Abenduaren 18an egindako ezohiko bilkuran, Arabako Lautadako Kuadrillak argi berdea eman zien 2024ko aurrekontuei, 3.415.429,45 euroko proiektu ekonomikoarekin; hau da, %8ko igoera 2023ko aurrekontuarekin alderatuta.
Bilkuran ez zen aurkako botorik izan, eta akordioa erdietsi zuten, EAJk proposatutako zuzenketa bat gehituta; hain zuzen ere, berdintasun politiketarako partida handitzen zuena.
Agurain, Dulantzi, Asparrena, Barrundia, Donemiliaga, Burgu, Iruraiz-Gauna eta Zalduondo udalerrietarako amankomuneko zerbitzuak kudeatzen ditu Lautadako Kuadrillak, hala nola, hirigintza, ekonomia sustapena, artxiboa, berdintasuna, turismoa, kultura, euskara, ingurumena eta gizarte zerbitzuak.
2024rako aurrekontuan hazkunderik handiena izan duen kapitulua langileena izan da, egitura indartu egin baita, administrazioko langileen eta idazkaritzako kontu-hartzaileen kontratazio banarekin. "Funtzionamenduko egiturazko beharrei erantzuten zaie", adierazi du Gustavo Fernandez Villate kuadrillako presidenteak.
Plantilla indartzeaz gain, aurrekontuak bestelako ekimenak jasotzen ditu, hala nola hiri-hondakinak biltzeko edukiontzien azterketa amaitzea, enplegu programak izapidetzea, sexuagatiko jazarpenaren eta lan esparruan sexu askatasunaren eta beste jokabide batzuen aurrean prebenitzeko eta jarduteko protokolo bat egitea, eta kultur aniztasunaren inguruko ekintzak.