Araiako gazteluaren sorrerari buruzko susmoak eta zurrumurruak ugari izan dira aspaldi Asparreneko herritarren artean, eta jakinmin hau asetzeko asmoarekin kulturaren pasarte historiko hau berreskuratzeko lanean hasi zen Uharka taldea. Boluntarioen lanari esker, azken zortzi urteetan gazteluaren bide zaharra lehengoratu dute, eta arkeologoek ikerketa ezberdinak egin dituzte, eta urtero Gaztelu Eguna ospatzen dute ikerketa ezberdinek emandako emaitzak gaztelu atarian azaltzeko.
Aurten ere Otsolur Erdi Aroko dibulgazio taldeak girotuko du jaia, garaiko janzkera, ohitura, janari eta bizimodua nola zen azaltzen. Gainera, Sssh No Hay Prisa alboka eta perkusio taldeak garai zaharretara eramango ditu bisitariak. Askaria ere ez da faltako.
J.L. Solaun arkeologoak zuzenduta azken urteotako indusketa eta ondorengo ikerketetan oinarrituta, gaztelua XIII. mendean nola zen berreraikuntza digitala egin dute Patxi Juaristi ilustratzaile zientifikoaren eskutik. SGIkerren Kalkulo Zientifikorako Zerbitzuaren superordenagailuarekin gazteluaren dorrea, harresiak, etxolak, harkaitza igotzeko egiturak ikus daitezke kalitate handiko irudietan. Igandean, hiru dimentsiotako lan hau nola egin den azalduko dute gazteluaren irudiak ikusi bitartean.