Gebaratarren Dorretxean turismo eta kultura espazio berria egokituko dute

Erredakzioa 2025eko ekainaren 2a

Gebarako Dorretxearen aztarnak. Argazkia: PHOT.OK

Next Generation funtsak baliatuko ditu aldundiak 814.000 euroko inbertsioa egiteko.

Gebaratarren Dorretxea birgaitzeko proiektua diseinatzeko eta obra egiteko zortzi hilabeteko epea ezarri du Arabako Foru Aldundiaren Kultura eta Kirol sailak, eta ekainean aurkeztu beharko dituzte enpresek lizitaziorako proposamenak. Aldundiaren asmoa da Barrundian kokatuta dagoen Gebaratarren Dorretxean turismo eta kultur espazio berria zabaltzea. Horretarako, Europako Batasunaren Next Generation EU funtsak baliatuko ditu.

814.00 euroko aurrekontua du XV. mendeko eraikina erabilera berrirako egokitzeko proiektuak, eta zazpi hilabeteko epean amaitzea aurreikusita dago, alegia hurrengo urterako.

Luxurik gabe

Aldundiko Kultura sailarekin batera, Edurne Ureta Alcubierre, David Velasco Prieto eta Isabel Murillo Caballero arkitektoek egin dute obraren oinarrizko diseinua eta finkatu dituzte obraren helburuak. Eraikinak denborarekin jasan duen etengabeko narriadura gelditu nahi dute lehenik eta behin, egiturak kolapsoa izateko arriskua baitago. Halaber, dorretxearen historia behar bezala interpretatu ahal izateko lan eszenografikoa eginen da.

Hartara, eraikinaren aurriaren "erakargarritasun eszenografikoa" mantendu nahi dute arkitektoek eta, era berean, jauregiaren barruan programa kulturala garatzeko beharrezko diseinua egin, "luxurik gabeko trazadura soilari eta eraikinaren zati desberdinen arteko –dorreak, horma-arteak eta erdiko patioa– harreman funtzionalei leiak izanik".

Proposamenaren funtsezko ideia da Gebarako Dorretxearen "gela zaharrak berpiztea". Horretarako, beheko solairuan espazio itxiak eta irekiak tartekatuko dituzte; lehen solairua, berriz, estali gabeko espazioa izango da eta harmailak jarriko dituzte; eta patioa espazio eszeniko handi bat izanen da. Halaber, iparraldeko dorrean erabilera publikoko gunea  kokatuko dute, erakusketak edo hitzaldiak  antolatzeko. Obra amaitzen dutenean, barruko espazioan, 257 pertsonentzako tokia egonen da eta 500 lagunentzako tokia kanpoko espazioetan.

Erromako Sant Angeloren antzera

Gebaratarren Dorretxea Gebarako Gazteluaren oinaldean dago, herriaren kanpoaldean. Eraikin bikaina izan zen, baina gaur egun dorre nagusiaren eta harresien azpitik igarotzen ziren galeria gangadunen hondakin gutxi batzuk baino ez dira geratzen. 1964an dorreetako bat zaharberritu zen.

Hegoaldeko eta ekialdeko aldeetan, harresien behealdetik zihoazen gangadun galerietan sar daiteke oraindik, eta bertan lau kanoi-zulo irekitzen dira. Harresien goiko gorputzean gangadun beste galeria baten aztarnak ere geratzen dira, kanpoko harresia defendatzen zuten dorreen aztarnak, baita hegoaldeko ateak ere.

Harresien barruan arma plaza edo patio bat zegoen, eta haren barruan zegoen gazteluko dorre handi bat, patioaren mendebaldean. Dorre ikaragarria zen, hamar metro inguruko diametroa baitzuen.

Gebarako gotorlekua garaiko arkitektura militarraren adibide garrantzitsua da. X. mendeko gaztelu zahar baten gainean berreraiki zela uste den arren, XV. mendean eraiki zen, Erromako Sant Angelo gazteluaren antzera.

Erlazionatuak

Gebara, gaztelupeko hotsak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020 abu 26 Lautada   Barrundia

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago