Aguraingo jaietan salatutako sexu eraso baten ustezko egilea atxilotu eta askatu dute

Erredakzioa 2023ko abe. 11a, 13:30
Aguraingo jaien ostean egindako elkarretaratzea. Argazkia: @AguraingoMF

Ertzaintzak 20 urteko gazte bat atxilotu zuen ostiralean, urriaren 3an Agurainen salatutako sexu eraso bat egotzita. Epaileak karguekin aske utzi du.

Aguraingo jaietan larritasun desberdineko eraso matxista ugari jazo ziren aurten, irailaren 30etik urriaren 8ra bitartean. Mugimendu feministak eta udalak "gaitzespen eta arbuio irmoena" adierazi zuten jaien ostean antolatutako mobilizazio jendetsu batean.

Abenduko zubiarekin batera, berriz, Ertzaintzak jakinarazi du gizonezko bat atxilotu dutela urriaren 3an Agurainen izandako sexu eraso baten ustezko egile gisa. Polizia-oharraren arabera, egun hartan, Aguraingo jaietako asteartean, Txagorritxu ospitalea Ertzaintzarekin harremanetan jarri zen, sexu eraso bat jasan zuen emakume bat artatzen ari zelako. Une hartan, sexu delituetarako protokoloa aktibatu zuten. Ospitalean artatua izan ostean, biktimak salaketa bat aurkeztu zuen Ertzaintzaren aurrean, goizaldean gizon batek sexu erasoa egin ziola azalduz.

Bi hilabete inguruko ikerketaren ostean, delituaren ustezko egilea nor den jakitea lortu du Ertzaintzak. Joan den ostiralean, abenduaren 8an, atxilotu zuten 20 urteko gizonezkoa, Gasteizen. Polizia-eginbideak amaituta, epailearen esku utzi zuten. El Correo egunkariak argitaratu duenez, larunbatean epaileak karguekin aske utzi zuen ustezko erasotzailea, salatzailearen eta salatuaren bertsioak ezberdinak zirelako.

Epaiketaren zain gelditu dira inplikatuak, eta, bitartean, ikertua hamabostean behin joan beharko da Justizia Jauregira, sinatzera.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide