Zadorra ibaira egindako ustezko isurketez ohartarazi dute

Erredakzioa 2024ko uzt. 29a, 17:11

Gebara parean Zadorrak "kolore fosforeszente bizia" duela salatu dute ekologistek. Argazkia: ZADORRA BIZIRIK

Ekologistak Martxan taldeak bi salaketa aurkeztu ditu URA agentzian, Gebaran eta Zuhatzu Donemiliagan atzemandako kolorazio arraroagatik.

Azken egunotan Gebaran eta Zuhatzu Donemiliaga parean Zadorra ibaian atzemandako kolorazio bitxiaz ohartarazi dute talde ekologistek. Hori dela eta, bi salaketa jarri dituzte URA agentzian. 

Batetik, Gebara herritik pasatzean Zadorra ibaiak "kolore fosforeszente bizia" duela salatu dute. Gutxienez uztailaren 28tik horrela dagoela diote ekologistek. Salaketan eskatu dute egindako ikerketen eta balizko isunen gaineko informazioa jasotzea. 

Bestetik, Zuhatzu Donemiliaga parean Zadorra ibaira izandako "ustezko isurketa" baten inguruko salaketa ere egin du taldeak. Herriko zubiaren parean atzeman dute ibaia "arre" datorrela, eta hori ez dela gertatzen beheragoko uretan. Salaketak dioenez, herriko hainbat lagunek ekologistei esan diete gutxienez azken hamabost egunetan hala dagoela Zadorra. Oraingoan ere, agentziari eskatu diote auzia ikertzeko eta egindakoen berri izateko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago