2020an eman zituen lehendabiziko pausoak Lautadako Zokorrak LGTBIQ+ taldeak, eta plaza erdigunera bidean beste bat emango dute Aguraingo jaietan. Lehenengo aldiz, talde modura txosnan parte hartuko dute aurten "presentzia areagotzeko" helburuarekin. "Jaietan presentzia hori izateko asmoz, Ikusgune behatokiarekin batera, karpa bat antolatu genuen iaz, eta aurten txosnan sartzea pentsatu dugu", nabarmendu du Zokorrak taldeko kide Aitorrek.
Gutxinaka-gutxinaka, Kuadrillan ezagutzera ematen ari dira "sexua eta genero askatasuna" aldarrikatzen dituen taldea, hamar bat lagun buru eta beste hogei bat lagunen kolaborazioarekin. Agurain eta Araiako lagunek osatzen dute, batik bat, baina Lautadako talde feminista desberdinekin ere ari dira elkarlanean. "Denborarekin ikusi dugu erantzun bat izan duela taldeak herrietan, Zokorraken presentzia nabarmenagoa dela, eta erakunde eta talde desberdinetatik kontuan hartzen gaituztela". 2020ko ekainaren 28an, gay, lesbiana, transexual eta bisexualen nazioarteko egunaren bueltan, hasi ziren antolatzen ekitaldi desberdinak prestatzeko, eta, azkeneko urtean hilabetero antolatu dute jardueraren bat. "Handia izan da taldeari izena jartzea, aurkeztea eta jendeak hemen gaudela ikustea; parte hartuko dugula erakutsi dugu, eta erasoei erantzuteko prest gaudela", aipatu du Aitorrek, taldea sortu berritan Agurainen agertu ziren pintada homofoboak gogoan.
Elkarretaratzea deitu dute larunbatean, "hemen" daudela aldarrikatzeko
Herrietan "askatasunez" bizitzeko aldarria zabaltzearekin batera, Zokorrak osatzen duten taldekideentzat ere baliagarri izaten ari da, konfiantzazko talde bat sortu eta bizipenak partekatzeko. "Besteak beste, 'sexilioa' bizi izan dugunon esperientzia, identitatea aske bizitzeko asmoz hiri handiago batera jo dugunona, Gasteizera hainbat, edota bizitza osoa herrian egin dutenen esperientzia entzunez", gogoratu du Aitorrek. Adin desberdinetako, identitate eta sexualitate desberdinetako lagunak batu dira Agurainen, eta mahai gainean esperientziak ere "askotarikoak" dira.
Aniztasun horren isla Araiako jaietako marianitada transfeministara eraman zuten, eta Aguraingo txosnetara ere eraman nahi dute aurten. Lehenik, jaiak hasi aurretik, herrietako talde feministekin batera, elkarretaratzea deitu dute larunbaterako, 12:30ean, "hemen" daudela aldarrikatu eta erasoen aurrean antolatuta daudela gogoratzeko. Eta, jaietan murgilduta, 17:00etan, Haizemin eta Posidonia Oceanica euskal trabestiekin girotuko dute txosnagunea, "txosnetan trabestiak egotea garrantzutsua delako, aldarrikatzailea, beharrezkoa".
Jaien ostean, martxoan egin zuten jaialdiaren moduko "ideia zororen batekin" bueltatuko da Zokorrak, izen bereko Lautadako sorgin gorrotatua gogoan.