Aguraingo jai herrikoiak arriskuan daude. Hala adierazi dute txosnagunea eta afari ibiltaria antolatzen dabiltzan pertsonek, ezin dutela eusten jarraitu jaien antolaketak dakarren lana. Herritarren parte hartzea handitzen ez bada, desagertu egingo dira Aguraingo jai herrikoiak. Jendeak ez omen du nahikoa ematen. Galdera zaharra da, zer eskatzen du herriak?
Badirudi aguraindarrek eskertzen dutela txosnetan eta afari ibiltarian egiten den eskaintza. "Parte hartze pasiboa" urterik urte geroz eta handiagoa dela ikusten dute antolatzaileek, baina, aldiz, parte hartze aktiboa geroz eta txikiagoa. Pertsona gutxiren lanari esker irauten dute jaiek, baina egoera ez da jasangarria. Ikusten ez diren lan horiek, aurre prestaketa, muntaketak, otorduak, txandak, norbaitek egin behar ditu, hori baita jai herrikoien muina. Herritarren parte hartzearekin sostengatuko dira, edo ez dira izango.
Jai herrikoiak arriskuan daude, eta "zurea da ardura!"
Gazte zein heldu, ardurei heldu
Uda amaieran "SOS jai herrikoiak!" entzun zen Agurainen, eta askok pentsatu zuten agintariren batek izango zuela jaiak arriskuan egotearen ardura. Laguntza eske atera ziren jai herrikoien antolatzaileak, bai, baina oraingo honetan ez zen udalaren aurka, ez Poliziaren aurka, ez jai eredu kapitalistaren aurka. Herritarrak interpelatu zituzten zuzenean, "askoren harridurarako". Jai herrikoiak arriskuan daude, eta "zurea da ardura!", hala esan zieten.
Irail hasieran ultimatuma bota zuten. "Parte hartze maila igotzen ez bada, datozen urteetan ez da orain artekoen moduko jairik izango". Aguraindar guztiei egin zieten dei, gazte zein heldu, denen parte hartzea beharrezkoa zela esanez. Urria hasiera heldu da, eta abiatzear daude jaiak. Nabaritu al da aldaketarik ultimatuma eta gero? Baietz diote antolatzaileek, azkenekoetan baina azkarrago hartu omen ditu ardurak jendeak, "nahiz eta txanda guztiak ez diren oraindik bete".
Arazoa sakonagoa da, baina. Beheranzko joera izan du parte hartzeak, urtez urte, jasanezina izateraino. Nork bere arrazoiak ditu parte ez hartzeko, noski. Txosnagunea gazteen kontua dela, ez dutela txandarik egin nahi edo ez daudela arratsaldeko txarangak galtzeko prest. Denetarik entzun dute jai herrikoietako kideek. Zergatik jaitsi ote da horrenbeste parte hartzea?
Jendeak ez omen du hain berea sentitzen, inoiz baino jende gehiago dagoen garaian
Garai berrietako ajea?
Txosnaguneko arduradunekin hizketan, ez dute uste Aguraingo arazoa soilik denik. Izango dira belaunaldi berriak, izango da militantzia ereduen aldaketa, izango da lotura emozionala aldatu dela jai herrikoiekiko, edo herriarekiko, ez da erraza jakiten. Baina garaiak aldatzen ari direla sumatzen dute, zalantzarik gabe.
"Jai eredua gustuko duten arren, geroz eta urrunago ikusten dute haiek parte hartzea". Jendeak ez omen du hain berea sentitzen, inoiz baino jende gehiago dagoen garaian. Hausnarketarako gonbidapena ere izan da jai herrikoien larrialdi deia. "Bakoitzak hausnartzea zein jai eredu nahi duen, ea zer egin duen orain arte jai eredu hori mantentze aldera, eta zer egin dezakeen aurrerantzean".
Kide batek azaldu du jaietan udalak antolatzen dituen ekimenekin daukaten ezberdintasun nagusienetakoa boluntarioen parte hartzea dela. Zuek diruaren truke, guk maitasunetik. "Ahalik eta euskaldunena izango den espazio seguru eta erosoa sortu nahian" aritzen dira lanean.
Autogestioa, zuena
Ohikoa omen da jendeak eskaerak egitea. Diotenez, gurasoen aldetik entzun izan da askotan, "ez duzue ezer egin gure txikientzat", edo "ea noiz egiten duzuen hau ala bestea". Aldea badago, eskatze soiletik, hori gertatu dadin esku hartzera. Salto hori da eskatu dietena herritarrei. "Bakoitzak ahal duen neurrian, eman dezakeena emanez", baina nabarmendu dute denen parte hartzea beharrezkoa dela. "Herriak egin behar ditu jai herrikoiak".