Kaixo! Rita naiz, Bilboko Altamirako Irutasun dantza taldeko dantzari bat, eta ilusio handiz nago Gazteen Dantza Topaketa hastear dagoela iragartzeko zeregina eman didatelako. Topaketa ekainaren 30etik uztailaren 2ra bitartean izango da, Asparrenean.
"Zer egiteko modu hoberik dantzari gazteei galdetuz baino?"
Esan zigutenean topaketa hau ospatuko zela, bazirudien ez zela inoiz iritsiko, ezta? Beno, orain jada ez da ezer geratzen. Prest zaudete? Ni, nire partetik, gogoz beteta nago asteburu honetan prest daukaguna ikusteko, ziur bainago dibertsioz, dantzaz eta hausnarketaz beteta egongo dela. Gazteen Dantza Topaketari buruz hitz egiten entzuten duzun lehen aldia bada, agian harrituko zaitu azken hitz hori, hausnarketa, erabiltzeak, baina bai, hausnarketaz betetako egunak izango dira. Egun hauetan euskal dantzetan belaunaldien arteko ordezkapenik ezaren arrazoiak aurkitzea eta belaunaldi askotan zehar hainbeste pertsona liluratu dituen tradizio zoragarri horri jarraipena emateko irtenbideak aurkitzea espero dugu. Eta zer egiteko modu hoberik dantzari gazteei galdetuz baino?
Euskal dantzen etorkizunaz hausnartzeaz gain, Euskal Herriko hainbat lekutako dantzariak ezagutzeko eta dantzaz gozatzeko denbora ere izango dugu, eta horri esker, jende berria ezagutu ez ezik, dantza berriak eta dantzatzeko modu desberdinak ere ezagutzeko aukera izango dugu, eta, horren ondorioz, tradizio polit honi jarraipena emateko modu desberdinak ere bai. Nik betidanik pentsatu izan dut euskal dantzak oso kirol kolaboratiboa direla, alardearen emaitza talde ahaleginaren eta dantzarien arteko elkarlanaren eta elkar ulertzearen araberakoa baita. Gainera, gure komunitatean, gure festetan eta gure nortasunean oso errotuta dagoen jarduera bat da. Hala ere, leku desberdinetako euskal dantza taldeen artean ez da elkarlanerako aukera handirik izaten.
Horregatik, ideia zoragarria iruditzen zait atari hau zabaltzea, ez bakarrik talde bateko partaideen arteko lankidetza hori sortzeko, baizik eta euskal dantza taldeen artekoa ere bai, guztiok baitugu euskal dantzak zaintzeko zeregina. Eta gainera lortu da oso modu atseginean antolatzea, niri erromerietan hain gustuko dugun gozamen, erlaxazio eta komunitate giroa gogorarazten didana.
"Euskal dantzak Euskal Herriko ondare immaterialaren parte dira"
Duela hilabete batzuk EITBren saio batean entzun nuen Joan Antonio Urbeltzen arabera, Zinta-Dantzaren dantza bizitzarekin lotu daitekeela sinbolikoki. Horrela, enborrak bizitzaren zuhaitza irudikatuko luke. Dantzaldian zehar, jendearekin gurutzatzen gara, batzuekin eskuinetik, beste batzuekin ezkerretik, eta bizitzaren zuhaitzari lotzen gaituzten zintak gurutzatzen doaz. Horrela, gure historia ehuntzen dugu bidegurutze horien bidez. Halako batean, buelta erdia emateko unea iristen da, eta kontrako bidea egiten dugu, sortutako sarea deseginez, hasierako lekura iritsi arte, non zintak askatzen diren, eta horrek, Urbeltzen ikuspuntutik, heriotza sinbolizatzen du. Interesagarria ezta?
Horrekin esan nahi dut: euskal dantzak zaintzeko beharra defendatzen dugunean, dantzei buruz ez ezik, hainbat tradiziori buruz eta mundua ikusteko, bizitza ulertzeko, eta, azken finean, belaunaldi askoren bizitzeko moduari buruz ere hitz egiten dugula. Euskal dantzak Euskal Herriko ondare immaterialaren parte dira, eta horrela etengabe eboluzionatzen eta berrasmatzen dira aldaketa sozialetara egokitzeko; hori bai, bere funtsa galdu gabe.
Horregatik guztiagatik, dantzari izateaz harro nago!
Eskerrik asko eta laster arte.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.