Muhamadu Ladur Sidahamed

"Askatasun grinez betetako ibilbidea izan du Herrikoak"

Jon Hidalgo 2024ko eka. 10a, 12:50

Urteurrenaren dinamika aurkeztu zuten inauterietan. Irati Erro/ Erri Filmak

40. urteurrena ospatzen ari da aurten Aguraingo Herriko Taberna, 'Iraganari so etorkizunerantz' lelopean.

Belaunaldi askoren elkargune, taberna bat baino askoz gehiago izan dela aldarrikatu dute. Iraganaz eta etorkizunaz aritu gara Muhamadu Ladurrekin.

Nolakoa izan da 40 urte hauetako ibilbidea?

1984tik dago martxan taberna, eta sorrera momentua ere berezia izan zen, faktore ezberdinengatik. Langile mugimenduaren borrokek, Martxoaren 3ak barne, pisu handia izan zuten herrian, eta jende asko zegoen nazio kontzientzia eta euskararekiko gertutasun handia zituena. Bi horiek batuta, sentitu zuten topaleku baten beharra zegoela Agurainen, bestelako balio batzuen bueltan arituko zena. Hala sortu ziren Sagarmin elkartea eta Herriko Taberna. Ordutik ibilbidea askotarikoa izan da, baina betea egon da maitasunez, konpromisoz, elkartasunez eta askatasun grinez. Horregatik ziur aski, estatu aparatuen jo puntuan ere egon da taberna. Gainera, belaunaldiz belaunaldi gaitasuna izan du herrian zeuden beharrei egokitzeko, eta belaunaldien arteko transmisio lan handia egin du, nondik gatozen jakiteko. Motor lanak egin ditu Agurain kokatzeko balio aurrerakoi, euskaldun eta independentistetan.

Ibilbide horretan, zer ekarpen egin dio Herriko Tabernak Aguraini?

Askotan esaten dugu ez dela taberna hutsa, eta mundu guztiak daki. Eragile ezberdinentzako babesleku izan da, hainbat ekimen eta dinamikak espazio bat behar izan dutenean, bertan egon da Herrikoa. Topaleku izateaz gain, momentuan egon diren borroka edo ekimenei zabalik egon da beti. Azpimarratuko nuke Lautadaren azken hamarkadetako euskalduntze prozesuaren hauspoa ere izan dela.

 

Muhamadu Ladur Sidahamed, Aguraingo Herriko Tabernako kidea. Argazkia: M. Ladur.

Herriko Taberna askok izan dituzte arazoak auzitegiekin. Nolakoa izan da zuen esperientzia?

Espainiako Auzitegi Nazionalak herriko taberna guztien aurkako auzia abiatu zuenean, Aguraingoaren aurka ere egin zuen. Bahitura edo enbargoa ezarri zion tabernari, eta egon zitezkeen baliabide ekonomikoei ere bai. Baina hor ikusi zen ez zela taberna hutsa. Aguraingo herriak sekulako erantzuna eman zuen, jendea Herrikora hurbildu zen laguntza ematera. Mundu guztia busti zen garaian martxan jarritako dinamikan, eta argi geratu zen ez zela herritik isolatua zegoen proiektu bat, herriaren parte zela, herria bere luze eta zabalean ulertuta. Esaten dugunean Herriko Taberna "libre eta zabalik" nahi dugula, horrela sentitzen zuen gure herriak.

40. urteurrena ospatzeko ekimen ugari antolatu dituzue urte hasieratik, eta ekainaren 15ean jaialdi handi bat antolatu duzue. Zer daukazue prestatuta?

Inauterietan eman genion hasiera urte osoko dinamikari. Erabaki genuen memoria ariketa kolektibo bat egiteko baliatu behar genuela, eta leloa ere hortik doa, Iraganari so etorkizunerantz. Baina, atzera begiratzeaz gain, jorratu ditugu egungo Agurain eta Euskal Herriko errealitateari lotuta dauden gaiak. Liburu aurkezpen eta hitzaldi ugari antolatu ditugu, izan osasun mentala eta sexu lanari buruzkoak, edo inguruko elikagai ekoizleak hauspotzeko ikastaroak. Baina uste genuen egun handi bat behar genuela guztiok ospatzeko 40. urteurrena, herriari begirako eguna. Horregatik heldu da ekainaren 15eko jaia, herriko soziologia ezbedinei eskaintza parte hartzailea egiteko asmoa duena. Banako dantza ikastaroa, herri kirolak, umeentzako eskaintza, herri bazkaria, denetik izango da bertan, eta eguna amaitzeko Dupla eta Beietz taldeen kontzertuak, besteak beste.

"Eragile ezberdinentzako babesleku izan da; hainbat ekimen eta dinamikak espazio bat behar izan dutenean, bertan egon da Herrikoa"

Abesti bat ere atera berri duzue urteurrenerako.

Bai. Beharrezkoa ikusi genuen 40. urteurrena ospatzeko kanta bat egitea eta, sortzailez betetako herri bat izanda, hori erabili nahi izan dugu. Herriko Tabernaren komunitatean egin da modu parte hartzailean. Jarritako doinu baten gainean, jendeari eskatu genion hitzak bidaltzeko azalduz zer zen haientzat herriko taberna, eta hala osatu dugu abestia. Iraganari so etorkizunerantz izena jarri diogu. Ahots ezberdinen artean osatuta dago abestia, eta tabernaren izaera islatzen du horretan ere.

Nolakoa izan da urteurrenerako egin duzuen memoria ariketa? Sorginetxe aldizkaria ere berreskuratu duzue.

Sorginetxe aldizkaria 1979an sortu zen Agurainen, frankismoaren osteko lehen udal hauteskundeen bueltan, herritarrei helarazteko Aguraini zegozkion denetariko gaiak. Ordutik aldizkari hau izan da ezker abertzaleak izan duen tresna Aguraingo gaiak lantzeko, gertukoa, herritarra eta ez profesionala. Eskuz banatzen zen, postontziz postontzi, Aguraingo etxe guztietan, eta 2012ra arte edo iraun zuen martxan. Aldizkaria berreskuratu nahi izan dugu eta edizio berezi bat argitaratu, orain arteko ibilbideari begira eta baita aurrera begira ere, egungo gazteei egindako elkarrizketekin, eta hainbat herri mugimendutan dabiltzan pertsonekin. Asmoa dugu hau ere auzolanean banatzeko ekainaren 15aren aurretik, herriko etxe guztietara heldu dadin, lehen egiten zen bezala.

Ekainean duzue festa handia, baina urteurren ofiziala abenduan izango da. Zer asmo duzue hemendik urte bukaerara?

Ekintza ugari antolatuko ditugu tabernan hemendik aurrera ere, kontzertuak, hitzaldiak, bakarrizketak eta abar. Urrian Aguraingo jaiak dira, eta horri begira ere aterako dugu sorpresatxoren bat. Irailerako Sorginetxe aldizkariaren erakusketa bat antolatuko dugu, lehen aletik azkenekora, aguraindarrek aukera izan dezaten guztiak ikusteko. Aldizkariaren azalek asko hitz egiten dute, kontatzen dute zein zen momentu bakoitzean herrian zegoen gatazka edo gai nagusia. Abenduan emango diogu dinamikari itxiera, barnera begirako aitortza ekimenekin, gure komunitate zabalari aitortza egin eta eskerrak emateko 40 urte hauetan egindako lan guztiagatik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago