Distantzia luzeko zein distantzia laburreko begiradak. Biak ala biak uztartzen ari dira Soziolinguistika Klusterra eta Garabide elkartea batera lantzen ari diren proiektu batean. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren finantzazioa duen Munduko hizkuntza gutxituak protagonista EAEko hezkuntza komunitateen eraldaketan egitasmoaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko hiru ikastetxetan gaia lantzen ari dira: Araia herri eskolan, Bilboko Unamuno ikastetxean eta Galdakaoko Eguzkibegi ikastolan.
"Ez gara mugatzen eskolako egoerara; aitzitik, mundu mailan eta herri mailan dagoen fenomeno baten baitan kokatzen dugu proiektua", azaldu du Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko teknikariak. Besteak beste, Araia eskola osatzen duten kolektiboek hizkuntza aniztasunaren inguruan duten ikuspegia ezagutu nahi dute ikertzaileek. Horretarako, diagnosi moduko bat egiten ari dira, hizkuntz aniztasun hori aurrera begira nola kudeatu asmatu nahian. "Modu horretan, errealitate horren kudeaketa erraztu nahi dugu", argitu du teknikariak.
ESKOLA BARRUKO EGOERA AZTERTZEAZ GAIN, MUNDU MAILAN DIREN FENOMENOAK JORRATZEN ARI DIRA
Urangak nabarmendu duenez, bi joera nagusi gertatzen ari dira gaur egun. Batetik, mundu mailan hizkuntza homogeneizaziora jotzen ari da. Bestetik, immigrazioaren eraginez, "joera indartsu bat" gertatzen ari da hizkuntza aniztasunerantz. Bi joera horien kudeaketan aurrera nola egin lantzen ari dira eskola mailan ere. "Pertsona gehienek badakite hizkuntza aniztasuna handia dela, baina galtzen ari dela. Baina hor sakonean dauden arrazoien inguruko iritzia eskatzen diegu, arrazoi horiek azaltzen dutelako hizkuntza hegemonikoen aurrean euskararekin zer gertatzen ari den".
Gonbidatu bereziak
Horiek guztiak argitu nahian, elkarrizketak egin dituzte eskolako zuzendaritza eta irakasleekin, eta esku hartze txiki bat egin dute ere ikasle batzuekin. Azkenik, guraso talde bati ere galdera sorta bat pasa diote. "Ezagutu nahi dugu zer dakiten hizkuntza aniztasunaren inguruan, zer pertzepzio duten, zeintzuk diren joera nagusiak, norantz doan kontua...".
Hizkuntza lankidetzaren alorrean lan egiten duen Garabide elkartea, berriz, eskolaz eskola gaian sakontzen ari da ikasleekin. "Orain hasierako fasean gaude, eta proiektua ikasturte osoan zehar landuko dugu", aurreratu du elkarteko teknikari Gorane Ayestak. "Momentuz sentsibilizazio saio batzuk egin ditugu, aniztasunaren inguruan hausnartuz: hizkuntzen egoera munduan zertan den, zertan diren giza eskubideak...". Dioenez, "Hego Globalean pilatutako esperientziak" hona ekarri nahi dituzte, bertako egoeraren berri emateko.
Ekarri, zentzu literalean. Izan ere, abenduan zehar Hego Amerikako bi komunitate indigenatako kideak ekarriko dituzte hiru eskoletara: Caucako (Kolonbia) Nasa herriko ordezkari bat eta Guatemalako Kaktxikel herriko beste lagun bat. "Helburua izango da ikasleekin deskubritzen jarraitzea komunitate hauen errealitatea, bai eta beren hizkuntza eta kulturen egoera zein den ere". Esperientzia trukaketa, ordea, ez da izango norabide bakarrekoa. "Proiektuan ere atzera begira jarri gara, eta gure herrian bertan gure hizkuntzaren historiara begiratu nahi izan diogu; gaur egun egoera hobean dagoen arren, duela urte batzuk euskararen egoera gorabeheratsua izan zelako". Ayestaren esanetan, euskaren egoeraren bilakaerak ahalbidetu du ere "beste zenbait komunitateren erreferente edo laguntzaileak izatea; bidelagun egotea".
Ikasleak aktibatu
Lanketa ez da mugatuko ikasgelaren lau hormetara, eta kanpora begira zenbait ekimen prestatzen ari dira. Hizkuntza indigenak Amalurra zaintzen izeneko erakusketa Araiako kiroldegia ikusgai egongo da urtarrilean. "Edonorentzako izango da, baina ikasleekin lanketa berezi bat egingo dugu, noski. Bisita gidatua ere agian planteatuko dugu, oraindik hori zehazten ari bagara ere". Modu berean, otsailetik aurrera ikasleak "aktibatuko" dituztela aurreratu du teknikariak. "Beraiek erabakiko duten proiektu txiki bat aurrera eramango dute, hezkuntza komunitateari begira. Ikasitako guztia ikusita, eurek hartuko dute lidergoa".
Normala denez, egindako lanketa eta proiektuen izaera adinaren araberakoak izango dira. Bizkaiko eskolen kasuan DBH 2 eta DBH 3 mailakoak diren bitartean, Araiako ikasleak Lehen Hezkuntzako seigarren kurtsokoak dira (11-12 urte). Gaia lantzen hasi berriak diren arren, bertako irakasle Jagoba Garmendiak azaldu du ikasleek gero eta jakin-min gehiago dutela, baina espero dutela hori are handiagoa izango dela abenduan, Hego Amerikako bisitariak etorriko direnean. "Momentuz Goraneren eskutik informazioa jaso dute, baina, horren gazteak izanik, ez daukate hizkuntzen inguruko ikuspegi sozial bat; baina gaiarekin lehen kontaktua izan ahalko dute bederen", azaldu du irakasleak. "Bisitekin, berriz, pertsonen biografia lehen eskutik ezagututa, ikasleek gaiari buruzko ideia osatuagoa izan ahalko dute", aurreratu du Garmendiak.
"BISITEKIN, IKASLEEK GAIARI BURUZKO IDEIA OSATUAGOA IZAN AHALKO DUTE". JAGOBA GARMENDIA, IRAKASLEA
Bitxia bada ere, Hego Amerikako egoera ezagutzeaz gain, ikasleek ikasgelan bertan dauden errealitate desberdinak ezagutzeko abagunea izango delakoan dago Garmendia. "Adibidez, ezagutu ahalko dute Marokon hiru hizkuntza hitz egiten direla". Aniztasun horren isla are esanguratsuagoa da familia Nigerian jatorria duen klaseko neska baten kasuan. Ehunka hizkuntza dituen herrialde horretan, neskaren guraso bakoitzak hizkuntz bat hitz egiten du, eta familian ingelesa erabiltzen dute lingua franca gisa. "Klaseko beste ikasle baten ama Valentziakoa da, eta hori ere Iberiar penintsulako hizkuntz aniztasuna lantzeko erabilgarria da", gaineratu du Biki Yoller Araia herri eskolako ikasketa buruak. "Orotara hemezortzi ikasle daude klasean, eta errealitate asko daude bertan". Errealitate hori ezagutzeko, lehen ariketetako bat izan da klaseko hizkuntzen mapa osatzea, eta menu zabala atera zaie: euskara, gaztelania, arabiera, ingelesa, errumaniera, eta frantsesa, besteak beste.
"Kontzientzia kritikoa"
Gaiari heltzeko, aniztasun kontzeptutik abiatu direla adierazi du Gorane Ayestak. "Horretarako, ezagunagoa den bioaniztasunaren gaitik abiatu gara". Besteak beste, hizkuntza batzuk besteak baino indartsuago egon izanaren arrazoiez hausnartzen dute klasean. "Kolonialismoaren gaia ere jorratu dugu, ulertu ahal izateko zergatik jatorrizko hainbat hizkuntza dituzten zenbait lurraldetan beste hizkuntza batzuk ezarri diren". Hala, gazteei irakasten zaie egungo hizkuntzen egoera, "ez dela kasualitatea, ezta naturala ere". Beraz, egoera eraldatu daitekeelako ideia landu dute, "kontzientzia kritikoa garatzeko". Jatorrizko komunitateen egoera ere landu dute klasean, bai eta daukaten mundu ikuskera ere.