LOPE DE LARREA

Mende erdiko ibilbidea irudietara eraman dute

Erredakzioa 2023ko abe. 19a, 17:57
Mila argazki inguru bildu dituzte erakusketan. Argazkia: LOPE DE LARREA

Lope de Larrea ikastolaren 50 urteak biltzen dituen erakusketa paratu dute Aguraingo Zabalarte aretoan. 

Aguraingo Lope de Larrea ikastolaren 50. urteurrena ospatzeko argazki erakusketa bat inauguratu du bertako hezkuntza komunitateak. 50 urte, ehunka argazki, milaka istorio izena eman diote hilaren 15ean Aguraingo kale Nagusiko Zabalarte aretoan inauguratu duten erakusketari. Urtarrilaren 8ra arte izango da zabalik. 

Ohar batean ezagutarazi dutenez, urteurrena ospatzeko ekitaldien artean "berezienetakoa" da oraingo hau. Ez da laginketa urria egin dutena, mila argazki inguru bildu dituztelako.  

Nabarmendu dutenez, ikasleek, irakasleek eta gurasoek hartu dute parte ekimenean, "denboran bidaiatzeko" asmoarekin. "Urte hauetan guztietan bizi izandakoak gogoratu eta sentitu" nahi izan dituzte.  Hortaz, "gelakide eta irakasleak gogoratzeko aukera" izango dute bertaratzen direnek: barnetegietara egindako txangoak, Argitxoren bisitak, Olentzero eta Mari Domingiren txabolara egindako irteerak edota Lardero eta inauterietan egindako ekimenak. "Horrekin batera, ikastolaren historia, erronkak, aldarrikapenak eta aldaketak ere" jaso dituzte irudietan. 

Gogora ekarri dutenez, 1973/74ko ikasturtean ekin zion bideari egungo ikastolak. "Euskaran sinisten zuten guraso gutxi batzuek ekin zioten erronkari, bidean topatutako oztopoei aurre egin, eta lagunak bilduz". Lan horren ondorioz, ikastola "Lautadako erreferente" bihurtu dela nabarmendu dute. 

Erlazionatuak

Gizarte aldaketaren isla

Juanma Gallego 2023 ira 30 Lautada   Agurain

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide