Arabazan Ahozkotasunaren Elkarteak eta Vital Fundazioak Kontalaritza Eskola bat, EAEko lehena, abian jartzeko proiektu berri bat aurkeztu dute. Proiektua ahozko transmisioaren garrantzia berreskuratzera bideratuta egongo da, jatorri geografiko eta eremu desberdinetako profesionalen kalitate artistikoa sustatuz: hezitzaileak, gune feministak, familien elkarteak, liburuzainak, kultura-teknikariak, zaleak, gazte-taldeak, etab. Egoitza Garaion Sorgingunea sorkuntza zentroan izango du, eta prestakuntzak azaroan hasiko dira.
Kultura ekimen berri hori ostegunean aurkeztu dute Itziar Rekalde aktore eta idazleak, Arabazaneko ordezkaria den aldetik. eta Arantxa Ibañez de Opakua Vital Fundazioko zuzendariak.
Ahozko transmisioa, XX. mendearen erdialdera arte, ohiko praktika izan da kultura gehienetan, herrien historiari, haien lorpenei, ohiturei, sinesmenei eta abarri lotuta. Gaur egun, ikus-entzunezkoen garapenak, sare sozialek eta adimen artifizialak hautsi egin dute gu gizabanako eta kolektibo gisa ezagutzeko eta eratzeko hain beharrezkoa den ahozko transmisioaren kate hori. Ondorioz, ahozkotasunaren osasuna, batez ere euskaraz, edukietan, ñabarduretan eta barietateetan hain aberatsa izanda ere, nabarmen murriztu da.
Eskolak, lehenik eta behin, narratzaileak prestatuko ditu. Beste arte eszeniko batzuekin bat datozen jakintzagaiak landuko dira, hala nola espazio eszenikoaren erabilera eta gorputzaren ezagutza; norberaren ahots narratiboa eta estiloa aurkitzea; edo adierazpen-teknikak ezagutzea: ebokazioa, entzutea, komunikazioa eta transmisioa, besteak beste.
Gainera, lanbidearen berezko gaia ondo ezagutu behar da: arketipoak, mitoak, kondairak, ipuinak, literatura: ipuinen esanahi sinbolikoa, egiturak eta abar. Behin ezagutza eta entrenamendua eskuratuta, kontakizunaren sorkuntza bera landuko da, ikuskizun bat eszenaratzeko beharrezkoa den dramaturgia eraikitzeraino.
Hiru ikasturte
Horretarako, Kontalaritza Eskolaren prestakuntza hiru ikasturtetan banatuko da. Lehenengoan eta bigarrenean kontzeptu teoriko-praktikoak landuko dira, eta hirugarrena antzezlanak eta ikuskizunak sortzeko izango da. Gai hauek irakatsiko dira: mitologia, komunikazio-kodeak, kontakizunaren muina eta egitura, sinbologia, genero-ikuspegia, hiri-kondairak, ahozkotasunetik idazketara/idazketatik ahozkotasunera, gorputz-kontzientzia, espazio eszenikoaren sorkuntza, ahots-teknikak, entzutea, elementu eszenikoak, etab.
Kontalaritza Eskolako irakasleak honako hauek dira: Itziar Rekalde, koordinatzailea; Juan Kruz Igerabide, literaturako hainbat alorretan lan egin duen eta haur eta gazte literaturan lan ugari argitaratu dituen idazlea; José Campanari, aktorea, antzerki zuzendaria eta istorioak ahots biziz kontatzeko arteari eta sormenari buruzko laborategietako koordinatzailea; eta Oihana Ameskua, Filosofia irakaslea eta AGORA Filosofia Elkarteko kidea.
Eskolak Garaion Sorgingunea sorkuntza zentroan emango du prestakuntza eta lehenengo ikasturtea azaroan hasiko da. Izena eman eta informazio gehiago eska daiteke arabazanarabazan@gmail.com helbidean.