Gustavo Fernandez Villate da Lautadako Kuadrillako presidente berria

Erredakzioa 2023ko ira. 27a, 11:44

Dulantziko independenteekin lortutako akordioari esker lortu du presidentetza Fernandez Villatek. Argazkia: BBNN

EH Bilduko batzarkideak izango du kuadrilla gidatzeko ardura. Mendialdea gobernatzeko ere akordioa lortu du alderdi abertzaleak.

Aguraingo udaletxean egindako batzar batean Agurain, Dulantzi, Asparrena, Barrundia, Burgu, Iruraiz-Gauna, Donemiliaga eta Zalduondoko udaletako ordezkariek Gustavo Fernandez Villate (EH Bildu) aukeratu dute Arabako Lautadako Kuadrillako presidente. Bilkura berean, Estitxu Samaniego (EAJ) izendatu dute presidenteordea.

Arabako Batzar Nagusietako presidente Irma Basterrak gidatu zuen batzarra. Kuadrillako 24 batzarkideekin batera, Batzar Nagusietako talde politikoetako ordezkariek parte hartu dute, bai eta Anartz Gorrotxategi Lurralde Orekako diputatuak eta Raul Lopez De Uralde Aguraingo alkateak ere.

Dulantziko Talde Independentearekin egindako akordio bati esker lortu du EH Bilduk kuadrillaren gidaritza. Akordioak 33 puntu jasotzen ditu. EH Bilduk ohar batean aurreratu duenez, besteak beste kuadrillako organoen funtzionamendua eta parte hartzea hobetzea, indarkeria matxistaren aurkako protokoloa berritzea, genero indarkeriaren biktima izan diren emakumeei laguntzeko programa zabaltzea eta Lanpostuen Balorazio berri bat egitea jasota geratu dira akordio horretan.

Eskema berdina errepikatuko bide da Mendialdeko Kuadrillaren eraketan ere. Izan ere, gaur alderdi abertzaleak aurreratu du Kanpezuko eta Urizaharreko alderdi independenteekin datozen lau urteetan kuadrilla gobernatzeko akordioa lortu duela.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago