Beste behin ere, Aguraingo bizilagunak kalera atera dira indarkeria matxista salatzeko. Joan den ostiralean, Aguraingo mugimendu feministak deitutako elkarretaratze jendetsuan, irailaren 30etik urriaren 8ra bitartean, herriko jaietan gertatutako eraso matxistak salatu zituzten dozenaka lagunek.
Larritasun desberdineko eraso horien aurrean, "gaitzespen eta arbuio irmoena" adierazi du udalak, mobilizazioarekin bat eginez. Era berean, erasoak salatu dituzten emakumeei bere babesa helarazi die, "bakarrik ez daudela" azpimarratuz eta salatzeagatik erakutsitako "ausardia" txalotuz.
"Pertsonen arteko berdintasunik eza dago halako erasoen oinarrian, baita emakumeak sexu kontrolpean izan nahi dituzten jarrerak eta ideia matxistak ere", adierazi du Raul Lopez de Uralde Aguraingo alkateak, bando batean. "Emakumeen duintasuna, integritate fisikoa, sexuala eta psikologikoa eskubide urraezinak dira, eta horien aurkako ekintzek ez dute lekurik gure jendartean".
"Indarkeria matxistaren aurkako lanak eta borrokak erakundeen eta gizarte osoaren inplikazioa izan behar du, emakumeen aurka sistematikoki eragiten den indarkeria errotik desagerrarazteko", aldarrikatu du Lopez de Uraldek. Halaber, alkateak "inoiz baino gehiago erne jarraitzeko" dei egin du, "biolentzia jasaten ari diren emakumeek erakundeon eta komunitate osoaren babesa jaso dezaten".
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.