Herriko tabernak konfiskatzen hasteko agindu du Auzitegi Nazionalak

Erredakzioa 2020ko api. 22a, 17:11
Aguraingo herriko taberna. / Google.

Amurrio, Agurain eta Bastidako herriko tabernek irekita jarraitzen dute egun.

Sortuk jakitera eman duenez, herriko taberna eta elkarteen sententzia exekutatzen hasi da azken egunetan Espainiako Auzitegi Nazionala, hauen kontu korronteak enbargatzeko agindua emanez. "Jada hasi dira taberna eta elkarteen kontuak enbargatzen, eta hurrengo egunetan guztien enbargoa gauzatuko dela pentsatzen dugu", adierazi du talde abertzaleak ohar batean.

Bost urte dira Auzitegi Gorenak herriko tabernen auzi gisa ezagutzen den 35/02 auziko sententzia eman zuela. "Epai politiko eskandalagarri honek 36ko gerraz geroztik eman den expolio politiko eta ekonomiko handienari bide eman zion", salatu du Sortuk. "Epai hau ezker abertzalearen eta Euskal Herriaren aurkako lapurreta erraldoi bat da".

Bost urte hauetan etenda egon da epaiaren exekuzioa baina bitartean herriz herri asko izan dira eutsi dioten taberna eta elkarteak. Araban, konfiskatzeko agindua jaso zuten herriko taberna eta elkarte artean Agurain (Sagarmin)Amurrio (Txokogorri) eta Bastidakoak (Toloñogorri) irekita jarraitzen dute egun. Gasteiz (Aitzgorri, Arrano (Hiru Bide)), Laudio (Gure Aukera) eta Artziniegakoak (Otsati), berriz, itxita daude.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide