ELA, LAB, CCOO sindikatuek deituta, greba hasi dute gaur, maiatzaren 8an, Gasteizko eta Aguraingo kirol instalazioetan zerbitzuak ematen dituzten 150 langile inguruk. Salatu dutenez, hilabete luze daramatzate "sistematikoki" nominak epez kanpo kobratzen.
Langileek adierazi dutenez, Disport Eki enpresak atzerapenez pagatu die sei hilabete 2022an, bederatzi hilabete 2023an, eta bi hilabete 2024an; hau da, "ez dira kasu isolatuak". Gainera, enpresak langileen batzordeari jakinarazi dio ez duela apirileko nomina garaiz ordaintzea aurreikusten, nahiz eta hitzarmenak hilaren zazpigarren eguna pagatzeko topea dela jasotzen duen.
Grebaren lehen egunean, kontzentrazioa eta prentsaurrekoa egingo dute sindikatuek Gasteizko Udalak San Martinen dituen bulegoetan, 12.00etan.