Aguraingo Herriko Tabernak 40. urteurrena ospatzeari ekin dio

Erredakzioa 2024ko ots. 13a, 14:30

Ekainaren 15era bitarteko egitaraua antolatuko dute Aguraingo Herriko Tabernaren lau hamarkadako ibilbidea aldarrikatzeko. Inauteriak baliatu dituzte 1984ra bidaiatzeko, 'Martxa eta borroka' ekimenaren memoria berreskuratuz.

Argazkiak: Irati Erro / Erri Filmak

Duela 40 urte, 1984. urtean, bere ateak ireki zituen Aguraingo Herriko Tabernak Carnicerias kaleko 24. zenbakian, Santa Maria plazan. Punkaren, Euskal Rock Erradikalaren eta gatazka politiko gordinaren testuinguruan sortu zen proiektua, La Polla Records taldeak Salve diskoa kaleratu zuen urtean, eta ezker abertzaleak Martxa eta borroka kanpaina martxan jarri zuen urte berean. Ekimen horren bitartez, garai hartako giroarekin bat egiteko asmoz, jaia eta aldarrikapena uztartzeko apustua egin zuen Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduak.

Hain zuzen ere, Martxa eta borroka lelopean ekin diote 40. urteurrena ospatzeari. Aurreratu dutenez, egitarauaren festa nagusia ekainaren 15ean izango da, baina inauterietako larunbata, otsailaren 10a, baliatu dute datozen bost hilabeteetan zehar luzatuko den dinamika martxan jartzeko.

Eguerditik aurrera, mozorroak, poteoa eta Pineapple Sweets DJ taldearen pintxada izan ziren lehen jaialdian. Ondoren, 14:00ak aldera, argazki herrikoia atera zuten Herrikoaren aurrean, urteurrena abiarazteko eta irudi batean Sagarmin Elkartearen inguruko komunitatea biltzeko. Datozen hilabeteetan zehar, urteurrenaren inguruan antolatzen dituzten ekimen zein jaialdien inguruko informazioa zabaltzen joango dira.

"Gune herritarra eta irekia"

"Berrogei urte hauetan, Aguraingo Herriko Taberna taberna bat baino gehiago izan da; eta, agian, izaten ari da, belaunaldi desberdinentzako", azaldu diote Sagarmin Elkarteko kideek ALEAri. "Gune herritarra eta irekia pertsona, elkarte eta talde anitzentzat; euskarari eta euskal kulturari gure herrian ekarpena egin diena eta egiten jarraitzen duena. Irekia, beti irekia", aldarrikatu dute.

"80ko hamarkadaren bigarren tartea, garai nahasia izan zen Agurainen eta Euskal Herri osoan, baina aldi berean sozialki oso aberatsa, mugimenduen jarduera soziala oso handia izan baitzen. Eta Martxa eta Borroka ekimena inflexio puntua izan zen", ekarri dute gogora.

"Herriko Taberna gazte eta ez hain gazteen elkargune da, preso politikoen eskubideen zein euskararen aldeko ekimenen elkargune da; musika taldeen emanaldi txikiak eta askotariko erakusketak antolatzeko gunea... Eta, adibidez, mota guztietako elkarteek lasaitasun osoz eskatzen dute pankartak jartzeko erosi genuen eskailera handia", gaineratu dute.

Kolpeen gainetik, zabalik

2002. urtean, Batasunaren eta ezker abertzalearen ilegalizazio prozesuaren testuinguruan, Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak martxan jarri zuen herriko tabernen aurkako prozesu judiziala. 2007ra bitartean, ehun lokal baino gehiago auzipetu zituzten, eta, gorabehera judizial askoren ostean, 2015ean, Auzitegi Gorenak frogatutzat jo zuen lokal horiek "ETA finantzatzeko" erabili zirela, herriko tabernen auzi gisa ezagutzen den 35/02 auziko epaian.

Bost urte beranduago, 2020an, Espainiako Auzitegi Nazionalak ehun herriko taberna baino gehiago konfiskatzeko agindua eman zuen. Azkenean, konfiskazioa ez zen inoiz exekutatu (gaur egun ere airean jarraitzen du), baina prozesu judizialak arazo larriak eragin zituen elkarte horietako askotan; kasu batzuetan, ateak ixteraino.

Araban, konfiskatzeko agindua jaso zuten herriko taberna eta elkarteen artean, Agurain (Sagarmin), Amurrio (Txokogorri) eta Bastidakoak (Toloñogorri) irekita jarraitzen dute gaur egun. Beste batzuek, berriz, ateak itxi behar izan zituzten: Gasteizen (Aitzgorri eta Hiru Bide), Laudion (Gure Aukera) eta Artziniegan (Otsati).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide