Olaranbeko hockey pistan jokatu da, apirilaren 20an, Espainiako Patinaje Federazioak antolatutako Challenge Ligako azken jardunaldia; eta Lautadako Muskerrak klubak azken faserako txartela lortzeko jokatu behar zituen hiru partidatik hirurak irabazi ditu. Hala, Aguraingo kluba ligako gol gutxien jaso dituen taldea izan da.
Lehengo partidan, Murtziako Aguilas taldearen aurka 8 eta 0 emaitza lortu zuen. Hurrengo partida, Valladolideko Rolling Lemonsen aurkakoa, azken minutuetan erabaki zen, eta talde arabarra 4-2 nagusitu zen. Jardunaldiko azken partida, Vaskia Vikings ligako bigarren sailkatuaren aurka, berdinketan amaitu zen, eta luzapenean erabaki zen, Muskerrak klubak 5-4 irabaziz.
Azken jardunaldian lortutako emaitzekin, Muskerrak kluba Espainiako ligako lau kluben artean sailkatu da, parte hartzen duten 11 kluben artean; eta azken fasea jokatzeko aukera izango du, ekainaren 1ean.
Klubaren kezka
Klubak Agurainen du egoitza soziala, eta 95 bazkide ditu gaur egun. Horietatik 40 hockey-lerroan aritzen dira. Salatu dutenez, ez dute ohiko entrenamenduetarako gutxieneko baldintza teknikoak betetzen dituen instalaziorik; eta horrenbestez, ezinezkoa dute Lautadan lehiaketa federatuak antolatzea.
Muskerrak klubak bere kezka adierazi du, Arabako Lautadan federatu kategorietan hockey-lerroan entrenatzeko eta lehiatzeko instalazioaren beharrari irtenbiderik ematen ez zaiolako. Balizko babesleei deia egin diete 50.000 euroko finantziazioa osatu ahal izateko, hockey-lerroan entrenamendurako eta lehiaketak antolatzeko instalazio bat egokitu ahal izateko.