Gure bazterrak

Gebara, gaztelupeko hotsak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko abu. 26a, 11:30

Mende luzez  Gebarako gotorlekua Ekialdeko Lautadako jauntxoen etxea izan zen.

Arabara eta Gipuzkoara doazen bideen gurutze estrategikoan kokatuta dago Gebara, Zadorra ibaiaren ertzean eta Aldaiako mendiaren magalean. Duela urte batzuk berreskuratu zuten XV. mendean Gasteizera heltzeko, eta Aguraingo hiribildutik zetorren Donejakue bidea ordezkatzeko ere Postaren Errege-bidea erabiltzen hasi ziren; eta egun, Arabako ibilbide laburreko sareari atxikita dago eta erabat balizatuta. Hortaz, buelta polita egin daiteke, oinez, Barrundia udalerri ezkutuan, eta, bide batez, Aldaiako artadiak ezagutu.

Postaren Errege-bidearen ezinbesteko geraldia dago herritik hirurehun bat metro iparraldera. Bertan, Gebarako gaztelua kokatuta dagoen hegoaldeko muinoaren hegalean, gebaratarren jauregiaren aztarnak daude. Egun, dorre bakar bat eta beste biren hormak geratzen dira zutik, baita antzina dorreak lotzen zituzten eraikuntzen horma batzuk ere. Bertatik Zadorrako urtegien eta Lautadako bista ederrak gozatu daitezke, eta Euskal Herriko historiaren parte garrantzitsua ezagutu.

1964. urtean lehengoratu zuen Arabako Foru Aldundiak gebaratarren jauregia

Mende luzez gotorleku hau Ekialdeko Lautadako jauntxoen etxea  izan zen, gebaratarren leinuarena hain zuzen ere. Leinuak herriaren izenetik hartu zuten deitura, XIII. mendearen hasieran. Gebaratarrak Arriagako Kofradiako kide izan ziren desegin zen arte (1332), eta buru-belarri parte hartu zuten XIV. eta XV. mendeetan Euskal Herrian gertatu ziren leinuen arteko gatazketan. 

Araban haiek ziren ganboarren buru, eta alde zituzten leinuekin batera, (Larrintzar, Lazarraga, Lezea…) Arabako Lautadako ekialdea ez ezik, Nafarroarako eta Gipuzkoarako bideak ere kontrolatzen zituzten.

1964. urtean lehengoratu zuen Arabako Foru Aldundiak gebaratarren jauregia, izan ere Lehen Gerra Karlistan, 1839. urtean, 288 arroba bolboraz eraitsi egin zituzten XI. mendeko gaztelua eta XV. mendeko jauregia. Zurbano jeneral liberalak, urtebete lehenago, su eman zion herriari, karlisten alde agertzeagatik.

Kuadrilla: Lautada.

Udalerria: Barrundia.

Biztanleak: 73 (2018ko Eustaten datuen arabera).

Bitxikeria: Albert Jouvin kartografoak eta Aulnoyko kondesak  jaso zutenez, Gebarako gazteluan iratxo gaizto bat bizi da.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago