IXABEL AGIRRESAROBE

"Egonaldiaren kutsua islatuko da nire kontakizunean"

Juanma Gallego 2025ko eka. 1a, 06:00

Orain arte antzerkigintzan eta ipuin kontalaritzan aritu da sortzailea. Argazkia: IXABEL AGIRRESAROBE

Hiru herri txikitan antolatutako sormen egonaldien bitartez, Udalbiltzaren Geuretik sortuak ekimenean parte hartzen ari da sortzaile gipuzkoarra. Handik eta hemendik hartutako ideiekin osatuko du kontakizuna.

Udalbiltzak deitutako Geuretik sortuak programaren hirugarren edizioan parte hartzen ari da Ixabel Agirresarobe (Usurbil, Gipuzkoa, 1971) aktore eta ipuin kontalaria. Araian literaturaren alorreko sormen egonaldia egin ondoren, Ziordian (Nafarroa) eta Eginon ere egongo da.

Nola egin zenuen topo proiektu honekin?

Sortu zenetik ezagutzen nuen, baina nik ez nuen hor nire burua ikusten hor. Izan ere, beti pentsatu izan dut handia egingo zitzaidala. Baina iazko urrian Usurbilen egiten den Booktegi egunera ekarri zituzten Geuretik sortuak-en parte hartu duten artistak, sortzaileak, zenbait udaletako ordezkariak eta antolatzaileak. Goiz horretan parte hartzeko gonbidapena egin zuten. Bada, bertan parte hartu dutenekin hitz egin nuen, eta animatu ninduten proiektua bidaltzera. Modu horretan, amua hartu nuen, eta hemen nago!

Araian egon zarela jakin dugu, baina beste nonbait ere egotekoa zara, ezta?

Proiektu honetan parte hartu dezakete sortzaileek eta udalek. Udal batzuk koxkorrak dira, eta badute aukera egonaldia udalaren gain hartzeko, baina beste herri batzuk txikiagoak dira, eta kasu honetan, gainera, probintzia ezberdinen arteko loturak egiten saiatu dira antolakuntzatik. Zuk ezin duzu erabaki zer lekutara joan: tokatzen zaizun zerbait da.

Itsuan jarritako hitzordu bat bezala...

Bai, guztioi gertatzen zaigu, ez dakigula zein herritan egongo garen. Eta hori niri ere pertsonalki erakargarria egiten zitzaidan. Gutxi joan zaren lekuetara joateko aukera duzu, edo lehenengo aldiz egitekoa. Araian egongo naiz, Ziordian egongo naiz, eta Eginon ere beste astebetez egongo naiz.

Zer aterako da, hortik, azken produktu gisa?

Nik literatura aukeratu nuen, eta idazlan bat egiteko proiektua aurkeztu nuen. Ez dakit ipuina edo liburu laburrean, baina idazlana izango da, ez kontakizuna. Bertan, egonaldiaren kutsua-edo, islatu behar da. Egonaldiak aprobetxatzen dira nire partetik herriei zerbait eskaintzeko. Harremanak eman eta hartu izaten dira; har-emanak, alegia!

Nola irudikatu ahal dugu egonaldi bat inoiz egin ez dugunok?

Hau da sormen bati lotutako nire lehen egonaldia. Beraz, nirea kontatuko dizut. Lotarako leku bat eta herriko jatetxe batean otorduak eman dizkidate. Aldez aurretik hitzordu batzuk finkatuta nituen: herriko ludoteka, edo emakume talde bat, eskola... baina han egotean, beste harreman batzuk egin ditugu, batetik eta bestetik. Eta bertan jendearekin geratu, eta hitz egin, inguruko herriak ezagutu...

Eskualdea aurretik ezagutzen al zenuen?

Araia, bai. Bi aldiz umorezko antzerki topaketetan parte hartu dudalako. Eta Ziordian justu pasa den neguan ipuinak kontatzen egon nintzen. Egino herrian, ez; eta gogoa daukat ezagutzeko.

"Ez genekien zein herritan egongo ginen, eta hori erakargarria egin zitzaidan"

Alde asko aurkitu duzu Arabako eta Gipuzkoako herrien artean?

Alde gutxi dago sumatzeko. Alde gehiago aurkitzen dut herri eta hirien artean. Herri bateko bizitza puri-purian sumatzen delako. Hizkuntza aldetik, egia da batzuek euskaraz badakitela, baina adineko jendeak ez daki. Komunikazioa beraiekin gazteleraz izan da. Halere, bertan uste dutena baino euskara gehiago dakitela esango nuke. Oso atsegina izan da hor egotea.

Gehienbat aktore eta ipuin kontalari gisa aritu zara. aurreneko aldia da literaturari ekiten diozuna?

Usurbileko herriko aldizkariak duela sei bat urte proposamena bota zidan, ea Gabonetarako ale berezirako ipuin bat idatzi nien. Haurrentzako ipuin bat, gutunontzi bakoitzerako opari modura. Erronka asko gustatu zitzaidan, eta txukun samar atera zen. Horrekin lotuta, harrotu nintzen. Ipuin hori ilustrazioekin zihoan, eta Iñaki Martiarena Mattin komikigile eta ilustratzailearekin egin genituen. Lagunak gara, eta askotan batera aritu gara, nik ipuinak kontatuz eta berak zuzenean marrazkiak eginez. Gero, haurrentzako beste ipuin batzuk atera genituen, lehen irakurleentzat, esaldi laburrekin eta errima jokoekin. Ahozkotasunetik oso gertu, hain zuzen. Baina, kasu honetan, idazlana potolo samarra izango denez, erronka handia egiten zait.

Zaila izango da orri zuriaren aurrean jartzea, epaituko ote zaituzten pentsatuz, zerbait txukuna espero dutelakoan... presio hori guztia al duzu gainean?

Dudarik gabe. Baina egia da ere proiektua aurkeztean ideia bat eman nuela, eta horren gainean herrian zer ekarpen egin ahal duten jasoko dut. Egonaldiak laguntzen du herritarrek horren inguruan informazio, anekdotak edo dena delakoak eman ditzaten. Burua borborka daukat. Tira, ideia bat datorkizu, eta gero atzera egiten duzu!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago