Joan den ostegunean, abenduaren 1ean, Asparreneko Udalaren osoko bilkurak onartu egin zuen 2023rako aurrekontua: lau milioi euroko proiektu ekonomikoa (2022an baino 400.000 euro gehiago), eta, horrez gain, 1,9 milioi euroko inbertsio plan gehigarria.
Aurrekontuaren proiektu nagusien artean, konpostaje planta bat eraikitzeko obrak nabarmentzen dira. "Asparrenak konpromiso sendoa du klima aldaketaren aurkako borrokarekin. Horrela, efizientzia energetikoa hobetzeko, kontsumoa murrizteko eta energia berriztagarriak sortzeko hainbat inbertsio egin ondoren, aurten hondakinen kudeaketan zentratuko gara", azaldu du Txelo Auzmendi alkateak. EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak Madrilen lortutako akordioari esker, Estatuko aurrekontu orokorrek 700.000 euroko ekarpena egingo diote proiektuari.
Hala ere, inbertsiorik handiena, 800.000 euro baino gehiagokoa, Santsaerreka kalea eraberritzeko izango da. Obra horiek amaitu bitartean, Asparrenak Presalde kaleko beste bide bat urbanizatzeko proiektua landuko du. Uraren hornidura eta saneamenduko ohiko partida ere handitu egin du Udalak. Era berean, Marutegiko Gaztelua sustatzeko eta kontserbatzeko lanean ari den Uharka elkarteari zuzendutako 15.000 euroko partida bat ere onetsi dute.
2023ko aurrekontuak alde batera utzita, Asparrenak onetsitako inbertsio planaren barruan, bi proiektu nabarmentzen dira batez ere: 500.000 euro Arrazpi kiroldegia birgaitzeko obrak hasteko, eta beste 300.000 euro Herriko Plazan etxebizitza bat erosteko.