Mendialdean eta Arabako Errioxan egiten ari diren moduan, Lautadako Kuadrillan ere ondu dute bertako ondare historiko eta naturalaz gozatzeko bisita gidatuen egutegia. Hil honen 14an hasi eta irailaren 22ra luzatuko da bisita hauek egiteko proposamena.
Kasu honetan ere, Erdi Aroko Araba elkarteko adituek gidatuko dituzte ibilbideak. Lehen bisita gidatua Hiru baselizen ibilbidea izango da: Burguko Arraraingo San Joan, Aiarako Gure Andrea eta Kiltxanoko San Pedro ezagutzeko parada egongo da. Ekainaren 22an, uztailaren 28an eta irailaren 15ean izango dira bisitak. Bigarrenarekin Gebarako gaztelu eta jauregia lehen eskutik bisitatu ahalko dira, ekainak 14, 21 eta 28 dituenean. Hirugarren proposamena San Bitor baselizari buruzkoa izango da, uztailaren 14an eta irailaren 22an egingo dutelarik. Laugarrenik, Gipuzuriko baseliza bisitatuko dute, ekainaren 23an eta irailaren 1ean.
Bisitak doakoak izanik ere, aldez aurretik izena eman behar da halabeharrez 945302921 telefonoan, 2turismo@arabakolautada.eus posta elektronikoan edo galdetegi hau betez.