Kontalaritzak merezi duen plaza har dezan, etengabeko lanean ari dira aspalditik Arabazan Arabako kontalarien elkartea eta Ozetako Garaion Sorgingunea. Profesionalak ofizioan trebatu eta ipuinzaleei eskaintzarik onena emateko helburuarekin, urtean zehar zenbait saio antolatzen dituzte elkarlanean, eta, irailarekin batera, Ipuinen Eguna letra larriz idazten dute egutegian: irailaren 13an eta 14an ospatuko dute aurten ipuinetan murgiltzeko jaia.
Garai batean "umeen gauza" zela uste bazen ere, poliki-poliki hori aldatzen joan dela gogoratu du Itziar Rekalde Arabazaneko kideak, eta jaialdiak ere publiko berriak hartu ditu. "Nagusiki oraindik gurasoak eta umeak diren arren, geroz eta gehiago ari dira etortzen bestelako lagunak ipuina entzuteko plazer hutsagatik". Guztientzako moduko saioak prestatu dituzte Barrundiako sorgingune berezi honetan.
Eta publikoaren antzera, kontalariak ere askotarikoak izan ohi dira. Eskarmentua duten kontalariekin batera, hasiberriek ere badute lekurik Ozetan. "Garai batean ofizioekin egiten zen moduan, ofizioa ondo ezagutzen dutenekin batera ikasteko aukera izango dute esperientzia gutxiago dutenek". Kontalari harrobi berriko Maitane San Juan gasteiztarraren txanda izango da aurtengo jaialdian, esperientzia handiko Odei Arregi, Ane Gebara eta Peio AÒorgarekin batera; irailaren 14an elkartuko dira denak, goiz eta arratsaldez, adin guztietarako publikoari prestatutako saioetan. Aurreko egunean, hilaren 13an, berriz, Ispiluak helduentzako kontalaritza ikuskizuna aurkeztuko du Dorleta Kortazarrek, 19:30ean.
Kontalaritza eskola
Ipuinen Egunarekin batera, ahozkotasunaren tradizioa landu eta gaur egunera ekartzeko lanean ari da Arabazan elkartea azken urteetan, jendaurreko kontalaritzaren garrantzia nabarmendu eta ofizioaren hausnarketetarako gune izaten. "Barruko formazio gune garrantzitsua da Arabazan kontalariontzat, eta, kanpora begira ere, ikuskizunen zabalkunderako prestatzeko erraminta", azaldu du Rekaldek.
Aurrera begira, ordea, beste pauso garrantzitsu bat emango du Arabazan elkarteak, eta kontalariek aspaldi egindako eskari bati erantzungo diote: kontalaritza eskola. Joan den ikasturtean lehenengo proba egin zuten zenbait saiorekin, eta azarotik aurrera, Garaionen bertan, hiru urteko eskola profesionalari ekingo diote. "Bertsolaritzan eman zen jauzia izan dugu beti eredu; bertsoak herriko jaietan bakarrik entzutetik, beste maila batean ere ikertu eta lantzera pasa dira, eta agian guk ere bide horri heldu beharko genioke".
"Bertsolaritzan izan den jauzia izan dugu beti eredu kontalaritzan"
Itziar Rekalde, kontalaria
Hala, ofizioa eta honen kalitate artistikoa sustatzeko ikastaro jarraiak eta trinkoak eskaini nahi dituzte kontalaritza eskolan bertako eta beste herrialdeetako profesionalen eskutik. Elkartetik kanpoko interesdun guztientzako ahozkotasunaren inguruko formakuntza askotarikoak eskaini nahi dituzte, hartzaile desberdinei bideratuta: ipuinzaleei, profesionalei, hezitzaileei, gazte taldeei, besteak beste.
Hiru ikasturte eskainiko ditu eskolak. Lehendabizikoan, kontalaritza eta honen inguruko tresnak ezagutuko dituzte ikasleek. "Ipuinekin hasten gara, askotan, kontalaritza zer den jakin gabe, eta musika zer den jakin gabe partiturekin hastea bezalakoa da hori. Oinarriak jarri nahi ditugu eskolan". Iruditeria, ebokazioa, komunikazio kodeak, kontalari motak, kokapen espazial eta tenporalak, eta bidaia emozionalak jorratuko dituzte horretan, aurreratu dutenez. Bigarren ikasturtean kontakizunen funtsari helduko diote, eta ipuinen egitura, sinbologia, mitoak, ipuin klasiko uninbertsalak, herri ipuinak, genero ikuspegia eta errelatoak landuko dituzte, besteak beste. Azkenik, hirugarren ikasturtean, taularatze prozesua izango dute ikasgai nagusia, profesional batek gidatutako amaiera lanarekin, eta, horretan, ahoz-gorako teknikak, elementu eszenikoak eta ikuskizunaren dramaturgia izango dizuzte ikasgai.
Horien guztien inguruko xehetasunak hurrengo egunetan aurkeztuko ditu Arabazanek.