Igande honetako udal hauteskundeetan, Lautadako udalerri nagusian aurreikusten zen lehiarik estuena EH Bildu eta EAJren artean. Salbuespenak salbuespen, bi alderdiak dira eskualdearen jaun eta jabeak. Eta oraingoan ere hala izan da, eskualde osoko bost zinegotzi baino ez baitira beste alderdietakoak; Dulantziko lau (independenteak) eta Burguko beste bat (PPkoa).
Eskualdeko biztanle gehienak biltzen dituen udalerrian, Agurainen, EH Bilduk alkatetza eskuratu du, 1.133 boto eta zazpi zinegotzirekin EAJ (1.078 boto eta sei zinegotzi) gaindituta; hori bai, 55 boto eskaseko aldearekin. Aurkezten ziren beste alderdiak, PSE (73 boto) eta PP (22 boto), ordezkaritzarik gabe gelditu dira berriz ere. Hortaz, 2011an lortutako eta 2015ean galdutako alkatetza berreskuratuta, EH Bilduko Raul Lopez de Uralde izango da hurrengo alkatea, Ernesto Sainz Lanchares jeltzalea oposiziora bidalita.
EAJ, Dulantzin eta Burgun
Agurainen galdutako lidergoa Dulantziko alkatetza konkistatuz konpentsatu du EAJk, Noemi Aguirre Quintana zerrendaburuaren eskutik bi eserleku gehiago lortuta. Izan ere, 457 boto eta bost zinegotzirekin, jeltzaleek udalerriko lidergoa kendu diete DTI-AIA talde independenteari (438 boto eta lau zinegotzi), hiru agintaldiren ostean. Independenteen alkatetza mantentzeko aukera bakarra EH Bildurekin (203 boto eta bi zinegotzi) akordioa erdiestea litzateke.
Halaber, Burgun EAJ da nagusi, 160 boto eta bost zinegotzirekin, EH Bildu (49 boto eta zinegotzi bat) eta PPren (36 boto eta zinegotzi bat) aurretik. Natividad Lopez de Munain Alzola izango da alkatea.
EH Bilduko sei alkate
Agurainez gain, Iruraiz-Gaunan ere aldaketa eman da, bertan ere EH Bilduk alkatetza kendu baitio EAJri. 2019an jeltzaleak gailendu ziren boto eskas bateko aldearekin. Oraingoan, berriz, aldea bederatzi botokoa izan da subiranisten alde: 134 boto eta lau zinegotzi lortu ditu EH Bilduk; eta EAJk 125 boto eta hiru zinegotzi. Hortaz, gehiengoa lortuta, Iratxe del Barco Murua izango da alkatea.
Gainerako udalerrietan sorpresa gutxi izan dira, eta EH Bilduk azken urteetan sendo mantendutako lau alkatetzei eutsi die. Asparrenean, hirugarrenez, Txelo Auzmendik alkate izaten jarraituko du, EH Bilduk 479 boto eta bost zinegotzi lortuta, EAJk 352 boto eta lau zinegotzi izango dituen bitartean. Barrundian ere EH Bilduk nagusitasuna mantendu du, 265 boto eta bost zinegotzirekin, eta Igor Medina Isasa izango da berriz ere alkate, EAJk 121 boto eta bi eserleku lortu dituen bitartean.
Donemiliagan, EH Bilduko (199 boto eta lau zinegotzi) Erika Letamendik alkatetza berretsiko du, eta EAJk (122 boto eta hiru zinegotzi) oposizioan jarraituko du. Zalduondon, EH Bildu jaun eta jabe da, 75 botorekin udaleko zinegotzi guztiak (bost) bereganatuta; Lourdes Lekuona izango da alkate berria, Gustavo Fernando Fernandez Villateren lekukoa hartuta.
GRAFIKOAK
LAUTADA
Agurain
Asparrena
Barrundia
Burgu
Donemiliaga
Dulantzi
Iruraiz-Gauna
Zalduondo
|
|