Ametsa egi bihurtzetik gero eta gertuago dago. Barrundiak 500.000 euro jasoko ditu Europako funtsetatik Patioko Benta eskualdeko merkataritza-gunea martxan jartzeko; eta Igor Medina Isasa Barrundiako alkateak adierazi duenez, 2024ko uztailerako izango da prest eraikin berria.
Udaletik azaldu dutenez, zehazki, 500.000 euro horiek erabiliko dira eraldaketa digitalarekin, transformazioarekin, jasangarritasunarekin, ekonomia zirkularrarekin, sentsibilizazioarekin eta prestakuntzarekin lotutako jardueretarako. Hala, gune berriaren aplikazio mugikor bat eta webgune bat sortzea aurreikusten dute, ekoizleak kontsumitzaileekin harremanetan jartzeko, baita sustapen kanpainak eta inguruko produktuak ezagutarazteko urtero azoka bat antolatzea ere. Produktuen jatorriaren trazabilitatea hobetzen laguntzeko etiketa digitalen sistema bat sortzea, sentsibilizazio kanpainak egitea, eta Patioko Benta ikusarazteko seinale espezifikoak jartzea izango dira lagundu daitezkeen bestelako ekintzak.
Patioko Benta
Barrundiako alkateak azpimarratu duenez, diru laguntzarekin 2019an abiatu zen proiektuari bultzada ematen zaio. Orduan, udalak higiezin hori erosi zuen, eta, ondoren, eraikin nagusia eraitsi zuen. "Kokapen estrategikoa du –errepidearen ondoan eta Garaiotik gertu–, turismoa erakartzeko eta, batez ere, gure udalerria eta bertako ekoizleak ezagutarazteko", gogoratu du. Eraikin berriarekin batera, lehendik dagoen nekazaritza-nabea eraberritzea proiektatu da.
2022ko urtean, Kabio arkitektura estudioak Barrundiako Udalaren eskariz egindako proiektuaren arabera, eraikinaren patioaren inguruan antolatuko dira espazio desberdinak. Egungo nekazaritza-nabea egurra eta beira erabiliz eraberrituko dute, eta espazio garbia izango da, merkatuak, azokak, biltegiak edo jantokia kokatzeko. Patioko Bentaren hondarren gainean altxatuko duten eraikin berrian, berriz, bi espazio egongo dira; informazio eta turismo bulegoa kokatuko da horietako batean, eta bestean jatetxea eta merkataritza-gunea. Guztira, zortziehun metrotik gorako espazioa izango du Patioko Benta berriak, bi eraikinetan banatuta.
Halaber, hoztutako armairuak jartzea aurreikusten dute, produktuak entregatzeko eta jasotzeko gune gisa, eta tokiko produktuak erakusteko showroom bat jartzea planteatzen da. Bestalde birziklatzeko edukiontziak eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko gune bat ere izango ditu.
Kabio arkitektura estudioak inguruari egokitutako eraikina diseinatu du. "Molde klasikoko eraikina proposatzen dugu, formaren eta edukiaren arabera, baina lengoaia eguneratuarekin, eraikinak lortu nahi dituen printzipio pedagogikoak jaso ahal izateko: eskualdean errotutako tradizioak eta materialak irakatsi eta transmititu, eta teknologia berriak, erosotasuna eta ingurumen eta eraikuntza jasangarritasuna erakutsi".
XIX. mendeko historia
Urte luzez, jende askoren aterpe nahiz atsedenleku izandako gunea izan zen Mendixurko Patioko Benta. Arabako Lautadako inguru horretan zeuden beste aterpe batzuekin batera, –Etxabarri, Gazeo, Ventorro– bidaiariei zerbait hartzeko eta lo egiteko aukera ematen zieten ostatuak ziren. 1820 inguruan eraiki zuten Gasteiz eta Iruñea arteko errepidea, eta hortik gutxira, 1850ean eraiki zuten Mendixurreko Patioko Benta, ondoren N-I Madril-Irun errepidea bihurtu zen errepide zaharraren bazter batean. Joan den mendeko berrogeiko hamarkadaren amaiera arte, Uriarte familiak kudeatu zuen Patioko Benta. 1984an eraitsi egin zuten eta, horren ordez, biltegi bat eraiki zuten. Barrundiako Udalak 2019an eraikina behin betiko eraitsi zuen, merkataritza gunea sortzeko.