Animaliak ikusi eta giroaz gozatzera joaten da orain, baina artzain gazta txapelketan ere parte hartu izan du hainbat urtez haren emazte Yolanda Elosegik egiten zuen Gordoan gaztarekin. Erretiroa hartu ostean, lagunekin disfrutatzera gerturatuko dira aurtengoan.
Erretiroa hartuta egon arren, ardiak ezin alde batera utzi...
Noizean behin bisita egiten diet. Gaur bertan haiekin izan naiz Opakuako etxolan, nire ardiak izan zirenak bisitatzen. Erretiroa hartu nuenean, beste lagun baten esku geratu zen artaldea eta ustiategia, eta tarteka bisita egitea gustatzen zait. Ez dut beharrik, baina ez naiz geldirik egotekoa eta...
Ba al da artzain lanarekin jarraituko duenik?
Aurretik ofizioan aritutako gazte baten esku geratu dira ardiak, baina ez da erraza izan lekukoa uztea. Lautadan, eta lurralde osoan esango nuke, belaunaldi aldaketa oso zaila da. Gazteek gaur egun nahiago dute fabrikan lan egin, beharrezko orduak bete eta dagozkien jai egunak hartu. Normala denez, bestalde. Denok behar ditugu gure atseden egunak eta jai egunak, eta ofizio honetan ez dago bajarik, norbaitek egin behar du zuk egin gabe utzi duzuna. Alabekin ikusten ari naiz hori, beste bizi-kalitate bat dute. Bi alaba ditut, eta bati gustatzen zitzaion gure lana, nirekin izan zen denboraldi batez ofizioa ikasten, baina laster ikusi zuen inguruko lagunek jai egunak zituztela, asteburuetan jai, eta berak lan egin behar zuela; azkenean beste bide bat hartzea erabaki zuen.
Errelebo falta orokorra da, beraz.
Erretiroa hartzen goaz zaharrak, eta, aldiz, gazteak ez dira sartzen. Lautadan argi ikus daiteke. Esnearen kalitatea kontrolatzeko elkartean ikusten dut hori; 60 bat lagun izatetik 30 bat izatera pasa dira.
Gogorra al da artzain ofizioa?
Ez dut esango gustura ibili ez naizenik, gustatzen zait, baina menpeko lana izan da gurea, eta bokazioa behar du artzainak. Lan honetan ez dago astebururik, eta hutsik egin gabe lan egin behar duzu aurrera atera ahal izateko. Ardiekin lanak amaitutakoan, gaztak banatu edo beste hainbat kontu, beti dago zereginen bat. Bestalde, badira ofizioa familian jaso dutenak eta gustuko dutenak, baina oso zaila da euren kabuz hasieratik dena muntatu behar dutenentzat; artaldea, lurra eta pabiloia erosi behar dutenentzat. Eta horri, gainera, gero eta eskakizun gehiago pilatzen zaizkio. Nire aitak, artaldearekin zebilenean, ez zuen hainbesteko paperik bete behar, baina orain gauzak asko aldatu dira, eta idazkari bat behar duzu ustiategiko paperak txukun eramateko.
"Ezinezkoa da otsoa eta abeltzaintza estentsiboaren arteko elkarbizitza"
Idiazabal jatorri izendapenaren barruan ere izan zarete.
Hainbat urtetan egon gara Idiazabalen, eta hor egon ahal izateko ere zenbait kontrol eta eskakizun pasa behar dira. Bateko eta besteko, lana pilatu egiten da.
Zure kasuan, belaunaldiz belaunaldi igaro da ofizioa, ezta?
Odolean daramadala esan dezaket. Aita eta aitona ere artzainak izan ziren, zegamarrak, eta gazta ere egiten zuten. Negu partea kostaldean pasatzen zuen aitonak; transhumantzian Plentzia aldera joaten zen Zegamatik. Han bost bat hilabete igarotzen zituen ardiekin, ez baitu hemen bezala elurra egiten. Aitak Urbian izaten zuen artaldea, eta kosta inguruan ere igarotzen zituen sasoiak. Askotan lagundu izan diot Larrabetzu aldera ardiekin, oinez bost egunez, eta bakarrik ere egin izan dut bide hori. Bestalde, Arabako larreetara igarotzen zenez ardiekin, alde honetan etxe bat erostea erabaki zuen. Eta nik neuk, ezkondu nintzenean, bizimodua zertxobait aldatzea erabaki nuen, seme-alaben erosotasunagatik, eta Lautadan prestatu genuen ustiategia. Larrabetzun ezagutu nuen Yolanda, eta Arabara etortzea erabaki genuen. Bi anaiak, berriz, Gipuzkoa aldean geratu ziren eta hantxe jarraitzen dute ardi eta gaztekin.
Atzera begira, desberdin egingo zenuke?
Beti daude hobeto egin daitezkeen gauzak, noski. Eta jarraitu beharko banu, berritu beharko nituzke zenbait kontu. Garai batean Opakuako mendian egiten genuen denboraldi amaieran eskuz jezten genituen ardiak, eta ziurrenik orain beste modu batera egingo genuke. Aldaketak egin behar izaten dira. Azkeneko urteetan ez dugu inbertsio handirik egin, egia esan, ikusten genuelako ez genuela atzetik inor, eta halako pabiloi batean aldaketak egitea oso garestia da. Modernizatzeak inbertsio handia egitea esan nahi du. Baina, hala ere, urteekin ustiategia ondo mekanizatuta izatea lortu genuen, eta pozik ginen emaitzekin. Sekulako pena eman dit utzi behar izateak, egia esan...
Gordoan izeneko gazta ere faltan botako dute hainbatek...
Bai, gerturatzen zaizkigu batzuk gazta eske, baina... Hori ere artzaintzarekin batera uztea erabaki genuen. Aukera bat izan zitekeen gaztekin bakarrik jarraitzea, baina guk geure esnearekin egin ditugu, eta beste lekuren batean jaso beharko genuke. Industriak jasotzen du inguruko esne gehiena, eta gero eta eskasagoa da, abeltzain gutxiago dagoelako.
Puntako gaztagileak elkartu zarete Lautadan.
Bai, kilometro gutxian ugari, eta espero dezagun horri eustea. Baina ez dakit luzaroan posible izango den. Arriolan eta Gereñun gazta egiten zuten ezagun batzuek ere erretiroa hartu dute, eta utzi behar izan dute errelebo faltagatik. Gure kasuan, Yolanda emaztea izan da, batez ere, gazta egiten aritu dena, nahiz eta elkarri lagundu diogun lan guztietan.
Zein da gazta egiteko sekretua?
Nire gurasoek beti egin izan dute gazta, Urbiako txabolan, eta familian egiten ikasi du Yolandak ere. Etxean ikasitakoa, batetik, eta Artzai Gazta elkarteko teknikarien aholkuak jarraituta, bestetik, ikasten joan da. Eginez ikasten da, eta gaizki ateratzen denean modu berriak bilatuz; batzuetan galdu beharra dago, baita ere, irabazi ahal izateko. Hala ikasi dugu, eta nahiko ondo joan zaigu ahoz ahokoaren ondorioz. Hainbat sari ere jaso ditu gaztak, baina, sariak sari, garrantzitsuena bezeroa gaztarekin gustora geratzea da, eta berriz ere erostera bueltatzea. Anaiek ere gazta egiten dute, Olaberria aldean, Aizpea eta Txoko gaztak, eta orain eurei egiten diet enkargua.
Joan den astean omenaldia egin zizuten Amurrion, erretiroa hartu duten Mila Iturriaga, Vitoriano Gochi eta Jose Miguel Iturraterekin batera.
Orduan ere hizketagai nagusia errelebo falta izan zen artzaion artean. Atzetik ofizioarekin jarraituko duenik ez bada, jai dugu. Otsoen erasoak ere izan ziren gaietako bat; otsoa eta abeltzaintza estentsiboaren arteko elkarbizitza ezinezkoa baita.
Kuartangon egon ziren erasoak salatu ziren, besteak beste.
Nik ez dut zuzenean bizi izan otsoaren erasoa, baina gertutik ezagutzen dut arazoa. Beste leku batzuetako lankideak daude esne kontrolaren elkartean, eta askok gau eta egun egon behar dute ardiekin; horrela ezin daiteke bizi.
Zein izan daiteke konponbidea?
Leku horietan otsoak akabatzea. Hori da konponbidea. Edota otsoaren babesa eskatzen dutenak otsoekin bizitzera joatea, benetako errealitatea zein den ezagutu dezaten. Euren ardiez bakarrik bizi den artzain batek, bere inbertsioak ordaindu behar dituen artzain batek, eta familia aurrera atera behar duenak, ezin du otsoarekin batera bizi. Ezinezkoa da. Orain, gainera, gero eta txakur gehiago dago mendian, eta esango nuke are gehiago daudela pandemiaz geroztik, eta ardien gainean egon beharra dago. Azkenean ezin izango dira ardiak mendira igo, ezinezkoa delako, gau eta egun egon beharko duzulako beraiekin. Eta, jakina, latxa ardiak izateak ustiaketa estentsiboa egitea esan nahi du; larre komunaletara eraman behar da artaldea.
Amurrio ostean, Agurain izango da artzainen topalekua?
Aguraingo azoka beti izan da lankideak topatu eta elkartzeko zita. Gainera, gazta egiteari utzi genion, eta lasaiago gabiltza orain; lagunekin bazkaltzeko aprobetxatuko dugu azoka eguna. Hori ere egin beharra dago eta!