Sakelakoetan pilatutako milaka argazkiek dena estali aurretik, argazkilariak izan ziren historiako momentu askoren lekuko bakarrak. Ondo dakite hori Dulantzin, herri gehienetan ez baita izan Vicente Lopezen (Sestao, 1918- Dulantzi, 2001) tamainako argazkilaririk, urteetako halako kronika grafiko oparoa osatu duenik. 30.000 argazkiren artean egindako aukeraketarekin erakusketa antolatu dute Micaela Portilla kultura etxean, azaroaren 22ra arte, altxorra herritarrei erakutsi eta Lopezi aitortza eginez. Erakusketaz harago, ordea, Lopezen argazkiek oraindik "bide emankorra" izango dutela uste dute sustatzaileek.
Etxean gordetako argazkiak 2013an utzi zituen Arabako Artxiboaren esku familiak, eta hasiera batean funtsa digitalizatzeko saiakera egin bazuten ere, gaur egun sorta txiki bat baino ez dago denen eskura Photo Araba webgunean. Lan eskerga ezagutzera emateko familiak diputazioari egindako proposamenaren ostean, baina, hainbat urtez ideia hori bueltaka izan duten kideek hartu dute egitasmoa antolatzeko enkargua; Erdi Aroko Araba elkarteko Ander Gondra eta Jabi Soto arduratu dira dulantziarraren lana ikertu eta nolabait herritarrei bueltatzeaz. "Argazki guztiak ikusi eta gero, esajeratu gabe esan dezaket sekulako altxorra dela. 1940 eta 1950eko hamarkadetan, batik bat, ez zen ohikoa kamera izatea, eta herri gutxik esan dezakete XX. mendea islatzen duen halako lan grafiko bat dutenik", nabarmendu du Gondrak. Landa eremuko egunerokoa islatzen dute Lopezen argazkiek, garai bereko Alberto Schommer edo Arque estudioko Federico Arozenak eta Gregorio Kerejazuk ez bezala, historialariak aipatu moduan, eta herritarrekin zuen lotura ere nabari da argazkiotan. "Ziurrenik teknika hobeto menderatuko zuten aipatu argazkilari hauek, eta argazkilaritza ikasketak izango zituzten, baina Lopezek konexioa zuen herritarrekin, beste bildumetan antzematen ez dena".
"Argazki guztiak ikusi eta gero, esajeratu gabe esan dezaket sekulako altxorra dela"
Ander Gondra, Erdi Aroko Araba elkartea
Baina nor izan zen Vicente Lopez? Herrian Vicentín ezizenez ezagutzen zuten. Dulantziko ileapaindegi nagusia zuen, aitaren ofizioari jarraiki, baina argazkilaritza zuen zaletasun, eta bere kontura ikastea erabaki zuen. "Egun pare bat eman zituen Schommerren dendan argazkilaritzari buruzko oinarrizko kontuak ikasten, baina hortik aurrera bere kasa lan egin eta hobetu zuen teknika, etxean zuen bere errebelatzeko gelan sartuta", gogoratu du Gondrak. Gutxinaka-gutxinaka, Lautadako berriemaile kargua bereganatu zuen, eta argazkiekin batera zenbait kronika ere idatzi zituen El Pensamiento Alavés, La Gaceta edo Norte Exprés egunkarietan.
Lan mardularen artetik, 200 bat argazki aukeratu dituzte Dulantzin egunotan ikus daitekeen erakusketan. Landa bizitzaren erabateko eraldaketa bizi izan zuen, eta horren isla ere badira bere argazkiak. "1940eko hamarkadan hasi zen argazkiak egiten, eta pentsa garai hartan nolakoak ziren nekazaritza lanak eta nolako iraultza izan zen 50eko hamarkada erdialdean, eta, batez ere, 60ko hamarkadan makineriaren etorrerarekin. Oso ondo jasotzen du aldaketa hori".
Kirol eta lehiaketen atalean, berriz, kronikari moduan egindako lanaren emaitza ikus daiteke, besteak beste, jendez gainezka dauden Mendizorrotzako partiduak edo herri kirolak. "Sokatira argazki ugari ditu, baita gaur egun ohikoa ez den tokietan egiten zenean ere; San Bitor baseliza inguruan, esaterako". Gasteizko hainbat zezenketatan ateratakoak, eta, bitxikeria moduan, 60ko hamarkadan Gasteizen izan zen motoziklismo talde baten irudiak ere badaude. Jai eta ospakizunen atalean, ez dira falta urteroko hitzordu zituen Aguraingo ganadu azoka eta Dulantziko Aiarako santutegiko erromeria, beste batzuen artean.
Emakumeen parte hartzeak eta lan munduratzeak ere atal berezia dute. Ohikoagoak izan daitezkeen azoka, denda eta tabernetako saltzaileekin batera, horren presente ez dauden esparruetako argazkiak ere ikusiko dituzte bisitariek. Radio Vitoriako lehen kazetariak esatari lanak egiten, estatuko lehenengo emakume taxilarietako bat, telefonistak, edo Dulantzin zegoen bakailao fabrika batean lanean ziren emakumeak. "Prentsan egin zuen lana ere ekarri nahi izan dugu, publikatu zituenenen artean beharbada atseginenak, kronika latzak ere egin bazituen ere; kasu honetan, patata erraldoi bat zuen nekazariarekin edo eguneroko bestelako argazki kuriosoekin".
Erakusketari amaiera emateko, oihal handi batean ehun bat lagunen erretratuak bildu dituzte. Argazki funtsetan maiz ez diote atal honi gehiegi erreparatzen, baina herriarekin duen lotura agerian uzteko nabarmendu nahi izan dute erretratugile lana. "Oihal horretan aurreko ia belaunaldi guztiak daude; ez dut uste auzokiderik egongo denik belaunaldiren batekin edo bestearekin lotura izango ez duenik", azaldu du Gondrak. Gainera, herritarren parte hartzea ere sustatu nahi dute, eta argazkietan ageri direnak identifikatzeko laguntza eskatu dute, bakoitzaren fitxa betetzeko aukera emanez. "Erakusketa hau lehendabiziko hurbilketa bat izango dela uste dugu, hasiera bat baino ez, eta herritarren laguntzarekin gehiago jakin eta osatzen joango garela".
Argazkilariari aitortza
Erakusketa prestatzerako garaian, ezinbestekoa izan dute Vicente Lopezen familiaren laguntza. Iñaki semeak eskertu egin du Erdi Aroko Araba elkartetik egin duten lana: "Faltan botatzen genuen halako egitasmo bat. Dulantzi lau haizetara zabaltzen lagundu zuen herritarrak merezi zuen hainbeste, eta herriak berak ere merezi zuen altxor hau eskuetan izatea". Eta halakoxea izan da erantzuna ere, gogoratu duenez, herritarren harrera "sekulakoa" izan baita. Dulantzi zein Lautadako herrietako lagun ugari gerturatu dira argazkien artean familiako arrastoen bila. "45 urtetik gorako dulantziarrek etxean entzundako gauza asko, ziurrenik ezagutzen ez zituztenak, beren begiekin ikusi ahal izan dituzte erakusketan, eta horrek gauza asko mugiarazi dizkie".
Iñakik berak argazkietako asko berriz gogoratu ditu erakusketan ikustean, horietako askoren azalpenak entzun baitzituen aitaren ahotik, eta beste batzuk bere begiekin ikusi. Gogoan du familia ugarietako ziurtagirietako argazki txartelak egin behar zituenean, aitaren atzetik joaten zela asteburuetan etxerik etxe. "Familiak kafea hartzen ari ziren; atzean maindire zuri bat eskegi, denak dotore jarri, eta hala ateratzen zien argazkia beraiek behar zuten dokumentaziorako". Etxeko egongela ondoan zuen gela txiki batean errebelatzen zituen argazkiak, orduak eta orduak hantxe. Edozein partidu edo ekitaldiren ostean etxera iristean gelara sartu, negatiboak atera, kamerako klitxeak handigailuan sartu, eta berak egiten zuen prozesu guztia. Hurrengo egunean, goizean goiz, Gasteizera eramaten zituen egunkarietan publikatzeko. Argitaratu ostean, gainera, herritarrek ikus zitzaten, ileapaindegiko erakusleihoan zintzilikatzen zituen argazkietako asko. Igandero, meza ostean, ohitura bilakatu zen herritarrek Lopezen argazkiak bilatzea. "Horietako batzuk salgai jartzen zituen, herritarrak eurak agertzen zirelako, eta beste asko informatzeko asmoarekin bakarrik jartzen zituen, prentsa irakurri ez zutenek aukera izan zezaten kopia bat ikusteko", gogoratu du semeak.
Lautadako kronista erakusketa bide luzeago baten lehendabiziko pausoa izan dela nabarmendu dute sustatzaileek, eta argazkiek piztutakoari helduko diote aurrerantzean ere. Hilaren 22tik aurrera, hain zuzen, hainbat saio antolatu dituzte Lautadan, argazkien bitartez solasaldi desberdinei aukera emanez, Gondrak gogoratu duenez. "Eta, zalantzarik gabe, argazkien artean oraindik ikergai ugari dago etorkizuneko ikertzaileentzat, demagun Alaves edo zezenketak gai zehatz modura aztertu nahi dituztenentzat. Hau hasiera baino ez da".