute, eskualdeko haur eta nerabeen osasun mentalean dauden arazoak eta gabeziak ikusirik. Prebentzioaren beharra azpimarratu dute, eta zaintza gune komunitarioa sortzeko helburua dute. Gazteenak artatuko dituen berariazko osasun zerbitzua eskatu dute, Lautadan.

Haur eta nerabeen osasun mentaleko alorrean erreferentziazko gune bat izateko eta prebentzioan lan egiteko asmoarekin martxan jarri dute Burua Zaindu Lautada elkartea. Iragan astean Aguraingo udalbatzak aho batez onartu zuen taldeak aurkeztutako mozioa. Horretan Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote Lautadako haur eta nerabeen osasun mentala eta gaixotasun mentalak artatuko dituen zerbitzu publiko bat Lautadan bertan martxan jartzeko. Halaber, Eusko Legebiltzarrean agerraldia egiteko eskatu du Burua Zaindu Lautadak adin txikikoen osasun mentalaren egoerarekin duten kezka partekatzeko eta prebentzioaz eta lan komunitarioaren ezinbestekotasunaz hitz egiteko. 

Gazteenen osasun mentalaren egoerak okerrera egin du azken urteetan, eta batez ere Covid pandemiaz geroztik azaleratu da arazo larria. Suizidio kasuen eta autolesioen joerak gora egin du, eta 15 eta 19 urte bitarteko gazteen heriotzaren lehenengo arrazoia bilakatu da suizidioa. Halaber, Save the Children erakundeak egiaztatu du haurrek eta gazteek pairatzen dituzten jarrera bortitzak %60,9 igo direla, bullying-a, ciberbullying-a eta indarkeria matxista besteak beste. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailaren 2023-2028 Euskal Autonomia Erkidegoko osasun mentalaren estrategian lehentasuna da gazteen osasun mentala.

"Gurasoek beldurra dugu onartzeko agian gauzak gaizki egiten ditugula"
Ainara Baglietto

Arabako Lautada ez dago egoera horretatik kanpo. Hala azpimarratu dute sortu berri den Burua Zaindu Lautada taldeko kide Ana Larreinak, Maribi Armendarizek eta Ainara Bagliettok. Izan ere, haur eta nerabeen osasun mentala artatzeko eta prebenitzeko dauden gabeziak eta dagoen beharra ikusirik sortu dute taldea. Ana Larreina osasun mentalean lanean dago aspaldi, eta Lope de Larrea ikastolako eta Aniturri institutuko gurasoen elkarteekin lan egiten du. Azaldu duenez, 2024. urtean Aguraingo Osasun Mentaleko jardunaldietan haurren eta nerabeen osasun mentala jorratu zuten, eta datuak atera ziren, "hemengo ikastola eta zentroetako datuak ziren, eta hor ikusi zen Lautada mailan zerbait egiteko beharra".

Osasun mentalaren egoera Lautadan

Zenbakiak kezkagarriak dira. Osakidetzak emandako 2024ko azken datuen arabera, Arabako Osasun Mentaleko Sarean Lautadako 54 haur eta gazte artatzen ari ziren. Datu zehatzik ez badute ere, taldeko kideek badakite Gasteizko kabinete pribatuetara joaten diren Lautadako familiak handituz doazela. Bestalde, 20223-2024 ikasturtean Aniturri institutuan 5 jazarpen protokolo ireki ziren eta jokabide suizidarekin lotutako beste 10 protokolo. Aurtengo ikasturtean, berriz, 9 protokolo ireki dituzte institutuan jokabide suizidagatik eta beste 5 jazarpen protokolo. Lautada ikastolan, halaber, momentu honetan, 8 protokolo irekita daude eskola jazarpenagatik eta 5 suizidio protokolo.

Umeen eta gazteen Arabako eguneko ospitalean lan egiten du Armendarizek, eta osasun mentalaren alorrean Lautadan dauden gabeziez hitz egin du. "Jendea kezkatuta dago gaur egun gazteen eta haurren artean dagoen osasun mental egoera larriarekin, eta horrekin batera Lautada mailan ez dagoelako horri aurre egingo dion zerbitzurik osasun publikoaren aldetik. Osakidetzak hemengo anbulatorioan ez dauka ez psikologo klinikorik ez haur psikiatrarik ere, ez dauka ezer. Helduetan badago psikiatra bat astean behin edo ordu gutxi batzuk etortzen dena eta baita erizain espezializatua ere", argitu du.

"Lautadan ez dago ez psikologo klinikorik ez haur psikiatratik"
Maribi Armendariz

Institutuan eta ikastolan ere ez dago psikologorik. Jokabide suizidak eta eskola jazarpena antzemateko eta egoerari aurre egiteko protokoloak daude, baina ez berariazko arreta psikologikoa. Aniturri Institutuko zuzendaritzako Bizikidetza arduraduna da Baglietto, eta ondo ezagutzen du egoera."Hezkuntzan baliabide falta itzela dago errealitate horri aurre egiteko. Datuek iaztik hona diote jokabide suizidak igo direla. Mozioan eskatzen genuen bezala, Lautada mailan nerabeak eta umeak artatzeko haur psikilogo bat behar dugu. Eta Legebiltzarrera ere eraman nahi dugu aldarrikapena, eta hor eskatuko dugu psikologoaren figura ezartzea institutuetan eta ikastolan. Gaur egun ez dago figura hori. Aholkulariak daude, psikopedagogoak dira, baina ez dute formakuntzarik horri aurre egiteko", esan du.

Izan ere, Aguraingo ikastolako eta institutuko gurasoen elkarteek psikologoen kabinete pribatu bat kontratatu zuten pandemiaren ostean, arreta psikologikoa izateko beharra zegoelako eta hura zelako aukera bakarra. "Lehenengo urtean ikasle gutxi batzuk artatu zituzten. Hurrengo urtean beharrak gero eta gehiago zirenez ikasle pilo batek parte hartu zuen, baina gurasoen elkarteak ekonomikoki ezin du hori sostengatzen jarraitu" azaldu du Bagliettok. "Terapia beharrezkoa da, baino askotan luxua da", gehitu du Larreinak.

Prebentzioa eta komunitatea, ardatz

Gazteen osasun mentalaren inguruko arreta osasun publikoak eskaini behar duela azpimarratu du Armendarizek baina horrekin batera ere prebentzio gune bat behar dela esan du, alegia haurren eta nerabeen osasun mentaleko alorrean Lautadako populazioarentzat erreferentziazko gune bat. "Gu komunitate txiki-ertain bat gara, ez gara Gasteiz bat, zorionez herritarren sarea badago, eta horren bitartez ea zaintza sare bat osatzea lortzen dugun guztion artean".

Zaintza sarea elkarlanaren bitartez osatu nahi du Burua Zaindu Lautadak, eskualdeko familiekin, instituzioekin, elkarteekin eta ikastetxeekin. Armendarizek azaldu duenez, aholkularitza eta entzuteko gune bat izatea nahi dute. "Informazio gunea izatea, formazioa eskaintzea eta ekintza konkretuak proposatzea, adibidez paseo terapeutikoak edota kafe tertuliak… Ez du zertan izan behar guregana etortzea baizik eta gazteak dauden tokietan bertan edo eskolako gurasoekin antolatzea, eta ez bakarrik Agurainen baizik eta Lautadako udalerri guztietan".

Maiatzaren 15ean deialdi orokor bat egin zuten taldea sortzeko, eta oso harrera ona izan zuen. Hortik talde motore bat atera da, eta talde eragile bat ere sortu nahi dute. Uztailaren 3an geratu dira berriz ideiak eta asmoak guztien artean partekatzeko, eta hurrengo ikasturterako plangintza bat egingo dute. "Bilera horretan egon ziren gazte erakundeak eta ikasle erakundeak. Beharra dutela esan dute, baina ez dakigu noraino parte hartuko duten, desmobilizazioa handia delako eta gazteak inplikatzea ez delako erraza", aitortu du Armendarizek.

"Terapia beharrezkoa da baina askotan luxua da familientzat"
Ana Larreina

Familien aldetik ere parte hartze handiagoa faltan botatzen dutela azpimarratu du Bagliettok. "Institutuan bilerak antolatu dira familiekin suizidioaren eta jazarpenaren protokoloak ezartzeko orduan alertak non dauden  azaltzeko, baina familia oso gutxi etorri dira formakuntza horietara. Hor hutsunea dago", aitortu du. Halaber, mugikorren eta pantailen erabilera okerraren inguruan kontzientziazio lan handia egin behar dela azpimarratu du Bagliettok, mugikorren erabilerak ekarri dituelako arazo ugari: erlazio toxikoak normalizatzea, botere desorekak, bortizkeria, azaleko harreman sexuafektiboak garatzea, pornoaren eragina, kontrola edo sumisioa aipatu ditu. "Guraso bezala agian beldurra dago onartzeko sarritan gauzak gaizki egiten ditugula; ez dugu jakin nahi, ezin dugu onartu".

Halere, taldeko kideek uste dute arazoa orokorra dela, gizarte eredua dagoela atzean, eta gizarteak ez duela haurren eta gazteen osasun mentalari buruz hitz egin nahi. Jendeak atzera egiten duela eta beste alde batera begiratzen duela esan dute Burua Zaindu Lautadakoek. "Ez dago inolako presiorik, ez dago kanpainarik. Ez da hitz egiten kalean. Droga legalen eta ilegalen kontsumoa, adibidez, oso normalizatua dago DBHko eta Batxilergoko ikasle gazteen artean, eta horrek duen inpaktuaren inguruan ez da ezer esaten. Edari energetikoek, adibidez, oso kalte handia egiten dute, baina ez da ezer esaten. Ez dago ezer horren inguruan, ez dago informaziorik. Bakoitzak hartuko ditu bere erabakiak, baina informazioa egon behar da", azpimarratu du Armendarizek.

Egoera zaila eta baliabide gutxi izan arren, itxaropena dute komunitatearen inplikazioari esker asmoa aurrera aterako dela. Prebentzio lana egiteko orduan landa eremuan egoteak, komunitate txikiago batean egoteak, lagundu dezakeela uste dute. "Herriaren kontrol txiki bat badago, eta horrek laguntzen du. Komunitate izaera dago Lautadan. Eta naturak ere laguntzen du, baina egia da deskonexioa gero eta handiagoa dela, pantailak ditugulako etengabe, gizarte globalizatu batean gaude eta etxean sartuta daude gazteak, eta gurasoak pozik umea gelan sartuta dagoelako, ustez babestuta", esan du Armendarizek. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago