Araiako gaztelua hiru dimentsiotan berreraiki du Patxi Juaristi Euskal Herriko Unibertsitateko Ilustrazio Zientifikoko Masterreko ikasleak, eta ikus-entzunezko batean jarri du ikusgai.
EHUk ohar batean azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzarekin eta Asparreneko Udalarekin elkarlanean aritu izan da ikaslea lankidetza proiektua aurrera eramateko. Modu berean, master amaierako lanak EHUko SGIker zerbitzuen babesa izan du. Izan ere, zerbitzuek kalkulu zientifikorako duten potentzia handiko superordenagailuaz baliatu da ikaslea berreraikitzea egin ahal izateko.
Aurreratu dutenez, bideoa interpretazio panel batean txertatuko da, Araiako gazteluan bertan. "Haren bitartez, panelean integratutako QR kodea erabiliz, gazteluan barrena bidaiatu ahal izango dira bisitariak, zehaztasun handiko berreraikitze historikoa eskainiko baitzaie ikus entzunezko formatuan", azaldu du EHUk. Modu horreta, bisitariek "esperientzia aberatsa" biziko ahalko dute, "XIII. mendeko mugako gaztelu bateko bizimodua deskubritzeko". Juaristik Jose Luis Solaun eta Iñaki Dieguez irakasleak izan ditu tutore lanetan.