Lautadako ALEA

Muskerrak, euskara eta kirola uztartzen

Mirian Biteri 2021ko uzt. 2a, 10:55

'Muskerren' artekoa, pasa den azaroan, Agurainen antolatutakoa. / MUSKERRAK

Lautadak hockey eta irristaketa elkarte indartsua du, Agurain, Iruraiz-Gauna, Barrundia eta Dulantziko 4 urtetik gorako kirolariak dituena. Euskarak garrantzia handia du Muskerrak klubean, antolatzen dituzten jarduera guztiak euskaraz direlako.

Lautadako Muskerrak hockey eta irristaketa kluba 2014ko ekainean sortu zen, eta gaur egun eskualdeko 100 bazkidez dago osatuta. Eratu zenetik, hockeya eskaintzen du Agurainen: umeen taldea sortu zuten hasieran; amateur taldea, 2018. urtean; eta federatuena, 2020an. Horrez gain, irristaketa ere egiten dute umeek zein helduek.

Denera, lau modalitate eskaintzen ditu gaur egun klubak: hockey eta irristaketa eskolarra, 4 eta 12 urte bitarteko neska-mutikoak batzen dituztenak eta Eskola Kirola kanpainaren barruan daudenak; hockey federatua, txapelketetan lehiatzeko taldea; eta amateurrena, federazioaren lizentziarik gabekoa, 16 urtetik gorakoentzat.

Agurain eta ingurukoak

Uztailaren 3an, bi kirol jarduerak ezagutarazteko ekimen irekia antolatu dute Erentxungo kantxan

Klubeko kide Leticia Ruiz de Gaunak azaldu du jarduera eta entsegu guztiak euskaraz egiten dituztela, eta Aguraingo udalerrikoez gain, inguruko herriko jendea ere badutela klubean: Barrundia, Iruraiz-Gauna eta Dulantzikoak. Azpimarratu duenez, "landa eremuan behar bezalako zerbitzu eskaintza aldarrikatzen dugu, Lautadan bertan irristaketa eta hockeya praktikatu nahi dugu. Hori lortzeko, elkartuta askoz hobe. Elkarrekin talde bat osatu edo ikastaro bat eskaini ahal dugu edo, besterik gabe, ekintza bat antolatu".

Ikasturte berrira begirako erronkak zehaztuta ditu klubak. Lau dira: batetik, hockey federatuen kategorietan parte-hartzea finkatzea Euskadiko ligetan: amateur, infantil eta senior kategorietan; bestetik, hockey eskolarrean parte-hartzea lehendabiziko aldiz Eskola Kirolean antolatutako ligan; hirugarrenik, Agurainen hockey lehiaketak antolatu ahal izateko baldintza teknikoak betetzen duen kantxa lortzea; eta azkenik, irristaketa eta hockeya sustatzeko ekintzak antolatzea.

Azken horren baitan, uztailaren 3an, bi kirol jarduerak ezagutarazteko ekimen irekia antolatu dute Erentxungo kantxan, 11:00etatik 13:00etara bitartean. Adin guztietakoak daude gonbidatuta, patinak, kaskoa eta babesak baino ez dira eraman behar.

Klubaren informazio eguneratua nahi duena muskerrak.wordpress.com atarira sartu daiteke.

Hockey eta irristaketa eskolarra eskaintzen du klubak. / MUSKERRAK

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago