Ekologistak Martxan taldeak atzo ohartarazitako ustezko isurien harira, UAGA sindikatuak erantzun du Zadorra ibaiak Gebara eta Zuhatzu Donemiliaga parean hartutako kolorazio bitxia ez dela isurien ondorioa, algen hazkundearen emaitza baizik.
Lehen sektoreko sindikatuak ohar baten bitartez esan du URA agentziara jo dutela informazio bila. Sindikatuaren arabera, URAk esan die ez dela isuririk egon, eta kolorea zianobakterioen hazkundeari zor zaiola. Batez ere tenperatura altuak daudenean eta uraren jarioa gelditzen denean sortu ohi dira horrelako egoerak, alga unizelular fotosintetikoak asko hazten direlako.
"Hedabideren batean Ekologistak Martxan-en bozeramaileak aipatu du abeltzaintza ustiategi batetik izandako purinen isuri baten ondorioa izateko aukera", dio UAGAren oharrak. Sindikatuaren aburuz, adierazpen horiek "larriak" dira. "Nekazaritza eta abeltzaintza sektorea nekatuta dago frogarik gabe akusatua izateaz", dio oharrak. Modu beran, sindikatuaren irudikoz, hedabideek "horrelako akusazioak kontrastatu" beharko lituzkete albiste bat argitaratzerakoan.