Urrestarazutarren aztarna erakutsi dute

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko maiatzaren 12a

Andoni Urrestarazu 'Umandi' eta bere arreba Miren Terese Urrestarazu euskaltzalearekin lotura duten Araiako hainbat lekutatik ibilbide gidatua antolatu dute Lautadako Euskaraldiarekin lotuta.

Maiatzaren 11n ibilbide gidatua egin zuten hainbat lagunek Urrestarazutarren Araia ezagutzeko. Ekimena Euskaraldiaren baitan antolatu dute udalerrian, eta Iñaki Jauregialtzo Beitia artista eta irakasle oñatiarrak gidatu du. Musika ere izan dute lagun ibilbide gidatuan, eta Andoni Urrestarazu Landazabal Umandiren eta Miren Terese Urrestarazu bere arrebaren ekarpena ezagutzeko aukera izan dute bertaratutakoek.

Ibilbidearen ideia iaz sortu zen, Umandiren jaiotzaren urtemugan, 2024ko azaroan bete baitziren 31 urte Araiako idazlea hil zela. Jauregialtzok azaldu duenez, horren harira, herri eskolan lanketa bat egitea adostu zen eskolako zuzendaritza eta 5.eta 6. mailako bi irakaslerekin. "Azaroan burutu zen ikasleekin ibilaldi gidatua eta orain, Euskaraldiaren aitzakian herrian zabaldu da bisita gidatua egiteko proposamena. Euskaraz eta gaztelaniaz eskaini da, baina euskaraz egin da, eta xuxurlariak ere egon dira gaztelaniara informazioa itzultzeko".

Esan bezala, ibilbidearen gidaria irakasle oñatiarra izan da. Miren Terese eta Andoniren informazioa bildu du Jauregialtzok, eta lau geldiunetan eman du idazlearen eta euskara irakaslea eta Araba  ikastolen hazia erein zuen Miren Tereseren berri: "Urrestarazutarren jaiotetxean, Umandi izena duen kalean eta tabernan, Aitzbarren elkartean, hona bideratu baitzuen Andonik bere funtsa, eta Andra Mari baselizan bukatu dugu ibilbide gidatua, hor baitago Andoniren gorputza". Etxe erdaldunetan jaio ziren anai-arrebak, baina gazterik ohartu ziren bere herrien sustrai euskaldunez eta euskararen irakaskuntzari lotu ziren biak", azaldu du Jauregialtzok. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago