Euskal Dantzarien Biltzarrak lehen aldiz antolatuko du aurten Euskal Herriko I. Gazteen Dantza Topaketa, ekainaren 30etik uztailaren 2ra, ostiraletik igandera, Araian (Asparrena). Ekimenean parte hartuko duten gazteek dantza taldeetako belaunaldi aldaketaren inguruko gogoeta egingo dute bertan. Euskal Herri osotik iritsitako 124 bat dantzari espero dituzte antolatzaileek.
"Dantza taldeen belaunaldi erreleborik ezari irtenbidea bilatzea da helburu nagusia. Euskal Dantzarien Biltzarrak gazteen ahalduntzearen aldeko apustua egiten du, taldeen bizitzan parte aktiboa izan dadin. Taldeen etorkizunari begira haien presentziak eta ekintzek duten garrantzia ikusarazi nahi zaie", azaldu du Euskal Dantzarien Biltzarrak.
"Dantzari izateaz harro"
Hiru egunez, "dantzari gazteen parte izatearen sentimendua areagotu" nahi du Biltzarrak, "talde, komunitate eta Euskal Herriko nortasun sentimendua". Hausnarketarako, dantzarako, harremanetarako, tradiziorako eta berrikuntzarako tartea izango dute, eta partaide bakoitzarentzat "ezinbesteko esperientzia" izango dela ziurtatu dute.
"Gazteen ahalduntzea, dantza tradizionalez gozatzea modu ludiko batean eta talde eta herrialde ezberdinetako dantzarien arteko harremanak sustatzea" izango da topaketaren helburu nagusia, eta aukeratutako leloa aurkeztu dute egunotan: Dantzari izateaz harro.
Euskal Dantzarien Biltzarra 1965ean sortu zen, Euskal Herriko dantza, musika eta ohiturak mantendu, berreskuratu eta zabaltzeko asmoarekin. Irabazi asmorik gabeko elkarte soziokulturala da, euskal dantzak sustatu eta babesteko helburua duena.
KARTELA