Disport Eki enpresako langile batek nagusia salatu du eraso fisiko batengatik

Erredakzioa 2021ko uzt. 29a, 17:00
Salaketa jarri duen lankideari babesa adierazteko elkarretaratzea. / Argazkia: HALA BEDI

Sorospen zerbitzuko langile batek Disport Eki enpresako arduradunaren aurkako salaketa jarri du, egutegi berria sinatzearekin konforme ez egoteagatik jasandako eraso fisiko baten ondorioz. Sektoreko lankideek babesa adierazi diote epaitegietan.

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen arabera, Disport Eki enpresako nagusiak urteak daramatza langileekiko "bortxazko jarrerak" izaten, "irainak eta mehatxuak tarteko". Ohartarazi dutenez, iragan ekainaren 24an, arduradunak "marra gorri guztiak" gainditu zituen.

Langileak egutegi berria sinatzera deitu zituzten, eta "ez konforme" bezala sinatu zuten. Sindikatuen arabera, horren aurrean, langileen aurkako ahozko erasoez gain —"irainak, mehatxuak, egutegia apurtuz eta lurrera botaz"—, fisikoki ere oldartu zitzaion langile bati —LAB sindikatuko ordezkaria eta negoziazio mahaiko kidea—, "bultzaka eta kolpeka".

Arabako kirol jardueren sektoreko sindikatuek azken asteetan eman dute erasoaren eta enpresako arduradunaren ustezko "jarrera bortitzak, erantzun txarrak, tonu irteerak eta mehatxuak" bere menpeko langileekiko. Erasotutako langileak salaketa jarri du bere nagusiaren aurka, eta, asteazken honetan, epaiketaren aurrean, sektoreko lankideek babesa helarazteko elkarretaratzea egin dute epaitegietan, kasua publikoki salatzeko eta "horrelakoak normaliza ez daitezen".

"Langileen eskubideak urratzea arbuiagarria da, baina edozein pertsonaren aurkako erasoak onartezinak eta jasanezinak dira. Honaino iritsi gara, eta ez dugu beste eraso bakar bat ere onartuko, fisikoa edo ahozkoa izan", adierazi dute lau sindikatuek.

Udalaren erantzukizuna

Gaur egun, kirol jardueren sektoreko Arabako enpresa handienetako bat da Disport Eki. Gainera, hainbat zerbitzu publiko kudeatzen ditu, horien artean Gasteizko udal igerilekuetan uretako sorospen eta botikin zerbitzua . Hortaz, sindikatuek Gasteizko Udalaren erantzukizuna azpimarratu dute; izan ere, beren ustez, "Udalak ezin du permisiboki jokatu langileekiko jazarpen kasuekiko, haren ardurapean dauden zerbitzuetan".

Disport Eki duela urtebete hasi zen sorosleen udal zerbitzua kudeatzen, eta orduz geroztik hamaika izan dira enpresak langileekin izandako gatazkak; esate baterako, 2020ko udako greba. Zerbitzu publiko batean enpresa aldaketa ematen denean, langileek aurreko enpresarekin zituzten lan baldintzak mantendu behar dira (subrogazioa), baina kasu honetan ez da horrela izan.

Besteak beste, egutegien zein lantokien aldaketa edota lanaldien murrizketa salatu dituzte sindikatuek. Gainera, aldaketa horien aurka antolatu edo mobilizatu diren langileen aurka arduradunak "gogor" jokatu duela kritikatu dute: "Idatziz egindako mehatxuak, telefono bidezko mehatxuak, gezurrak, txanda aldaketa eta erabateko kontrola", aipatu dituzte, besteak beste; are gehiago, horren ondorioz, sindikatuek hainbat parte jarri dituzte lan ikuskaritzan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide